Birkite Alonso.

Lauhazka

2019ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Atal honetan idazteko gonbidapena jaso bezain laster, zer idatziko pentsatu eta izenari erreparatu nion berehala: Lauhazka. Zein zentzutan, baina? Galdetu nien, eta atal lau eskuren artean idatzita egonik, izen hori aproposa iruditu zitzaiela esan zidaten. Ulertuta. Hiztegiak bi esanahi oso ezberdin esleitzen dizkio hitzari, aurkakoak ia. Nik beste hainbat aurkitu dizkiot, nahi gabe.

Ibiltzen hasi baino lehenagoko mugimendua, ahalegina. Astiro, eskuak zoru gainean eta belaunak arrastaka mugitzen hasten gara lauhazka. Ahalegin pausatua hasieran, norberaren gorputza eta ahalmena ezagutzen hasi denaren irria ezpainetan. Mantso-mantso zeharkatzen dugu etxeko egongela, korridorea... Norbaitek gu airean hartu eta erronka eztitu nahian moketa edo tapiz gainean jarri orduko, handik hanka egin eta etxe osoa miatzera abiatzen gara. Jakin-mina. Hirugarren egunerako pisu osoa goitik behera arakatu dugu, agian baita eskailerak aurkitu eta geure burua buruz behera erortzeko arriskuan jarrita ere. Arriskua. Harro gaudenaren irribarre hori ezpainetan beti. Helduen eskuak gure gerrian pausatzen diren bitartean, gu, bakarrik aritzeko gai garelakoan kexaka, munduratu nahian.

Munduratzeko helburuz bi hanketan jarri orduko, norbait saiatuko da gu lauhazka berriz ezartzen, belauniko. Sumisioa. Aginduak, ezarpenak, debekuak, ordutegiak, hautazko legeak, hormak. Orduan, erreflexu jaio zen kexa hura babeski bihurtuta, aurrera egiten saiatuko gara. Indarra eta kemena bidaide, ezarritakoari aurre egiteko gai direnak salbuespen egoeran duintasunezbizitzeko gai izango dira. Gainera, etxe guztien ganbaran gordea dugun sormen ahalmenari hautsa astintzea eta lantzea erabaki dugunok behintzat erronkarekin gozatu eta gozaraziko dugu bidean. Irudimenak, orduan, gurasoen eskuak ordezkatu eta lurretik altxatuko gaitu, munduratzen jarraitzeko bideak ireki, belauniko ez bizitzeko hegoak eman: abestiak, poemak, eleberriak, irudiak, artelanak, bertsoak, antzezlanak, artikuluak, irrati saioak, fanzineak, egunkariak, film laburrak, filmak, dokumentalak, hegoak denak.

Orduan, lauhazka jartzearen keinua joko bihurtuko da, etxeko egongelako sofa atzean ezkutatzen ginenean bezalaxe. Lauhazka, bestearengandik gordetzen, ikusiko ez gaituelakoan, berriz ere zorua zeharkatuko dugu arineketan, babestuko gaituzten gotorlekuen bila, aurkitu ez gaitzaten. Aurkituak izan nahi badugu ere. Jokoa. Barre algara nahita askatuko dugu gure bila etor daitezen, aurkitu gaituztela ozen esan dezaten, gure porrota bion garaipena bihurtzen den une hori ospatuz.

Aurkitu gaituzte, eta aurkitu ditugu. Gaztetan promes egin zigutenaren bila joan baino, noiz edo noiz galdu garenok bidean norbait aurkitzeko aukera dagoela ikasiko dugu. Aukera diot, ezinbestekoa ez dela ikasi dugulako. Bolada baterako agian, istorioak elkarren atzetik (edo batera, euskaldunak ere modernizatu gara aizu) eta egungo berehalakotasun honetan murgilduta, bizitza osorako gorde ote nahi ditugunaren ezkutuko galderari jaramonik egin gabe aurkitutakoari balio eskasa emango diogu.Bizitza osorako gorde daitekeen ala ez jakin gabe, trukoa noiz eta nola ikas daitekeen edo sikiera ba ote den pentsatu gabe, ez baitakigu oraindik zertarako bizitza osorako gorde, edo denontzako kartarik ote dagoen.

Tartean, lauhazka jolasten jarraitzen dugu sofa atzean aurkitu eta besarkatu gaituztenean, bularra bizkarraren kontra, onargarri egiten zaigun sumisio modu bakarra gauzatuz. Pasioa. Irakatsi ziguten beldurretik jaiotako sumisio zahar hura zapuzten, elkarren arteko akordioak eraikitzen. Denok errespetuan ikasi arte beteko ez diren promesak egiten.

Gurasoei hainbatetan entzun izan diet ez nintzela sekula lauhazkan aritu. Eskuak zoruan, besoekin indar egin eta ipurdia arrastaka eraman ohi nuen, hanken beharrik gabe ziztu bizian mugituz. Praka guztiak zikindu eta gastatzen nituen, altxatzeko keinua behin eta berriz errepikatu eta atzera eroriz. Nire pragmatismotik helburua azkarrago lortuko nuenaren antza hartzen diot orain. Beharrezko pausuak behar bezala ikasi baino, senak agintzen zidanari kasu egin eta aurrera egiten nuen beti, behar beste aldiz altxatzen saiatuz, erortzeko arriskua aintzat hartuta.

Azkenik, zutitu eta bi hanketan jarri orduko, orduan hasi omen nintzen lauhazka ibiltzen. Hiztegiak hitzari esleitzen dion bigarren esanahiari buruz ari naiz orain, zaldiek abiadura hartu eta nekatu arte aurrera egiten dutenean bezalaxe. Bizitzaren laurden bat behar beste aldiz erori ostean lauhazka jarraitzen badugu ere, orain hasi baino lehen aurrean dugunari behatzen diogu, ondoren senak agintzen duenari lehentasuna emanez. Pentagramarik gabeko melodiak buruz sortzen eta gordetzen. Idazle izan gabe poemak idazten edo egunkarietako atalak hitzez hornitzen. Senak ez baitu teoriaz edo ordenaz ulertzen. Ipurdia arrastaka, prakak hautsita, hark nahikoa du gozatzen ari garenaren irribarrea ezpainetan ikustearekin.

Hori gertatzea posible egiten dutenei, gerritik hartu eta korridorean jartzen gaituztenei, baita zuri ere, eskerrik asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.