Artean etorkizuneko ideia besterik ez zen alabari eskaini zion Laura Marlingek (Hampshire, Ingalaterra, 1990) Song For Our Daughter (2020) bere azken-aurreko diskoa, eta ideia hura haur txiki bilakatu ostean ondu ditu Patterns in Repeat (Chrysalis / Partisan Records) lan berria osatzen duten piezak. Ondorioz, bizipenek eta, batez ere, alabaren jaiotzak eta hazteak harilkatutako lana bihurtu da bakarlari ingelesaren zazpigarren diskoa.
Ama izateak denbora batez musika sortzea eragotziko ziola uste zuen Marlingek, baina gero ohartu zen ez zuela zertan horrela izan: «Haur txiki baten lehenengo hilabeteetan, hamaka batean kulunkarazi dezakezu eta bitartean gitarra jo». Horrela joan zen sortzen diskoko kantuak, alaba gogoan, baina baita belaunaldiz belaunaldi errepikatzen diren harreman patroiak ere; betiere etxeko berotasunean. Izan ere, konponketa oso gutxirekin —koru batzuk, hari atala, teklatu bat— eta perkusiorik gabe jantzi ditu Patterns in Repeat-eko kantu goxo eta biluziak, eta horrek ematen dio disko osoari giro etxekoi hori. Azken batean, Marlingen beraren ahotsa eta gitarra dotorea daude ia etengabe lehen planoan.
Child of Mine kantuak dena esaten du hasi baino lehen. Haur baten hotsak entzuten dira aurrena, eta Marlingen barreak ondoren, ama-alaba maitasun harremanari kantatu nahi dion abestiaren aurretik. Kantu horrek ematen du diskoaren tonua: lasaia, goxoa baina ez melenga eta kirrinkarik gabea. Patterns in Repeat diskoaren izenburuak adierazten duen moduan (Errepikatzen diren patroiak), ur bareak daramatzan ibai baten modukoa baita. Bada tonu orokor horretatik ateratzen den pieza instrumental bat, minimalismora jotzen duena —Interlude (Time Passages)—, baina, gainerakoan, folk dotorearen jantziak dira nagusi diskoan, eta aipatzekoa da gitarra jotzeko orduan Marlingek fingerpicking teknika erabiltzen duela sarritan.
Diskoak batasun bat transmititzen badu ere, badira bereziki nabarmentzen diren pieza batzuk, No One’s Gonna Love You Like I Can, Patterns —gitarra dirdiratsu batekin—, eta, batik bat, Caroline, garaiz kanpokoa dirudien kantu zirraragarria.
Marlingek adierazi du, orain bai, atseden hartuko duela alabarekin egoteko, eta denbora batean ez duela beste diskorik kaleratuko edo kontzerturik emango. Patterns in Repeat honek, momentuz, sasoi betean uzten du bere ibilbidea.