LAUGARREN PARETA HAUTSITA

Augusto Boal dramaturgo brasildarraren ideiei jarraika, Zapalduen I. Antzerki Topaketak antolatu ditu GIZAT antzerki taldeak. Ikuskizun mundutik at, ikusleen eta aktoreen arteko mugak ezabatzen saiatu dira; maila berean jarrita, albokoa ulertzea errazagoa dela sinetsita.

Zapalduen antzerkiaren inguruan topaketaegin dute Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
Donostia
2015eko urriaren 18a
00:00
Entzun
Euri osteko hezetasuna dago Urgull mendixkarako bidean, Donostian. Hostoak daude lurrean. Nabari da udazkena heldu dela. Guardetxe barruan, ordea, epeltasuna da nagusi. Koloretako arropak, egunkari zahar batzuk, eta perkusio instrumentuak daude lurrean, txukun ordenatuta. Hogei lagun inguru ari dira berriketan, arropa erosoa janzten, edota ingurukoekin hitz batzuk egiten. Behin guztiak iritsita, hasi dituzte Zapalduen Antzerki Topaketak. Urduri daudela esan dute zenbaitek, baina, antzerkia aitzakia, pertsonak edo pertsonaiak diren bereiztea zail bihurtu da berehala.

Gehienek antzerkian adituak edo arituak dirudite, baina ez diote inori aterik itxi, Augusto Boal dramaturgo brasildarraren esanekin bat eginda: «Edonorkpresta dezake bere burua antzerkia egiteko». Boal da zapalduen antzerki korrontearen sortzailea, eta hark helburu bat zuen: antzerkia gizarteko zapalkuntzei aurre egiteko tresna gisa erabiltzea. Brasilen 1970eko hamarkadan hartu zuen indarra mugimenduak, eta, egun, mundu guztian hedatu da. Ohiko ikuskizunetatik aldenduz, zapalduen antzerkiak antzerkia beste eremu batera eramaten du, nork bere buruaren eta gizartearen inguruan hausnartzeko.

Boalen ideiei jarraika, Euskal Herrian lehen aldiz, Zapalduen Antzerki Topaketak antolatu dituGIZAT antzerki taldeak. Donostian egin dituzte, urriko lehen asteburuan. 2012an sortu zuten taldea, eta hamahiru lagun dira guztira. Zapalduen antzerkia lantzen zuten ikastaro batean elkartu ziren, eta zerbait egiteko gogoa zutela eta, ikastaroz eta hitzaldiz osatutako asteburua antolatu dute. Bi ikastaro nagusi egin dituzte: Zapalduen estetika tailerra Stephanie Mouton belgikarraren eskutik, Guardetxean; eta Kuringa tailerra Jordi Forcadas kolonbiarrak gidatuta, Euskal Aktoreen Batasunaren egoitzan. Antolatzaile lanetan aritu da GIZATeko kide Aitziber Eguskiza (1977, Bilbo).

Kuringa zapalduen antzerkian rol jakin bat betetzen duen pertsonari ematen zaion izena da. GIZATek, batez ere, zapalduen antzerkiko teknika bat landu du topaketetan: antzerki foroa. Teknika horren barnean kokatzen da kuringa, eta, aktoreen eta ikusleen artean dagoen muga hori haustea da haren lana. Bitartekari lana eginez, nolabait. Antzerki obran aktoreek zapalkuntza bat erakusten dute, eta, kuringa beti zapalduaren rolean kokatzen da, eztabaidarako bidea erraztuz. Ikusleak hausnarketara bultzatu, eta zapalduaren interesak eta eskubideak bermatzea du helburu.

Kontzientzia politikoa

Orain moda-modan dago zapalduen antzerkia egitea, Eguskizaren arabera. Baina taldekideek argi dute ez duela edozer gauzak balio. Kuringa tailerrean horretaz eztabaidatu dute: «Arrisku hori dago. Gizarte kapitalista batean bizi gara, eta enpresak teknika hori erabiltzen hasi dira haien intereserako. Horregatik diot kontzientzia politikoa garrantzitsua dela». Uste du kuringa tailerrak asko balio izan diela zapalduen antzerkiaren filosofiaren oinarriak ondo finkatzeko.

Ariketa gisa, eszena batzuk ikusi dituzte, haiek aztertu, eta gero ondorioak atera. Argi du Eguskizak, gizarteari erreparatzen jarrita, hausnarketarako bide egokia dela: «Gure kasuan lesbofobia landu genuen, baina, arrazakeria eta beste gauza asko lantzeko ere oso baliagarria da».

Nahiz eta filosofia horri estuki lotuta egon, erabat bestelakoa izan da Zapalduen Estetika tailerra. Gorputzekin, soinuekin eta erritmoekin, sormen artistikoa lantzea izan dute ardatz; gehienetan, hitza alde batera utzita. «Hitzekin gauza pila bat estaltzen dituzu; baita adierazi ere. Baina hitzik ez dagoenean sortzen den elkarrizketa beste era batekoa da».

Ariketa batean, binaka, bizkarrak bizkarraren kontra jarri dituzte parte hartzaileak. Eta ondokoaren arnasa eta erritmoa sentitu, begiak itxita. Horrela, ikusten ez denez, hobeto entzuten da hurkoa. Baita haren barrena ere. Mugitu edo soinuak egin; gorputzak eskatzen duena libre da gune honetan. Pixkanaka dantzan hasi dira bat diruditen bi pertsonak, batzuk lasai, beste batzuk erritmo bizkorragoan, mundu paraleloak sortuz. Begiak irekita, errealitatera itzuli dira berriro.

Bakoitzak bizi izan duena komentatu dio taldeari. Baten batzuk harriturik daude ondokoarekin zein ondo konektatu duten ikusita. Nahiz eta gaur ezagutu, eta hitz gutxi egin. Ikusi dute zein ondo ulertu diren elkar soilik gorputzekin, hitz bakar bat ere esan gabe. «Ez nintzen ni bakarrik sentitzen; bat ginela iruditu zait. Itsasoak eramango bagintu moduan izan da», azaldu du partaide batek.

Irudi batek hitz batek baino askoz gehiago esan ohi du, Eguskizaren iritziz, eta hori oso ondo ikusten da estetikako tailerrean. «Gorputzarekin lanean gauza pila batekin konturatzen zara: haurtzaroan ikasitako jokoak... Beste irakurketa bat egiten da harremanen, boterearen eta zapalkuntzen inguruan».

Bi ikastaro nagusi egin dituzten arren, helburua bat eta bakarra da: gizartea eraldatzea. Eta argi dute hori GIZATek bakarrik ezin duela egin. «Gizarte eragileekin elkarrizketan saretu behar dugu. Donostiako hainbat ekimen kultural eta politikorekin ari gara jada, eta gehiago inplikatzeko erronka daukagu. Baita hezkuntza eragileekin ere. Guk landu ditugun gai horiei buruz hitz egitea eta kontzientzia sortzea nahi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.