LEGENDA BAT HANDITZEKO GOGOZ

Aurten hiru pastoralen urtea izan da: Akitaniako Alienor, fabriketako langileen borroka eta Euskal Herriko buhameak izan dituzte aipagai. Zergatik pastoral bat egiten den, zerk egiten duen pastoral, nola egin tradizioarekin... halako galderak jorratu berri dituzte obra horien hiruren egileek Baionan.

Akitaniako Alienor tragediako irudi bat; apirilean eman zuten, pazko garaian, lehenagoko egutegian hala egiten zela. ALLANDE SOKARROS.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2014ko urriaren 12a
00:00
Entzun
P astoralek badute «magia» bat, Jean Mixel Bedaxagar pastoral egilearen hitza berrerabiliz. Zaleek horretan ez dute dudatzen. Baina, haatik, zerk egiten ote du magia hori? Hori esplikatzea zailago da. Hiru pastoralen urtea da aurtengoa. Eta hirurez aritu ziren herenegun, hain justu, Baionako mediatekan, Irakur ekinbidearen harira.

Hor zegoen Bedaxagar, beraz, Akitaniako Alienor tragedia idatzi eta taularatu duena. Apirilean eman zuten pastoral hori, Maulen, hainbat herritatik bilduz arizale, kantari eta dantzariak. Berrogei urtez jaso esperientziari esker, berak bizi izan pastoraletako «magia» hori nolabait berriz taularatzea zuen xede Bedaxagarrek. Azken urteetan nagusitzen ari den kopuru handiko jokalarien pastorala baino, adibidez, arizale gutxiagora mugatuz. Bedaxagarrek ondoan zuen Itxaro Borda, Gerezien denbora pastoralaren egilea. Pastoral hori Baionan bildu arizale andana batek du muntatu. Hiri pastorala auto-izendatu dute. Aurki Bilbon ematekoa dute.

Azken solaskidea Pier-Paul Berzaitz izan dute. Ni, Petti Buhamea-ren idazlea. Garindaineko herriak eman du pastoral hori, udan. Herri osoa elkartuz, azken urteetako ohiko usaiatik. Atzo eman beharra zutena Donostian. Eta, solasa borobiltzeko, Luzien Etxezaharreta moderatzaile eta Jean Louis Davant pastoral idazlearen zenbait gogoeta. Gerezien denbora-ren kasuan, «egiazko pastorala» izan dela baieztatu du Davantek, nahiz eta Zuberoatik urrun egina izan, ez baita halakorik egiten den lehen aldia. «Lege nagusiak errespetatzen ditu». Hasteko, pastoralak «epopeia» izan behar duela deritzo Davantek, «epikoa». Bordak, preseski, azaldu du hori nahi izan diola ekarri Baiona, Tarnos, Bokaleren langilegoari, pastoralaren hautua esplikatzerakoan. Haren iduriko, «euskaldunak ez du maite langilea». Ondorioz, paradoxa horren aitzinean, pastoralaren bidez langilegoaren historia kontatzeak, haren epopeia kontatzeak «handitasun bat, epika bat» ematen dio, «legenda bat» balitz bezala. «Gerezien denbora-n ikusten da langilea pataskatzen, gogoetatzen, eskualde batetik bestera pasatzen...». Haatik, pastoraletan usu agertzen bada pertsonaia baten bizia, sortzetik hiltzera, Gerezien denbora-n kolektibo bat da irudikatzen.

Pastoralaren beste ezaugarri bat «ongiaren eta txarraren arteko guduka bat» dela berretsi du Bedaxagarrek,«lur honetako populu guztiek beren maneran erabili dutena». Ongiaren eta gaizkiaren borroka hori beharrezkotzat ikusten dute aurtengo hiru autoreek. Azkenean hortik sortzen da gatazka. Pastoralaren kasuan, «bihurgune handi bat» hartu zuela gogoratu du Bedaxagarrek, Vienako setiatzean (1683): «Noiz eta agertu baitira turkoak kiristien kontra. Kiristiak garaitu ziren, eta beldur handi bat mendebalde guzian kurritu zen. Adibidez, Zuberoan, haize basa bat jiten delarik, erraten dugu, gauaz edo egunez: 'Atzoko bahometak bordahegatza eraman digu'. Bahometa ez ote da Mahomet? Ikusteko lotsa kolektibo bat nola sartu den tragedietan».

