Lauaxetaren gabardina, Literaturiaren plazan

Txaber Errazti gudariak 40 bat urtez izan du gordea etxean, eta orain poeta fusilatuaren familiari emango dio

Larrabetzu
2012ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Txaber Errazti Lauaxetaren gaztetako lagun gudaria zen. 40 urte inguruz izan du idazle eta kazetari fusilatuaren gabardina Laudioko (Araba) etxeko armairuan gordea. «Bere arroparen ondoan esekigailu batean zuen zintzilik, ondo zainduta», azaldu du Idoye Errazti alabak. Orain, uste dute Lauaxetaren familiari itzultzea dela egokiena. «Urteak aurrera doazenez, erabaki genuen zer onena Lauaxetaren sendiari itzultzea zela», esan zuen atzo Erraztik, Literaturia hartzen ari den Larrabetzuko plazan.

Gudariak beti izan du harremana Lauaxetarekin. Haurra zela, lagun gisa. 6-7 urterekin, mendira bidaiatzen zuten urtero Mendigoxale elkartearen txangoetan. «Harekin eta abertzale talde batekin Aralarrera joaten nintzen udan». Irakurle moduan ezagutu zuen ondoren. «Gaztea nintzela, haren olerkiak leitzen nituen. Euskara garbian idazten zuen izar bat zen», adierazi zuen atzo, mirespenez.

Lotura horren berri izan zuen Concha Azaola Emakume Abertzale Batza elkarteko kideak. Gudariaren emaztea, Miren Edurne Olartekoetxea, horiekin biltzen zen Bilbon eskolei buruz hitz egiteko. Hori dela eta, gabardina Erraztiri ematea otu zitzaion. «Niri gabardina zerutik jausita legez etorri zitzaidan», gogoratu zuen gudariak. «Concha Azaolak uste zuen aitak ondo zaindu eta gordeko zuela», erantsi zuen alabak.

Gabardinaren berririk gabe

Lauaxeta 1937ko ekainaren 25eko goizaldean fusilatu zuten, Gasteizko Santa Isabel hilerrian, beste hainbat presorekin batera. Geroztik, Erraztiren eskutara iritsi arte ez da gabardinaren berririk izan. «Esan zigutenez, hiltzeko unean kendu zuen soinetik. Horregatik gorde izan da ondo», Idoye Erraztiren ustez. «Orain dela 40 urte, Franco bizirik zen, eta beharbada horregatik emango zion ezkutuan». Edorta Jimenez idazleak entzundakoaren arabera, heriotza aurreko azken egunotan Aita Estefania apaiza eduki zuen alboan Lauaxetak. Eta baliteke hark jaso izana kartzelan idatzi zituen olerkiak zein gabardina. «Lauaxeta abade ikasketak egiten ibili zen, eta Aita Estefania haren irakaslea zen», gogoratu zuen Jimenezek.

Literaturia- ren ingurukobideoa hemen:www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.