‘La reina de la belleza de Leenane’
Egilea: Martin McDonagh. Moldaketa: Bernardo Sanchez. Zuzendaritza: Juan Echanove. Eszenografia eta jantziak: Ana Garay. Musika eta soinu espazioa: Orestes Gas. Argiak: David Picazo. Antzezleak: Alberto Fraga, Maria Galiana, Javier Mora, Lucia Quintana. Lekua: Iruñeko Gaiarre antzokia. Eguna: Urtarrilak 26.
2010ean ikusi genuen Barakaldo antzokian La reina de la belleza de Leenane antzezlana, Madrilgo Teatro de la Abadiaren ekoizpenarekin eta Mario Gasen zuzendaritzapean. Gogoan dut rol protagonista jokatzen zuen Vicky Peña malkoei eutsi ezinik irten zela agurtzera txaloen orduan, haren antzezpenak berarengan eta gu-guztiongan eragindako emozioa zela eta. Hortaz, obra bera Iruñeko Gaiarre antzokian emango zutela jakitean berehala piztu zitzaidan berriz ere ikusteko nahia.
Hasteko eta behin, esan beharra dago Martin McDonagh ingeles-irlandar idazlearen lehen obrak maisulan izateko baldintza guztiak betetzen dituela. Askok sailkatzen dute krudeltasunaren antzerkiaren arloan, egileak gero jorratu zuen in-yer-face delako estiloa dela eta, baina nik nahiago dut pentsatu testu hau korronte hain markatu horretan sartu baino lehen sortu izanak eman dizkiola benetako transzendentzia eta unibertsaltasuna, eta aiseago sailkatuko nuke Arthur Millerren ildoko estatubatuar antzerki psikologistaren estiloan.
Argumentuari begira, Maureen emakume heldua ama ozpindu eta berekoiaz arduratu da bizitza osoan Irlandako etxalde pobretu eta malapartatu batean. Hala ere, hurbileko herrian gizon bat maiteminduko da berarekin, eta hortik aurrera beren rola jokatuko dute komunikazio zailtasunek, ama zaharraren jukutriek eta egileak maukan gordetako kartek, Maureenengan sortutako esperantza izpiak zulora bideratu arte. Egileak, gainera, trebetasun handiz txertatu zituen trama erromantikoan irlandar gizartearen gaitz endemikoak, hala nola gaelikoarekiko estimu baxua, pobrezia kronikoa, sakon errotutako aurrejuzguak eta ingelesengandik jasotako mespretxua eta irainak.
Oraingo eszenaratzeak Bernardo Sanchez delako baten moldaketa jaso du —zertarako, ordea?— eta Juan Echanove famatuak zuzendu du. Espainiar aktoreak, ordea, oso diseinu basikoa eman die pertsonaiei, beren azaleko ezaugarrietan zentratuz —amaren izaera jasangaitza, Maureenen ateraldi zatarrak, Ray anaia gaztearen manera makarrak...— eta testuaren sakontasuna eta dentsitatea alboan utziz. Bestetik, eremu eszenikoaren diseinuak lekuz kanpo egotearen marka guztiak gainditu ditu bere itxura ultramodernoarekin, eta sano ezeztatu du etxalde hartako egoera pobretu eta isolatuaren sinesgarritasuna. Eta horretaz ari bagara, ez da batere ongi ezkondu Maria Galianaren andaluziar-espainiar azentua ustezko irlandar hiztun batenarekin. Baina kontu horiek txikikeriak baino ez dira beren burua zentraltzat jo eta besteena probintzianotzat hartzen dutenentzat.