LIBURU AURRERAPENA

Lautadako mamua

XIX. mendearen bigarren erdian Araban izandako emakumeen hilketa sonatuak kokatu ditu Xabier Montoiak ‘Lautadako mamua’ (Elkar) bere azken nobelaren ardatzean. Hau da datorren astean aurkeztuko duen liburuaren hasiera.

Xabier Montoiaren 'Lautadako mamua' nobelaren azaleko irudia. IRUNE IZQUIERDO
Xabier Montoiaren 'Lautadako mamua' nobelaren azaleko irudia. IRUNE IZQUIERDO
Xabier Montoia
2024ko irailaren 7a
04:55
Entzun

Mamu bat, piztia bat omen dabil Arabako lautadan barrena. Bertako soro eta herrietan dabil, txima luzeak harrotzen dizkion haizea bezain arin, oinez ez, hegan egingo balu bezala. Hara eta hona dabil odol-egarri, eta sufre hatsa dario, infernuak bidalia delako seinale. Emakumeak korrika etxeratzen dira ilunabarrean, eta ez dute beste konturik aipatzen elizara edota lixiba jotzera biltzen direnean. Emazte infidelak eta neska txolinak eramaten omen ditu, haien bekatuen zigor. Izuturik du Araiatik Gasteizerainoko herrietako jendea. Aztoratuta, aitaren egin eta Jainkoari eskatzen diote babes. Baiki, deabrua libre dabil hemengo bazterretan, nahieran. Apaizek ere hala diote, apezpikuak oraindik ezer esan ez badu ere. Gauza batzuk agerikoak dira.

***

Ereintza sasoia zen. Horretan ziharduten egunabarretik ilunabarrera etenik gabe, salbu eta eguerdian, txapelak erantzita, angelusa esateko eta ondoren mokadu bat jateko gelditzen zirenean. Ildoei bezainbeste zeruari begiratzen zioten egun haietan, laino ilunen peskizan. Igandeetan ere jardun ohi zuten, erretoreak horretarako baimena emanda. Ordaindu beharreko baimena, jakina. Ilundu arte ez zuen lepotik zintzilik zeraman zakua kendu eta etxerako bidea hartu igande hartan, beraz. Azken hamahiru urteetan landu zuen lur zatia ondo ezagututa ere, kontuz ibili zen ildoen artean, lehenago zabaldutako haziak ez zapaltzeko ia jauzika. Alorren mugako lizarren gainean, gaua abaildua zen ordurako. Handik zetozkion noizbehinka hontzen deiak. Beltzuri, astiro zihoan etxe aldera, egun osoko nekea gainean, eta ez zuen ezer entzuten. Egun batzuk lehenagoko euriteak utzitako putzuak saihestuz zihoan, gero eta nabarmenagoa zen ilargia lagun. Badaezpada ere, halako batean gelditu, makurtu eta perkalezko galtzak jaso zituen ia belaunetaraino. Hala joan zen, ume batzuen ahotsek bere baitatik atera zuten arte. Jolasean ari ziren, oihuka, elkarri bultzaka eta borroka-itxurak egiten. Urte gutxi batzuk lehenagoko gerratea artean guztien oroimenean bizi-bizi, orduko bi aldeak berritzen zituzten umeek beren jolasean. Haien ahotsen oihartzunak lagundu zuen hiriko lehen etxeetaraino. Han, berriro gelditu eta galtzak behar bezala ipini zituen atzera. Txukuntasun ahaleginak gorabehera, lohiturik zituen barrenak. Gau beltza zen ordurako, eta etxeetan eta tabernetan argiak piztuta zeuden. Horietako batetik hots egin zioten.

Nora hoa?

Gelditu eta galdera etorri zitzaion aldera begiratu zuen. Tabernako atetik ari zitzaizkion.

Etxera.

Etxera?

Nekatuta nagok. Goizeko seietatik jardun diat lanean, baina zuek bezalako alprojek ez dakizue hori zer den.

Sosik ez xahutzearren hoa hi etxera, esan ezak egia, ez duk emazterik afaltzeko hire zain. Orain ez duk aitzakiarik.

