Laugarren habia ere egin du birigarroak

'Odei guztien azpitik' liburua argitaratu du Nikolas Zendoia bertsolariak Auspoa bilduman. 2004 eta 2017 artean egindako bertsoak dira: lagunartean egindakoak eta sariketetara bidalitakoak batu ditu

Maialen Unanue Irureta.
2017ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Antonio Zabala herri literaturaren ikerlari eta euskaltzainak 1961ean sortutako Auspoa bildumak zenbaki berria du, 334.na: Nikolas Zendoiak (Aia, Gipuzkoa, 1941) kaleratutako Odei guztien azpitik bertso liburua. 49 bertso sailek osatzen dute lana, eta azalpen labur bat gehitu die Zendoiak bakoitzari, irakurleak testuinguruan jartzeko.

Bertso guztietan umore pixka bat egon dadin zaintzen ahalegintzen da Zendoia, nahiz eta beti ez den horrela izan. «Xelebrea da: bertsotarako afizioa genuen garaian, nire gustukoak ziren beti gai tristeak edo sentimenak zituzten gaiak, baina bertsoak idazteko garaian, beti gai alaien bila nabil: begira ze aldakuntza, ezeren motiborik gabe». Azken liburuan ere, den-denak ez dira pieza alaiak: Amatxoren bila eta Andrearen bisita dira horren erakusgarri. «Bata zein bestea albistegietan entzundakoetatik egin nituen: ni oso sentikorra naiz, berez, eta, borobiltzea kosta egiten den arren, heldu egiten diet halakoei, noizbehinka».

Gai bat otu, eta ideiei tiraka hasten da lanean. «Batzuetan esaldi batzuk segituan etorriko zaizkizu burura, beste batzuetan ez hain erraz... Baina datorrena apuntatu, eta, gero, horren jiran jarraitzen dut bertsoa osatzen». Irudimena martxan jarri, eta egoerak irudikatzen ditu, edo jartzen da beste pertsona batzuen azalean. Ariketa hori egin duen sailetako bat daMandioko eskola: bilobak Zendoiaren emazteari galdezka ariko balira bezala jardun du, Itziarko (Deba, Gipuzkoa) eskola horri buruz hitz egiten.

Guztien artean, Marteko ametsa izenekoa du kutunena Zendoiak. «Marten nengoela amestu izan banu bezala idatzi nuen: bertso oso bitxiak dira, luzeak, eta bertsolari askoren izenak sartu ditut; han topo egin dudala haiekin, eta ez dudala bueltan etorri nahi». Jarri ditu tren turistiko bateko gidari Anjel Mari Peñagarikano, erromatarren pare Xabi Paya eta Sebastian Lizaso, cowboy txapelarekin arrantzan Andoni Egaña, ontzi hegalari bateko gidari Nahikari Gabilondo, eta harkaitzetako jainkosa bihurtuta Xabier Amuriza, besteak beste. «Neu, behintzat, gozatu egin nintzen txorakeria pila hau asmatzen, bertsolariak ahotan hartuta», dio azalpenean.

Epe luzean egindako lana du honako hau Zendoiak: 2004 eta 2017 artean egindako bertsoak bildu ditu liburuan. «Beti zerbait egin eta kajoira bota, zerbait egin eta kajoira bota... Arindu bat eman diogu oraingoan». Gehien-gehienak lagunarte giroan egindako bertsoak dira, baina badaude sariketetara bidalitakoak —eta sarituak— tartean.

Bertsolaria da Zendoia, baina ez plazan jardutekoa: nahiago du lehen lerroa beste batzuentzat utzi. Ez du bertsotan «batere» egiten, lagunartean ez bada. Lehian aritua da, ordea: 1989an, Euskal Herriko txapelketa nagusian finalerdirako sailkatu zen. Lotsati gogoratzen ditu ordukoak gaur egun: «Bizitakoa hor dago, nahiz eta gaur egun askotan lotsatu egiten naizen, bertsotarako dagoen maila ikusita». Bere burua gaurko bertsolariekin distantzia hartudu: «Gauzak neurtu egin behar dira, eta ulertu egin behar da gaurko bertsolariek zer maila daukaten: nik hori ulertu egiten dut, eta lasai egoten naiz etxean». Bertsolari guztiak jarraitzen ditu, ordea, eta, eskatzen diotenean, gaiak jartzen aritzen da.

Gauzak horrela, joera gehiago du idazteko, bat-batean jardutekoa baino. «Guk eskolarik ez dugu izan sekula, baina mutikotatik idazte hori, lapitza eskuan izatea, beti gustatu izan zait». Zutabegintzan hasi zen mende berriarekin batera, eta gutxi lehenagokoa du lehenengo liburua. «Ez pentsa gaztetan hasi nintzela: gainera, bertsoak idazten hasterako, ia aitona egitera nindoan. Atera kontuak».

Zabala, hauspo

Auspoan bertan beste hiru liburu ditu Zendoiak: bertso liburuak dira bi —Beranduko birigarroa (1998), Egan dijoa (2005)— eta prosazkoa hirugarrena —Sasi guztien gainetik (2008)—. Haien segida da Odei guztien azpitik: laugarren liburua, «beranduko birigarroaren» laugarren habia. Zendoia da birigarroa; Zabalarekin izandako hizketaldi batean sortutako ezizena da hori, nolabait. «Zabala gauza horien jasotzailea zen, eta hura hasi zen hari muturrei tiraka: 'Horrenbeste bertso dituzue eta, liburuxka batean gorde behar dira, bestela galdu daitezke, beste asko galdu diren bezala'». Eta hala erantzun zion Zendoiak: «Antonio, ni beranduko birigarroa nauzu: nola hasiko naiz orain bertso liburua ateratzen?». Bada, lehenengoa atera zuen, eta hiru gehiago etorri dira atzetik. Bosgarrenik izango ote den ez du ziurtzat, baina bai lanean jarraituko duela: «Denborak esango du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.