'DIE ERSTEN MENSCHEN'
Genesiko lehen gizakien arteko harremana du hizpide Die ersten Menschen operak. Garai hartako teoria psikoanalitikoen bideari segika, Otto Borngraber idazle alemaniarrak misterio erotikoa bi ekitaldietan azpititulua gehitu zion bere libretoari. Izan ere, itzalak baino ez dira ageri hermeneutika erlijiosoak gizadiaren sorrerak sortzen dituen galderei aurre egiten dienean. Adam eta Eva zeuden hasieran, eta bi seme izan zituzten: Kain eta Abel; Kainek bere anaia bekaizkeriaz akatu zuen, antza, Jainkoak Abel begiko zuelako. Ondorengo belaunaldien zerizana azaltzeko onartu beharreko intzestua zein pultsio sexual eta espiritualak miatzen ditu obra honek, argi esango dut, nahiko kaskarra den narrazioaren bidez. Baina hitzak musika indartsu, sakon eta adierazkor batekin konpentsatzen dira; horretarako, gakoa izan zen Treviñoren gidaritza, akaso eszenatokiaren atzean egoteagatik tarteka taulatik gehiegi aldentzen zela zirudien arren.
Eszenan nagusi izan ziren Bieitoren ekoizpenetan ohikoak diren bortizkeria fisiko eta sinboliko zein bakarlarien trataera psikologiko sakona, plano zenitalei esker irudi beteak eta gogorrak sortuz. Horiek, noski, esanahi multidimentsionala dute lehen gizakien historian: erlijiosoa, kulturala, psikologikoa; peluxezko bildotsaren odolezko sakrifizioak, esaterako, modu harrigarrian irudikatu zuen espiritualtasunaren eta heriotzaren arteko lotura.
Pertsonaien psikea hain garrantzitsua den honetan, Schmutzhardek egindako lana nabarmenduko nuke: amaren eta jainkoaren abandonuak jota, bere bulkada primitibo eta beharrezkoenak asetzeko irrikaz, une oro emisio garbi eta biziaz, fisikoki oso exijentea zen Kain bikaina eraiki zuen. Neal bikain, ahotsean eta eszenan sendo. Dasch txundigarri interpretazioan, tesitura tenkatuta ere egonkor; Daszakek, jainkoa eta espiritua laudatzen dituen kadentzia ebatzi ezinik, sentsazio gazi-gozoa utzi zuen.
Izan gaitezen baikor: hasieran odola, jeloskortasuna eta desira geldiezinak izan baziren, ondoren hobera baino ezin da egin.