Donostiako 68. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Lehen amodioari begirada samur eta nostalgikoa bota dio Ozonek

'Été 85' filma aurkeztu du zuzendari frantsesak lehiara, Cannesko zigiluarekin. Bi neraberen arteko maitasun istorio udatiarra kontatzen du

Été 85 filmeko Benjamin Voisin aktorea, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2020ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Lagunaren belaontzian bakarrik itsasoratu da Alex, Normandiako kostaldean. Baina udako ekaitza lehertuko da, eta irauli egin zaio ontzia 16 urteko gazteari. Larrien dagoen unean agertuko da David, erreskaterako prest. Trebetasunez gobernatzen du bere ontzia 18 urteko mutil alaiak. Laguntasunetik maitasunera egingo du bien arteko harremanak azkar, lehen amodioaren grinez. Baina ez dute harreman hori modu berean biziko. Maitasuna ulertzeko bi era aurrez aurre jarri baititu Été 85 filmean François Ozonek. Samurtasunez eta nostalgiaz begiratu dio bi nerabeen arteko istorioari zinemagile frantziarrak. Cannesko jaialdiak hautatu zuen filma, eta Sail Ofizialeko lehian sartu Zinemaldiak. Kursaalen txaloak jo zizkioten atzoko emanaldian.

Aidan Chambersen Dance On My Grave nobelaren egokitzapena da filma. 17 urte zituela irakurri zuen Ozonek liburua, 1985ean. Hiru hamarkada igarota berrirakurri zuenean, testua pantailara eramatea erabaki zuen. «Lehen gertuegi sentitzen nintzen pertsonaiengandik, distantzia behar nuen. Orain, 50 urtetik gora ditut, eta samurtasun gehiago ere bai. Orduan egin izan banu, film bortitzagoa izango zen», azaldu zuen zuzendariak, Kursaaleko prentsa aretoko pantailaren bestaldetik. Zinemaldian hainbatetan izan da Ozon —Dans la maison (2012) filmarekin Urrezko Maskorra irabazi zuen—, baina osasun krisiaren ondorioz, aurten ezin izan du Donostian egon. Arrazoi beragatik, pantaila berean ageri zen filmeko bi aktore protagonistetako bat ere, Felix Lefebvre; aretoan zen bestea, Benjamin Voisin.

Grace à Dieu (2018) lan gogorra zuzendu ondotik, «zerbait arinagoa» egiteko beharra zuela azaldu zuen zuzendariak, eta orduan oroitu zela Chambersen nobelaz. «Berrirakurtzean jabetu nintzen nire zineman beti agertu izan ditudan gai asko biltzen zituela, eta une egokia iruditu zitzaidan egokitzapena egiteko, liburuarekiko nahiko leiala dena». Edonola ere, igarotako denborak eta helduaren begiradak beste ezaugarri batzuk gehitu zizkioten irakurketari. Nostalgia, tartean. «Nostalgiaren sentipena oso gertukoa zaigu orain, pandemiarengatik; 80ko urteak zorionekoak begitantzen zaizkigu orain, noranahi joan, elkarri muxu eman, eta normaltasunez gozatu ahal genuelako».

Gai ugari ukitu arren, maitasuna da istorioaren ardatza, eta soiltasunez landu nahi zuen Ozonek. «Liburutik gehien gustatu zitzaidana izan zen ez zuela homosexualitatea problematizatzen; soilki maitasun istorio bat zen. Gaia ez zen hori, baizik eta aurrez aurre jartzea maitasunaren bi kontzeptu, doinu berean dantzatzen ez diren bi pertsonaia».

Eta doinu horien artean, gazte garaian kuttunak zituen hainbat kantu sartu nahi izan zituen zinemagileak. Tartean, The Cure taldearen In Between Days, 1985. urtekoa. Abesti hori soinu bandan egotea hain zen garrantzitsua Ozonentzat, pelikulari hasierako izenburua aldatu ziola —1984ko uda behar zuen—, Robert Smithen baimena lortzearren. «Plazera izan da garai eta doinu horietara itzultzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.