Hiru seme-alaba ditiat oraindik.

Hori esanda, aurrera segitu zuen, tabernatik zetozkion ahotsei jaramonik egin gabe. Etxea handik hurbil zuen, harrizkoa eta bi solairukoa. Ukuilura joan zen zuzen, idi parea ikustera. Txuri eta Beltz zeritzaten, ez bata ez bestea kolore horietakoa ez izanagatik, gorrixkak baizik. Iratze lehorrak, lasto bustiak eta idien gorotzek osaturiko usain epel sarkorra aditu zuen atea zabaltzearekin batera.

Oi, oi, esan zuen idietariko baten muturra masail ondoan nabarituta. Ezker eskuaz baztertu zuen. Gero, begirada beherantz eraman zuen: azpiak eginak zituzten, behintzat. Ukuiluko bi ateetatik bat sukaldekoa zen. Hura zabaldu zuen, bestea, nagusia, ondo itxitakoan. Sukaldean gauzen anabasa bat aurkitu zuen. Denetarik. Piztuta zegoen suarena zen bertako argi bakarra. Bere hiru seme-alaben itzalak luzatzen ziren paretan gora. Sutondoan eserita zeuden, elkarren aldamenean. Ikusi zutenean, neska —hiruretatik gazteena— berehala hurbildu zitzaion.

Aita!

Besteak, mutilak biak, ez ziren mugitu. Alabatxoa ondoan zuelarik, sukaldearen buelta egin zuen begiradaz: plater, ontzi eta katilu zikinak, botila hutsak, hautsa bertako altzari zahar bakanetan pilaturik.

Hau kuxidadea, atera zitzaion hasperen luze baten ondoren.

Alaba neben ondora itzulitakoan, hauspoaren ondoko burdina hartu, erretzen ari ziren egurren artean sartu eta mugitu egin zituen, sua bizitze aldera. Seme-alabak begira zituen, mukiak sudurretik dilindan, ilea harroturik eta jantziak zikin-urratuak. Sugarrak sendotu zirenean, pertza urez bete eta laratzetik zintzilikatu zuen. Ura berotu bitartean, bazterrean zegoen zaku batetik patata batzuk atera zituen. Galtzetako eskuineko sakelatik, berriz, aizto bat, eta patatak zuritzeari lotu zitzaion. Aiztoak animalia baten adarraz egina zuen eskutokia. Patatak zuritutakoan, pertzera bota zituen, perrexila, gatz pixka bat eta zapi batean bildutako hirugiharrari kendu zion zatiarekin batera.

Kandido, hots egin zion semerik zaharrenari, hator nirekin. Eta zuek patatak zaindu, agindu zien beste biei.

Ukuilura joan ziren. Bazuten artean lanik egiteko bertan. Hauek ere afaldu behar ditek.

Idiek marru egin zuten, beren adostasuna agertu nahian bezala. Lastoa banatzen amaitu arte ez ziren sutondora itzuli. Galtzen eskuineko sakelatik aiztoa atera zuen atzera, pertzera hurreratu eta patata batean sartu zuen.

Pronto dago.

***

Zer esango diot nik berorri? Alargundu zen arte, behintzat, dena ondo zihoakion. Bost seme-alaba eduki zituzten, oraindik bizi diren hirurak eta tamalez hil ziren beste bi. Ondo samar bizi ziren. Lehenengo andreak etxeko lanei eta seme-alabei kontu egiten zien, eta senarra alorrez arduratzen zen. Behargin ona. Nekazari batek ezagutu beharreko guztiak ezagutzen zituen, eta abereekin ere moldatzen zen. Eguzkiarekin batera jaikitzen zen eta ilundu arte jarduten zuen lanean, igandean ez beste egun guztietan. Familia kristau bat osatzen zuten, familia txukun bat. Egia esan, inork ez zuen pentsatuko amaitu zuen lez amaituko zuenik. Inortxok ere ez.l

'LAUTADAKO MAMUA'

Egilea: Xabier Montoia.

Argitaletxea: Elkar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.