Zinema

Laurent Cantet zinemagile frantsesa hil da, 63 urterekin

Zinemagile engaiatuen etsenplu, arrazakeriari eta klasismoari heldu zien bere lanetan. 2018an Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiko ohorezko saria jaso zuen, bere ibilbide «ausart eta konprometituagatik».

Laurent Cantet
Laurent Cantet.
garbine ubeda goikoetxea
2024ko apirilaren 25a
20:22
Entzun

Zinemaren bidez, ahotsik gabekoei ahotsa emateko ahalegina egin zuen Laurent Cantetek (Melle, Frantzia, 1961 - Paris, 2024). Harentzat, filmetan gai sozialei heltzeak ez zuen apartekotasunik, hori zuelako egunerokoan ere, munduaren eta bizitzaren ikuskera.

Entre les murs —gaztelaniaz La clase— filmari esker Canneseko festibaleko Urrezko Palma irabazi zuen 2008an, eta horrek sona handia eman zion munduan. Parisko bazter auzo bateko institutu batean frantses hizkuntza erakusten duen irakasle baten gorabeherak kontatzen ditu filmak. François Begadeau idazleak idatzitako eleberrian oinarrituta dago filma, eta aktore ez profesionalekin aritu zen.

2018an Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiko ohorezko saria jaso zuen, bere ibilbide «ausart eta konprometituagatik». «Ez naiz xalo hutsa; film batek ez du mundua aldatzen, baina galderak egin ditzakegu zinemari eta kulturari esker, eta arazoak plantea ditzakegu; egiten ez badugu, gehiegikeria asko gerta daitezen utziko dugu», esan zuen saria jaso aurretik egindako agerraldian.

Lehenagotik ere ezagutzen zuen Donostia. Zinemaldiko zuzendari berrien saria irabazi zuen 1999an, Ressources humaines filma tarteko. Estreinako lana izan zuen hura pantaila handian, lehenagotik telebistarako programa baterako besterik ez baitzen aritu. Hamar urteren buruan, 2009an, Zinemaldiko epaimahaiburu izan zen.

2017an gazteei eta hezkuntzari erreparatu zien berriro, L’Atelier filman. Idazketa tailer batean ari diren hainbat gaztek elkarrekin eleberri bat idatzi beharko dutela kontatzen du. Frantziako hegoaldeko La Ciotat hirian izandako eraldaketan girotuta dago: 80ko hamarraldiaren amaieran, ontziolak itxi eta turismoa hiriaren jabe egin zen. Prozesu horrek aterabiderik gabe utzi zituen gazteak.

2022an Arthur Rambo pelikula estreinatu zuen. Sare sozialen inguruko hausnarketa egiten da lan horretan, eta, besteak beste, adierazpen askatasuna, klasismoa eta arrazakeria hartzen ditu hizpidetzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.