Denborarekin dualtasun hori doi bat giristinotasunetik urrundurik ikus daitekeela deritzo Berzaitzek: «Alde batetik, sentimendu ona, amodioz egin gauzak, eta, bestaldetik, gauza okerragoak. Eta erdian oreka, giristino izan ala ez, nondik nahi den ikusi». Ontsa zaio «dikotomia hori» Berzaitzi, «westernean bezala».

Pastoralez pastoral, nola gauzak aldatzen diren ere izan dute aipagaia. Eta, bide batez, mugak non diren, komedia musikal bati begira, adibidez. Hasteko, gauzen mugimendua ezin dela ukatu erranez aritu da Berzaitz. «Herri batek egiten du. Hor diren jendeek badute beren bizia, unibertsitatean ari, irakasle, laborari, ekartzen dute beren esperientzia. Beren erreferentzia kulturalak badituzte. Telebista denek ikusten dute». Erran du horrek ere egiten duela pastoral baten aberastasuna, baina, aldi berean, joera bat azpimarratu du, azken hogei urteotan ikusten duena: nola herri bakoitzak bere berritasuna ekarri nahi duen. Garindainen hala gertatu da aurten: «Nahi zuten zerbait egin besteek ez dutena egin. Haientzat garrantzitsua zen. Ez zen ene nahia, baina haiena bai. Ontsa dea? Gaizki dea? Ez dakit, baina ikusten dut hola dela».

Akitaniako Alienor tragediarekin Bedaxagarrek, arizale kopuru mugatuarekin aritzeaz gain, beste xede batzuk ere erakutsi nahi zituen. Kantuarena, adibidez. A cappella kantatzearen edertasunaz jabearazi nahi zuen: «Gure antzinako kantuak segiaraztea». Galtzeko arriskua sentitzen baitu azkarki. Eta poz handiz bizi izan du pastoralaren karietara kantariak kantu horien «ñabardurez» jabetu nahian ikustea.

Ñabardura horiek, haatik, esplikazio zehatzik gabe ere zituzten integratzen; «neskek bazekiten», neskak baitziren pastoraleko arizaleak. «Bada magia bat erraten ahal ez dena». Beti magia hori, hortaz... Beharbada, giltzetako bat izan liteke intonazio anbiguoa izendatzen diren nota horiek, kantatzeko molde tradizionalean atxiki direnak, nota konbentzionalen arteketan direnak.

Hasteko, transmisioa berez egiten dela ikusten du Bedaxagarrek: «Semeak aitari behatzez. Nik dantza ikasi dut; musika entzun dut amaren sabelean nintzelarik». Dantzentzat ere, gauza esplikagaitza egiten zaio.

Halere, Berzaitz, adibidez, ez doa erdibidetik: «Zuberotarrek eman diote pastoralari bere noblezia». Ez du ikusten posible mementoko beste norbaitek eman dezan «hainbeste duintasun». «Zuberotarren kasuan oso egokia dugu. Bai espazio aldetik, bai gure hizkuntza mota hori, bai gure dantzak, bai satanen dantza hori». Ez du ukatzen Gerezien denbora pastoral bat dela, «baina ez da zuberotarrena bezala. Ez du ber nortasuna. Zuberoak badu zerbait berezi. Ez da ederrago edo hobe, beste zerbait da».

Ez ditaike kasualitatea Gerezien denbora-ko satanak eta dantzariak kasik guztiak zuberotarrak izatea. Horietako bi, gainera, koreografia lanetan arituak, Jean-Pierra Rekalt pastoral errejentaren alabak, Maddalen eta Xantiana Rekalt. Errejenta bezala usu lan egin du Rekaltek, eta harengana jo zuen Beñat Axiarik, Gerezien denbora-ko errejentak.

Halere, ez dela gauza genetiko bat, horrekin ados da Bedaxagar. Baina hori Berzaitzi ere zaila zaio: «Gauza gauzaren barnean da». Ez dela aztertzerik: «Erantzuna hori litzateke: ikusten dugu nola haurrek maite duten pastorala. Familiak jiten dira haurrekin. Denei egiten diegu makila. Eta nola gustuki sartzen diren. Hor uste dut badela magia hori, haur direnetik hartzen dutena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.