Gaurko egunez duela 1.187 urte izan zen Halley kometa inoizko hurbilen Lurretik, Britannica entziklopediaren arabera: sei milioi kilometrora. Inork ikusiko zuen begiz akaso, baina ez da bizi kontatzeko. Egun horretatik aitzinera ere, kometa hainbatetan hurbildu da Lurrera ikusgai izateko adina. 75 bat urtean behin gerturatu ohi da hala; 1986an izan zuen azken aldia, eta esana da 2061erako duela hitzartua hurrengo bisita. Ordura arte luzatuko da, hortaz, itxaronaldia, are aldi bat. Halley bizitzan lehenbiziko aldiz ikusteko zain dira 1986az geroztik sortu direnak, eta ez lukete nahi haren iritsierak inon hesiturik harrapatzea. Zer gerta ere, kanpoan behar dute, eta besteak beste hori nahi du irudikatu Led Silhouette dantza konpainiaren Halley obra berriak: belaunaldi bat aterabide bila, garaiko estutasunetatik ihesi, baina esperantza izpiei so. Haien arbasoak inoiz ariko ziren gisa berean. Ostiralean estreinatuko dute lana, Iruñeko Gaiarren.
Martxel Rodriguezek eta Jon Lopezek ondu dute ikuskizuna —koreografia sortu eta zuzendu—, eta zortzi dantzari dira interpreteak. «Kometa ikusteko aukerarik izan ez dutenen belaunaldiko zortzi gorputz», zehaztu du Rodriguezek, eta obraren oinarrian dagoen ideia nabarmendu atzera ere. 1990ean jaioa izaki, bera ere bada belaunaldi horretakoa, eta, dioenez, horrek badakar ziurgabetasun bat. «Ez dakigu ez gu izanen garen kometa ikusteko moduan, ez eta biziko dugun munduan posible izanen den halakorik». Edonola ere, zuzendariaren iritziz, Halleyrena helduleku bat da, finean, garaien joana eta haien «ziklikotasuna» agerian uztekoa, batik bat. «Ez baikara hain bereziak ere, dena da ziklikoa», erantsi du Lopezek.
Iruñean eginiko aurkezpenean mintzatu dira prentsaren aurrean bi zuzendariak, bai eta dantzarietako bi ere, eta ikuskizunaren puska bat ere taularatu dute aurrez zortzi dantzariek. Hala, bistaratu dituzte, dantza tankerak ez ezik, eszenaratzea osatzen duten elementuak ere: hala nola zementuzko horma bat agertokiaren alde banatan, alarma itxurako gailu gorri bat, monitore txiki bat. Rodriguezek esplikatu duenez, ez da argi zer den irudikatzen den espazioa, izan baitezake kartzela baten kutsua, baina baita ihes gela batena ere. «Argi dagoena da bertan direnek ados jarri behar dutela ihesbidea aurkitzeko, eta, egia erran, mezu hori zabalago ere erabil liteke, esanez bezala: 'Elkarrekin antolatzen ez bagara nolabait, nekez egiten ahalko dugu aurrera'».
«Dantzariek ados jarri behar dute ihesbidea aurkitzeko, eta mezu hori zabalago ere erabil liteke, esanez bezala: 'Elkarrekin antolatzen ez bagara, nekez egiten ahalko dugu aurrera'».MARTXEL RODRIGUEZ Led Silhouette konpainiako kidea
Talde gisa jardutearen garrantzia bista-bistakoa da koreografian ere. Ikuskizunak iraun bitartean —ordubetekoa da—, zortzi dantzariak beti dira agertokian, agerian. Hauek dira, zehazki: Katalin Arana, Lucia Burguete, Marina Fullana, Laura Lliteras, Marcos Martincano, Nicolas Martinez, Edoarte Ramirez eta Diego Pazo. «Dena dela, denek dute propio nabarmentzeko tartea uneren batean», zehaztu du Rodriguezek.
Frustrazioa eta nekea
Sakon, bi zuzendariek antzeko azaldu dute agertokiko bi paretek iradokitzen dutena. Diotenez, eremu itxi batek sortzen duen giro itoak eta murruen «pisuak» ederki irudikatzen dituzte belaunaldi baten frustrazioak, borrokak eta ametsak, bai eta «denboraren mugak» ere. «Dantzariek nahi dituzte murru horiek gainditu, eta nahi dute hurrengo pantailara pasatu», esan du Rodriguezek, eta segidan garatu du azalpena Lopezek: «Kontua da alferrik dela pentsatzea gure arazoak soilik gure belaunaldikoenak direla. Nolabait esateko, aurreko pantailetan zirenek ere bizi dituzte halakoak». Eszenaratzearen bidez ere irudikatu dute horretaz ohartzeak dakarrena: obrak aurrera egin ahala, murruak ez dira hain sendo eta geldoak.
Dantza garaikidearen askotariko estiloak uztartu dituzte zuzendariek obran, eta, gainera, biek sumatzen dute beren «jatorrizko mugimenduetara» itzuli direla, nolabait. Halley-ren aurretik, Los Perros izan da Rodriguezen eta Lopezen azken lana, baina horretan dantzari izan ziren, Marcos Morauren gidaritzapean —Halley-n, Morauk dramaturgian lagundu die—. «Oraingo hau diferentea da, propio gurea», onartu du Lopezek. «Ez dakit esaten zein den gure zigilua, baina bai aritzen garela dualtasunean, estilo guztietan barna sigi-sagan, eta, kasu honetan, interesatu zaigu horiek guztiak ikuskizunaren parte diferenteetan irudikatzea».
Lopezek azaldu duenez, adibidez, lehenbiziko partean nabarmena da mundu digitaletik hartutako inspirazioa, eta gorpuzkera hertsatuak ageri dira, urratuak kasik. Ondotik, obrak aurrera egin, eta irudikatzen da nekea gorputzetan, baretasuna, eta, azkenerako, «argia» sumatzen da. «Irudikatzen da belaunaldiak berezko duen berpizte hori, argitsua, eta ideia hori bada Led Silhouetten oso presente dugun zerbait. Bai mentalki, bai eta sormenari lotuta ere, gustatzen zaigu pentsatzea denak dakarrela hasiera berri bat». Anekdota bat ere kontatu dute zuzendariek, «berpizte» eta «ilusio» horiekin lotua: joan den abendutik, Halley kometa Lurrera bueltako bidean da jadanik.
Bertigoa arintzea
Zertarako ahalegindu disimulatzen: pozarren dira ikuskizunarekin. Batetik, bai Rodriguezek eta bai Lopezek aitortu dute «ilusioz beterik» direla Gaiarren estreinatuko dutelako, Nafarroan bertan. Konpainia Lesakan (Nafarroa) dago kokatua sorreratik —2016an abiatu zuten—. Gainera, estreinaldia ez ezik, dagoeneko lotuak dituzte beste hainbat emanaldi ere, Euskal Herrian eta atzerrian, eta onartu dute horrek «segurtasun» sentsazioa eragin diela, pozaz apartekoa. «Batzuetan, estreinaldira iristen zara soilik emanaldi pare bat lotuta, eta dagoeneko gehiago ere badirela ikusteak laguntzen dizu bertigo hori kentzen», azaldu du Rodriguezek. Adibidez, apirilerako emanaldi hauek iragarri dituzte: hilaren 17an Dansa Valencia jaialdian izanen dira, Valentziako Rialto teatroan (Herrialde Katalanak); eta 25ean, Bilboko Azkuna zentroan.