Lehen aldikoz, Xaretan pastoral bat emanen dute: 'Maddiren trajeria'

Zugarramurdiko leizeetan izango dira emanaldiak, urriaren 16an eta 17an. Maddi neska gaztearen kondaira oinarri hartu dute, eta Xaretako historian txertatu

Marilys Dagerre, Gerardo Mungia, Eukene Xurio, Juan Migel Olaizola, Pantxika Urruti eta Xabier Yaben, Maddiren trajeria pastorala aurkezten ari. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ainize Madariaga
Zugarramurdi
2022ko apirilaren 22a
00:00
Entzun

«Maddiren trajeria kondaira bat da: izugarri handitu zait desafioa. Boz eta postura hutsez publikoari emozioak pasarazteko gai izan behar naiz, pastoral orok manatzen duen bezala. Baina, gainera, mozorrorik gabe adierazi behar dugu zein animalia garen bakoitza», erran du Pantxika Urruti Maddiren trajeria pastoraleko errejentak. Zugarramurdin (Nafarroa) emanen dute pastorala, urriaren 15an eta 16an, aroak eta azpiegiturak bide ematen badute, leizeetan.

 

Benito Lertxundik kantatzen dituen bertsoak Piarres Lafittek bildu zituen, eta, horietatik partituz, aldi honetan, pastorala idatzi du Gerardo Mungiak. Karmen Etxalarkoa egin zuen bezala 2017an: «Ohartu nintzen ez dela bakarrik Eskandinaviatik Iberiar penintsularaino ezaguna, baizik eta mundu osoan: Afrikan bada, adibidez, gizon-lehoia, edo Australian, gizon-marrazoa... Haragitze bilakatze kontu horrek amesteko aukera ematen du; beraz, erraza izan zait irudikatzea istorio hau». Berez, Maddi neska gaztearen istorioa kontatzen da: «Behin batean, ez dakigu nola, sorginen bidean, neska gazte bat oreina bilakatu zen. Tragedia gertatuko da, Jakes neba ehiztariaren zakurrek hilen baitute», kontatu du Mungiak. «Ezaguna» den kondaira horri bere ukitua eman dio idazleak: «Nerabezarotik gaztarorako pausoa bezala ikusi dut oreina bilakatze hori. Haurrek ehiza tradizionalaz duten ikusmoldea ere sartu dut, Maddiren oihaneko lagun-pizti berriak eta euskal mitologiako pertsonaiak sartuz».

Lafittek ediren bai, baina aurkikuntza horren nondik norakoak bere baitan atxiki zituen, sekula salatu gabe nork zituen euskarazko ele horiek izkiriatu: «1963an agertu ziren bertsoak Herria aldizkarian, baxenafarreraz. Baina gehiagorik ez dakigu», argitu du Mungiak.

Urrutik azpimarratu du edozein pastoralek bete beharreko kode «zorrotzak» oro betetzen dituela honek: borta gorritik etsaiak sartu eta aterako dira; urdinetik, protagonista eta herritarrak; eta, erdiko zuritik, elizgizon eta artzainak. Baina, idazleak ez zuenez «gaiztorik» ikusten, Urrutirekin batera kondaira egokitu dute Xaretako historian oinarrituz: «Bertso zahar hauetan ez ditut bereizten ongia eta gaizkia. Beraz, asmatu behar izan ditut: Xaretako historiaz baliatu naiz horretarako; bertatik pasatu diren gizon kriminal horiek eman dizkidate gorriak», erran du Mungiak. Borta gorritik, beraz, bertzeak bertze, Juan Valle Alvarado, Aymeric Picaud, De Lancre eta jauntxoak pasatuko dira. «Satanekin batean jin baitira bazterren nahasterat», gehitu du Urrutik.

Mungiaren adiskide «bihurriak», Xabier Yabenek, aterarazi zion izkiriaturikoa tiraderatik: «Iruditu zitzaidan Maddiren trajeria Xaretan egitea ona izan zitekeela, lau herrien arteko harreman historikoari begira. Izan ere, orain daukatena baino handiagoa zen lehen. Lehenbiziko unetik ongi hartu zuten. Lan ikaragarria da hau; ez da erraza, baina Pantxika Urrutiren esku pean uste dut ederra aterako dela».

Errejentak, hain xuxen ere, koordinazio lan mardula du burutzekoa: testua, musika, dantza, kantua eta dendarien lana josi behar baititu. Alor bakoitzak badu bere arduraduna: Patrick Calvet hamar musikariena da; Arno Izal eta Pierre Goya dantzarienak dira; Marylis Dagerre kantu eramailea da; eta Beronika Ondikola, hamar dendariena.

Begi bistakoa da, beraz, pastoralak agertokiaren gibelean duen auzolan ikusezina. Arizaleak 60-70 badira ere, Juan Migel Olaizola zugarramurdiarrak azpimarratu du ehun bat direla orotarat. Hastapenetik proiektuaren kide da: «Kasik konturatu gabe sartu naiz muineraino. 'Ez dut sobera lan nahi', erran banuen, orduan eta gehiago sartu nintzen! Beharrik laguntzaileak badirela; talde koxkorra da. Kote Agerrerekin batera aritzen gara azpiegitura lanetan». Arizalea ere bada, Otto Peioren eta Gartxoten roletan hiru bertset botako baititu. Arras interesgarria egin zaio Urrutiren egin moldea, bakar batzuek lan zama handia hartzeko partez, eta bertze batzuek guti, banatu egin baitu: «Denek pixka bat denetarik» eginez, sujetak kendurik.

Eukene Xurio herritarrak ere bere burua katramilatu du kasik ustekabean: «Etorri zirelarik argi nuen hau ez zela posible. Baina gero hasi zirelarik erraten Xaretan izanen zela, jende gehiagorekin... Azkenean batek eramaten zaitu bertzerat, eta halako batean zeure burua ikusten duzu saltsaren erdian, eta tira, aitzina! Hori Pantxikari eta dantza eramaileari esker da, beti baikor baitira! Ibilki gara dantzak entseatzen astean bi aldiz, berde-berdea da hau!».

Olaizolak eta Xuriok, Yabenek bezala, aitzinerat ekarri dituzte pastoralak herriari dakarzkion onurak; mugari muzin eginez, Xaretako lau herrien arteko harreman naturalaren arra-pizle baita: «Ongi ikusten dut, honek lotu baititu Xaretako herriak, euskaraz, bertako hizkuntza baita, eta euskarazko proiektuaren inguruan; aberasgarria da. Lagunen arteko zerbait da azkenean; mustraken egunetan bazkaltzen dugu elkarrekin... anitz irabazten dugu», erran du, irriz, Xuriok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.