Bertsolaritza

Lazkozek gainditu du testa

Eneko Lazkozek irabazi du Nafarroako txapelketako lehen finalerdia, eta Iruñeko finalean arituko da. Xabat Illarregi eta Erika Lagoma sailkatu dira segidan; azken puntuazioaren zain egon beharko dute

Eneko Lazkozek irabazi zuen saioa, eta zuzenean sailkatu da finalerako. IÑIGO URIZ / FOKU.
Hodei Iruretagoiena
Altsasu
2021eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Nafarroako Bertsolari Txapelketak badu lehen finalista: Eneko Lazkoz Martinez. Berak lortu du puntu gehien lehen finalerdian (489), eta Iruñean arituko da azaroaren 28an, beste zazpi bertsolarirekin batera. Sarrerak aurrez amaituta, goraino betea egon zen atzo Altsasuko (Nafarroa) Iortia kultur etxeko aretoa, 300 entzule ingururekin. Giroa ere bero nabari zen, eta, lehen agurretatik hasita, txalo zartada beroak jaso zituzten Fernando Anbustegi Goñiren esanetara aritu ziren bertsolariek.

Saioko irabazleak Eneko Fernandezen ordezko kantatu zuen atzo, hura osasun arazoekin baitzebilen. Bigarren abizena esatean aurkezlea nahasi zela eta, hari erreferentzia eginez hasi zuen saioa Lazkoz Martinezek, agurrean entzuleen lehen algarak eraginez. «Nahastu zara Lazkoz ta Fernandezen kontrastean / desberdin gara bertsotan, desberdin janztean (...) nere amaren herrian zuendako abestean / zuei hitzak isurtzean nik listua irenstean / emaitza positiboa nahi nuke gaurko testean».

Lazkozekin batera, saio txukuna egin zuen Xabat Illarregi Marzolek ere, eta, 465 puntu eskuratuta, finalera sartzeko moduan dagoela esan liteke. Berriozarko eta Leitzako puntuazioen zain geratu beharko du, dena den, gainerako bertsolarien gisan. Lehen bien atzetik, halaxe geratu zen sailkapena: Erika Lagoma Pombar (442), Ekhiñe Zapiain Arlegi (427), Endika Legarra Nuin (392) eta Oier Lakuntza Irigoien (388,5).

Zortziko nagusian baino, hortik aurrerakoetan egin zuen gora saioak, eta neurri txikian iritsi ziren ziztadarik onenak eta ofiziorik osoenak. Handian, Lagomak eta Illarregik gurasoen rolean egindakoa izan zen aipagarriena. Azkenaldian alabarekin eztabaida gogorrak izan dituzte, eta bi egun dira hura etxean falta dela. Gaiak egoera berean jarrita ere, postura ezberdina hartu zuten; kezkatuago agertu zen Lagoma, hotzago Illarregi. «Gauza bat argi dago, laztana, ez dugula ongi egin / edozer gauza emango nuke etxera etorri dedin», hasi zen Lagoma. «Etorri dedin nik ere emango nuke, bai, eta ez gutxi / baina ezingo diogu beti nahi duna egiten utzi».

Zortziko txikian, bertsolariek asmatu zuten kolpe politak jotzen. Ultratrail batean atera, eta elkarrekin egin dute bidea Lazkozek eta Lagomak. Iristen azkenak izan arren, Lagomak esprinta egin du helmugara heltzean. «Esprinean joanda oraintxe jo ta su / motelenen artean txapeldunena zu», zirikatu zuen Lazkozek laguna. Hark, erantzuna: «Motibazioren bat behar nun, ordea / oain badakit naizela zu baino hobea».

Legarrak eta Lakuntzak, aireportuan kafe bat hartzen hasi eta oporretara joateko hegaldia galdu dute. Shock egoeran geratu da Lakuntza, irriz Legarra. Egoerari punta ateratzen asmatu zuen azken hark: «Ahaztu Big-Ben ondoan bion argazkia / ta oroitu ordaindu dugun zenbakia / kafeana izan da bion erabakia / ta zuretzat izan da kafe ebakia». Lakuntzak, ordea, aurkitu zion aterabidea egoerari: «Londreseko bidaia guk orain galduta / goazen Berlinera Luftansa hartuta».

Illarregi euskara irakaslearen ahotik aritu zen zortziko txikian; Zapiain ikaslea, seigarren urtez jarraian, lehen mailako klasera hurbildu zaio. «Xabat, ez hartu gaizki hau, diot benetan / igual problema dago zure azalpenetan», egotzi zion Ekhiñe Zapiainek. «Honekin klasea ez da joanen arina», erantzun zion Illarregik, haren izenarekin hitz jokoa eginez: «Eta izenak ere belarriko mina / zure ezina ez da ekinez egina».

Bakarkako txukunak

Ofizio gustagarriak utzi zituzten guztiek hamarreko txikian ere. Anai-arreben rolean Lazkozek eta Zapiainek egindakoa, esaterako:etxean aspaldiko arbasoen gauzak gordeak dituztela eta, bota egin nahi lituzke Lazkozek; ez, ordea, Zapiainek. Guztiak salduko lituzkeela bota zion lehenak, eta erantzuna, bigarrenak: «Utzi zazu dirua, ez nago gustura / sentimendurik ere ez ote duzu ba?». Lazkozek, segidan: «Inork hustu ez eta etxea bete zen / orain saia gaitezke patrikak liraintzen / sentimenduak ez du sabelik betetzen».

Gai irekia izan zuten bakarkakoan, hiru bertso osatzeko: «Erreparoa ematen dizun arren, baietz erantzun diozu». Lagun argazkilari batek barruko arroparekin argazkiak egiteko proposatu diola kontatu du Lazkozek. «Tripa beteta pentsatzen hasi ta konbentziturik nago / erakusteko gutxi dut baina estaltzeko gutxiago».

Bakarkako lan txukunak utzi zituzten Illarregik, Zapiainek eta Lagomak ere. Bertso ibilbidean izandako erreparoak hartu zituen gaitzat azken hark. «Bertso eskolan gazte-gazterik, gazteegi beharbada» hasi zen gaia kokatuz, eta bigarren bertsoan, esplizituago: «Mutilek beti izaten zuten gogoa eta indarra / eta ni berriz kinkan negoen, sentitzen nuen dardarra». Hirugarrenean, gaiak aipatutako eskaerari helduta, errematea: «Nere laguna nere maisua beti iristen zen garaiz / ta Manoloren animo ozen hoiek entzuten nitun maiz (...) Erika, berriz kantatu zazu, gainera aurpegi alaiz / eta Manolok eskatzen badit oholtzara irtengo naiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.