Antzerki txikia, festibal handia. Lelo horrekin jarri zuten martxan Lautan Hiru formatu txikiko antzerki jaialdia Euskaltzaindiak eta Bilboko Zazpikaleetako hainbat eragilek —Cafe Bar Bilbaok, Bira Kulturguneak eta Zazpi Katu gaztetxeak—, eta, urterik urte, bere lekua finkatzen ari da egitasmoa, Bilboko Udalaren babesarekin. Seigarren aldira heldu da aurten; ostegunean abiatuko dute, eta hileko beste hiru eguenetarako ere antolatu dituzte saioak. Denera, zortzi ekitaldi eta bi irakurraldi eskainiko dituzte, eta espazio berri batera ere hedatuko dute egitasmoa: Askao kaleko La Sinsorga kulturgune feministara.
Ertz askotatik «antzerkiaren gorputzari» erreparatzea da jaialdiaren asmoa aurten. Hala, estreinako egunean, lehen gauza, gorputzaren adierazpen kontzientzia lantzeko tailer bat eskainiko dute Ainhoa Artetxek eta Itsaso Payak; eta, ondotik, Franca Ramek eta Dario Fok idatzitako Putaren bakarrizketa eroetxean eskainiko du Laura Penagosek. Hain justu, EHAZErekin batera antolatutako Ikusle Kluba antzezlan horren bueltan elkartuko da aurten; bezperan izango da hori, La Sinsorgan.
Bigarren ostegunean, hilaren 15ean, Iñigo Elosegik, Eneritz Sanchezek eta Iñaki Cidek Duzhe Dobre lan laburra eskainiko dute Biran, lehenik; eta Amaia Bonok Belarriprest erakutsiko du gero, Zazpi Katun.
Euskarazko antzerkiari plazak zabaltzeaz harago —xede horrekin abiatu zuten, besteak beste, Lautan Hiru—, euskarazko antzerki ekoizpena sustatzeko laguntza berri bat ere sortu zuen Euskaltzaindiak 2020an, eta Iruñeko La Piel konpainiak jaso du aurten, Beren izenez lanagatik. Bada, otsailaren 22an estreinatuko du, Kalderapekon; eta, egun berean, Telmo Iruretaren Goya non-stop bakarrizketa ere izango da Euskaltzaindian.
Hilaren 29an, azkenik, Cecilia Paganinik eta Gorka Gansok The Question pieza laburra eskainiko dute, Euskaltzaindian; eta Cafe Bar Bilbaon irakurketa dramatizatu bikoitzarekin itxiko da aurten jaialdia: Iñaki Ciden Arropa zuria-rekin eta Pantzo Hirigarairen Dolu-rekin.
Bonuak eta sarrerak eskuragai dira jada, Biran eta Cafe Bar Bilbaon —bonua erosten duten zaleen artean «opariak» zozkatuko dituzte astero—.
EGITARAUA
- Otsailak 8.
- Gorputzaren adierazpen kontzientzia lantzeko tailer performatibo eta parte-hartzailea. Ainhoa Artetxe eta Itsaso Paya (Euskaltzaindia, 19:00).
- Putaren bakarrizketa eroetxean.Laura Penagos (La Sinsorga, 20:15)
- Otsailak 15.
- Duzhe Dobre. Iñigo Elosegi, Eneritz Sanchez eta Iñaki Cid (Bira, 19:00).
- Belarriprest. Amaia Bono (Zazpi Katu, 20:00).
- Otsailak 22.
- Beren izenez. La Piel konpainia (Kalderapeko, 19:00).
- Goya non-stop. Telmo Irureta (Euskaltzaindia, 20:00).
- Otsailak 29.
- The Question. Cecilia Paganini eta Gorka Ganso (Euskaltzaindia, 19:00).
- Arropa zuria eta Dolu. Iñaki Cid eta Pantzo Hirigarai (Cafe Bar Bilbao, 20:00).