Laztan diren leihoak

Donostiako Viktoria Eugenia antzokia beterik zegoela, harrera beroa jaso du 'Barrura begiratzeko leihoak' filmak laguntzaileentzat egindako bi emanaldi pribatuetan. Bost zuzendariak txaloka agurtu ditu publikoak, zutituta.

Eneko Olasagasti, Enara Goikoetxea, Mireia Gabilondo, Txaber Larreategi eta Josu Martinez, filma aurkezten, oholtza gainean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2012ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Joseba Sarrionandiak Mundua begiratzeko leihoak poeman esandakoa gogoratu zuen herenegun Josu Martinezek, Barrura begiratzeko leihoak filma aurkeztean: «Leihoak gillotinak dira», parafraseatu zuen zinemagileak poeta. «Ez begiratu leihoetatik, burua moztu ahal zaizuelako». Filmaren bost zuzendariek «beste aldetik» begiratu diete leihoei, Martinezek esan zuenez. «Barrura begiratzeko leihoak egin ditugu, eta saiatu gara ez daitezen gillotinak izan, laztan bat baizik. Uste dugu leihoek ez dutela inoiz gillotina izan behar».

Finantzaketan nahiz filmaketa lanetan lagundu duten guztientzat, Barrura begiratzeko leihoak filmaren bi emanaldi pribatu antolatu zituen Zinez ekoiztetxeak, eta Donostiako Viktoria Eugenia antzokia bete zuten ikusleek —haien artean euskal kulturaren munduko jende ezaguna—, zutitu, eta txalo zaparrada batez agurtu zituzten filmaren bost zuzendariak bi saioen ondoren.

Hala ekoiztetxeko arduradunek nola filmaren zuzendariek Barrura begiratzeko leihoak Donostiako Zinemaldian estreinatzeko esperantza zuten, baina jaialdiko hautaketa batzordeak aukeratuen zerrendatik kanpo utzi du. Herenegun filma ikusi zutenen arteko solasaldietan ados agertzen ziren denak: oso zaila da sinestea kalitate faltak utzi duela Barrura begiratzeko leihoak Zinemalditik at; presio politikoekiko beldurrak baino ezin dezake azaldu erabakia. Trilogia bereko beste bi filmek—Josu Martinez eta Txaber Larreategiren Itsasoaren alaba eta Sagarren denbora— Zinemaldian izateko iragan beharreko galbahea gainditu zuten, eta nekez jo daiteke Barrura begiratzeko leihoak haiek baino interes edo kalitate gutxiagokotzat.

Hiru preso eta bi preso ohi dira filmeko protagonistak. Haien kasuak kontatzen dira banan-banan, haien eta haiengandik gertu daudenen bizitzak eta esperientziak jasoz, kartzelaldiaren giza drama kontatzeko ahaleginean, baina umoreari eta samurtasunari tarte handia eskainiz; motibazio ideologikoak eta iritzi politikoak, berriz, apenas agertu ere egiten diren. Atal bakoitzak zuzendari bat du, eta guztiak Titika Rekaltek off-eko ahotsez irakurritako testu batek lotzen ditu. Testuak gatazkaren berri ematen du, datu objektiboetan oinarrituta batik bat.

Aurreneko atalean, Josu Martinezek zuzenduta, Irati Tobarren kasua kontatzen da. Segiko kide izatea leporatuta, atxiloketaren zain dago lehen irudietan; gero preso sartzen dute. Preso jarraitzen zuen filma amaitu zenean, baina herenegun Viktoria Eugenia antzokian izan zen, duela gutxi askatu baitute.

Bigarren atalak Txaber Larreategi du zuzendari eta Jon Ugarte preso ohia protagonista. Lau seme-alabaren aita da Ugarte, baina, kartzelaldi luze baten ondorioz, soilik haien arteko txikiena ikusi ahal izan du bere ondoan hazten. Haur horrek erori eta mina hartzean «ama» esan beharrean «aita» esaten duela jakitean sentitu zuen poza azaltzen du Ugartek azken eszenan.

Gotzone Lopez de Luzuriagaren atalean, presentzia handia eman die Mireia Gabilondo zuzendariak etxekoek presoarekin izandako solasaldi telefonikoen grabazioei. Lopez de Luzuriagak minbizi bati egin behar izan dio aurre kartzelan, eta, horretarako, oso baldintza desegokiak izan ditu, Mati Iturralde medikuak filmean azaltzen duenez. Parot doktrina deituaren ondorioz jarraitzen du preso gaur egun Lopez de Luzuriagak.

Kartzelako gogoetak

Jexux Mari Zalakaini eskainitako atalean, presoak kartzelan bere bizitzaren inguruan egindako gogoetak ezagutarazten ditu, besteak beste,Enara Goikoetxea zuzendariak. Egin egunkariko Administrazio Kontseiluko kide izateagatik sartu zuten preso Zalakain.

Bosgarren eta azken atalean, Eneko Olasagasti zuzendariakMikel Albisu gaztetako adiskide mina bisitatzen du Fresnesko espetxean, Parisen. «Lagun zahar min baten bila egiten dudan bidaia da», azaldu zuen Olasagastik. «Mikel eta biok gauza askotan oso gertu egon gara, eta beste batzuetan, oso urrun. Saiatu naiz urruntasuna gertutasun bihurtzen. Uste dudalako bidaia horrek, nik neuk egin dudanak, baduela herri honek egin behar duenaren bidaiarekin antzik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.