Lauaxeta, 36ko gerrako lekuko

Esteban Urkiaga 'Lauaxeta'-ren eta Espainiako gerraren memoriaren inguruko mahai ingurua egin dute Donostiako Miramar jauregian, EHUko udako ikastaroen barruan

Ezkerretik eskuinera: Mikel Aierbe, Juan Luis Zabala, Arantxa Urretabizkaia eta Antton Valverde. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
Donostia
2014ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Hainbat arte diziplinatan landu da Lauaxetaren irudia, eta, artearen bidez, historia hobeto ezagutu ahal izan da. Esteban Urkiaga. Lauaxeta. Gerra Zibileko memoria leku izeneko mahai ingurua egin zuten atzo, Donostiako Miramar jauregian. Zineman, musikan eta literaturan Lauaxeta ardatz hartuta egindako hiru lan aztertu zituzten Juan Luis Zabala kazetari eta idazleak, Arantxa Urretabizkaia gidoilari eta idazleak eta Antton Valverde musikariak. Oroimenaren lekuak eta lekukoak. Gerra Zibilaren errepresentazio artistikoak versus kontaera historiko politikoa EHUk egindako udako ikastaroen barruan antolatu zuten. Mikel Aierbe izan zen aurkezle.

Poetaren biografia labur bat egin zuen Aierbek. Laukizen (Bizkaia) jaio zen Lauaxeta, 1905ean, eta Mungiara (Bizkaia) joan zen gaztetan. Gurasoak taberna baten jabeak ziren, eta beti lau haizeetara irekita egoten zelako hartu zuen ezizena. Abadetza ikasketak egin ondotik, Euzkadi egunkarian kazetari aritu zen. Abertzaletasuna eta poesia izan ziren haren bizitzako ardatzak, frankistek fusilatu zuten arte.

Gernikako urteurrenean

Zineman Lau Haizetara (1987) filmeko protagonista da Lauaxeta. Arantxa Urretabizkaia aritu zen han lanean. «Filmak Lauaxetaren izena eta izana zertxobait gizarteratzeko balio izan zuela iruditzen zait», esan zuen Urretabizkaiak.

Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrena ospatzeko, Anjel Amigo ekoizleak pentsatu zuen film bat egin behar zela gaiaren inguruan eta Lauaxeta izan zitekeela kontakizunaren ardatza. Jose Antonio Zorrilla izan zen zuzendari eta gidoilari, eta Urretabizkaiak Xabier Elorriagarekin batera gidoia zuzendu zion Zorrillari. Urretabizkaiak ezer gutxi zekien Lauaxetaren inguruan, garai hartan. «Poema gutxi batzuk ezagutzen nituen Antton Valverderi esker, eta banekien gerra bukatu aurretik frankistek fusilatu egin zutela. Hori bakarrik».

Zorrillak gidoia idatzi ahal izateko osagai zerrenda gehien ematen saiatu zen Urretabizkaia. Atzo aipatu zituen mahai inguruan. Lauaxeta poeta zela, baina pertsona arruntaren eginkizunak zituela nabarmentzea garrantzitsua iruditzen zitzaion, esaterako. «Poeta erromantikoaren irudia bizirik dago askoren artean. Nik ezagutzen nituen poetak, ordea, tarteka ziren poeta. Hortik kanpo beste gauza asko ziren; irakasle, apaiz, abeslari, langile...». Filmean badago esaldi bat non Lauaxetak esaten duen idazten ari denean dela poeta, baina ez gainerakoetan.

Filmean neska bat sartzea ezinbestekoa zela gaineratu zuen Urretabizkaiak. Ez zitzaion, ordea, Lauaxetari emazterik ezagutzen, eta borondatez erizain joandako atzerritarraren pertsonaia asmatu zuten filmerako. «Gerraren nazioarteko izaera azpimarratzeko balio izan zigun, eta, era berean, gerrak jendearengan izan zuen eragina erakusteko».

Poema musikatuak

Zineman ez ezik, musikan ere makina bat aldiz landu dituzte Lauaxetaren poemak. Antton Valverde izan zen lehena. Lauaxeta diskoa atera zuen, 1978an, Valverdek; bere ibilbideko seigarren diskoa. Isturitzetik Tolosan barru Josanton Artzeren liburuarekin izan zuen lehen aldiz Lauaxetaren berri Valverdek, 1968an. «Liburu bitxia da, eta garai hartako euskal munduko gauza gehienak han ageri dira». Industrias Grafikan egiten zuen lan Valverdek, eta liburuko azala egitera hara joan zen Artze. Euskal historiako pertsonarik garrantzitsuenak ageri dira azalean; tartean, Lauaxeta gudariz jantzita. «Ordura arte ez nekien Lauaxeta existitzen zenik ere». Lauaxeta olerkiak liburuak kaleratu zen handik urte batzuetara eta liluratuta poemak musikatzea erabaki zuen orduan Valverdek. Donostiako estudio batean grabatu zuen diskoa, eta Bixente Ameztoik egin zuen azala. Isilarazitako poeta zela adierazteko ahoa tapatuta ageri da azalean. «Nire ustetan, Lauaxeta bera eta bere poesia dira Espainiako gerraren lekukorik hoberenak».

Fikzioaren alorretik gerturatu zen Lauaxetarengana Juan Luis Zabala. 2000. urtean, Agur, Euzkadi liburua kaleratu zuen. Nobela idazteko oinarri nagusia zein izan zen azaldu zuen atzo, eta, horretarako, lehengo astean Eako poesiaren egunean Karmelo Landak esandako aipu bat baliatu zuen. Landaren arabera, mitoen garaia amaitu da. Zabalak uste du amaituta zegoela lehendik ere. «Euskal kulturan mito eraitsi ezin horiek askotan errespetu gehiegiz tratatzen ditugu, eta horrek, askotan urrundu egiten gaitu haiengandik».

Hain zuzen, Lauaxetaren mitoa hausteko gogoa piztu zitzaion Zabalari eta orduan hasi zen nobela idazten. Kazetari zegoela poetaren inguruko gehigarri bat egitea egokitu, eta gertutasuna eta sintonia sentitzearekin batera.«Bestelako Lauaxeta bat erakutsi nahi nuen. Oinarri historiko batekin, baina fikzioari ere hegoak emanez».Hala, liburuan Lauaxeta bizarra kentzen ikusten da,edo lotsagorritzen sexuari buruzko aipamenxaloekin. «Lizardi berpiztu nezakeen baina askoz ere joko gutxiago emango zukeen». Lauaxeta irekia da; bikote jakinik ez zuelako, eta erromantizismo gehiegizko bat badagoelako bere testuetan, Zabalaren aburuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.