Laura Poitras: «Mundua aldatzeko arriskuan jartzen diren pertsonak irudikatzen ditut»

Dokumentalgile estatubatuarrak Ohorezko Mikeldi saria jasoko du Bilboko Zinebi jaialdiaren 66. aldian. Garaikurra jaso zuen atzo jaialdiaren irekiera ekitaldian, eta haren proiekzioak izango dira gaur eta azaroaren 13an.

Laura Poitras zinemagilea Zinebiren prentsaurrekoan Arriaga Antzokian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Laura Poitras zinemagilea Zinebiren prentsaurrekoan, Arriaga antzokian. ARITZ LOIOLA / FOKU
irene baranano
2024ko azaroaren 9a
05:00
Entzun

Valentzia, Gaza, Amerikako Estatu Batuak... Hainbatetan aipatu ditu Laura Poitrasek (Boston, 1964) sufritzen ari diren herriak gaur, Ohorezko Mikeldi saria jasotzeko prentsaurrekoan. «Munduko toki horietan hainbeste sufrimendu dagoen bitartean, hemen nire lana aitortzen aritzea benetako ohorea da», esan du.

Bere ibilbide profesionalak, hain zuzen ere, konpromiso estua du sufrimendu horien aurkako borrokekin, eta hori bera saritu du Zinebi jaialdiaren 66. aldiak. «Abusuak pairatzen ari den jendea irudikatzen saiatzen naiz», azaldu du Poitrasek, «bereziki, AEBek mundu osoan eragiten dituzten abusuak». Poitrasen izena AEBetako gobernuaren jagoletza terroristako zerrendetan dago 2006tik, AEBen inguruan egin dituen ikerketa lanen ondorioz. Adierazi duenez, «eszepzionalismo amerikarraren» inguruko mitoa eraitsi nahi du; «badirudi AEBek erabateko zilegitasuna dutela herrialde bat inbaditu eta gauzak aldatzeko». Hori aldatu nahi du berak.

Horretarako, dokumentalista estatubatuarrak mundu mailako eragina duten hainbat pertsonarekin lan egin du. Horren adibide, 2013an, anonimo bat —Edward Snowden— Poitrasekin eta The Guardian-eko beste bi kazetariekin harremanetan jarri zen, AEBetako Segurtasun Agentziaren jagoletza programa ilegalen berri emateko. Poitrasek, lekukotzak bideokamerarekin jaso, eta Citizenfour (2013) dokumentalean bildu zituen. Film horrekin, 16 sari eta hainbat izendapen jaso ditu, besteak beste Oscar saria 2014an, eta Bafta 2015ean.

Citizenfour trilogia baten parte da, estatubatuarrek 2001eko irailaren 11ko gertakarien ostean hasitako kanpaina militarraren ingurukoa —War on Terror edo Izuaren kontrako gerra deritzona—. Lehenengo atala My Country, My Country (2006) filma izan zen, irakiarrek estatubatuarren inbasioaren menpean bizi zutenaren ingurukoa; eta bigarren filma, The Oath (2010), «Izuaren kontrako gerran» harrapatutako bi yemendarri buruzkoa.

Gerora, Julian Assangerekin lan egin zuen, Wikileaks webgunearen ingurukoak kontatzen dituen Risk (2016) dokumentala sortzeko. Poitrasen azken lanak ere, All the Beauty and the Bloodshed (2022), gehiegikerien kontrako salaketen bidea hartu du. Kamerarekin dokumentatu du zelan oldartu zitzaion Nan Golding argazkilaria Sackler familiaren farmazia inperioari, AEBetako opioideen krisian izan zuten rola salatzeko.

Hamabi film zuzendu ditu, eta beste hainbat ekoitzi, denak konpromiso sozialarekin lotuak. «Nire filmak arazoak sortzen dituzten pertsonei buruzkoak dira», esan du, «mundua aldatzeko arriskuan jartzen diren pertsonak irudikatzen ditut». Azaldu duenez, AEBetan, pertsona horiei whistelblowers deritze, «zerbaitek ustel usaina duenean alarma pizten dutenak dira».

Filmak despolitizatzeko arriskua

Bideo plataformen inguruan ere aritu da. Esan duenez, ikus-entzunezkoak eskaintzen dituzten plataformak erregimenak sumintzeko beldur dira, eta gero eta kontu handiagoa dute eduki politikoak emateko orduan. «Horrela, plataformak filmak despolitizatzen ari dira», baina aitortu du askotan filmak ekoizteko dirua jartzen duenak ere botere handia duela. «Ni zorte onekoa naiz, nik erabakitzen baitut zelakoa izango den filma».

Zinema ahaztu barik

Gai politikoak gertutik landu arren zinema egiten duela nabarmendu du Poitrasek. «Niretzat, benetako arrakasta zera da, ikusleak irudikatutako lekuan baleude bezala senti daitezen; nire dokumentalak film bat balira bezala ikus ditzaten». Aitortu du, hori dela eta, ohore bat dela beretzat Zinebi saria jasotzea, eta hainbat urtetan etorri nahi eta ezin izan duela.

Bere lana saritzeko, Zinebi jaialdiak Ohorezko Mikeldi saria eman zion atzo —berari eta Jose Luis Alcaine argazki zuzendariari— jaialdiaren hasiera ekitaldian. Gainera, haren bi film proiektatuko dira. Lehena gaur izango da, All the Beauty and the Bloodshed, Bilboko Guggenheim museoan, eta Citizenfour ere emango dute, azaroaren 13an, leku berean.

Sei euskal film labur sail ofizialean

Zinebiko sail ofizialean lehiatuko diren sei film laburrak proiektatu ziren atzo. Ehun euskal film baino gehiago aurkeztu ziren, eta hauxe da aukeraketaren emaitza: Alex Reynoldsen Horizontal, Tamara Garcia Iglesiasen Locas del ático, Iratxe Fresnedaren Errotatiba, Lorea Lyons eta Ane Ines Landetaren Azkena, Jorge Moneoren Exergo, eta Aitzol Saratxagaren Ehiza.

Filmak Azkuna zentroko auditoriumean emango dituzte, azaroaren 14an, 20:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.