Udak berea egin du, baina, era berean, Uda iritsi da, Iker Laurobaren (Donostia, 1975) azken diskoa. Utikan, Lauroba eta Hamaika Bide taldeetako partaide izandakoak eta egun Izaro Andresen bidaideetako bat denak urtaroen inguruan hasi zuen lau diskoko bidaia bukatutzat eman du azken lan horrekin, eta orain Donostian egingo duen aurkezpen handiaren zain dago.
Urtaro diskoen bidaia zurrunbilotsua duela lau urte abiatu zuen Iker Laurobak: Udazkena, Negua eta Udaberria izeneko aurrekariak sortu eta kaleratu zituen, eta, jakina, bidezidorraren amaierak, nahitaez, udako lan horrekin heldu behar zuen. Dena dela, egileak «oso argi» zuen bere azken proiektua uda ondorengo sasoian kaleratu behar zuela: «Bizi izan dugun uda petralaren ondoren, disko honi argitasuna eta bizia dario, eta lau urteko ziklo musikal bat bukatutzat ematen dut orain».
Abestiak sarritan inguruko orori zuzentzen zaizkion arren, Uda-ri dagokionez, Lurrak hitza hartzen du, eta naturaren ahotsa mintzatzen zaie entzuleei, Kilima aldaketa aurrerapen kantutik hasita: «Gizakiok egiten gabiltzanaz jabetzeko nolabaiteko mezu bat bidaltzen da».
Itsasoa eta adiskideak
Aitzin abesti horren bideokliparen grabaketa prozesua, gainera, «erraz-erraza izan da, eta, batez ere, naturala», dio Laurobak; izan ere, orain arte bidelagun izan dituen pertsonaz osatuta egon da grabazioko lantaldea. Imanol Gurrutxagak zuzendutako bideoak, halaber, Laurobarentzat zinez ezaguna den aurpegiren baten edo besteren presentzia ere izan du: baxu jotzailearen rola hartuta, bere lagun eta taldekide Izaro Andresek cameo txiki bat egin du, bere proiektu partikularraren pieza oso esanguratsua den Laurobaren egitasmoan bere hondar aletxoa jartzeko.
Laurobak, bestalde, ondo daki proiektu berri horrek itsasoarekin lotura duela. Udan, asteazkenero, pase bikoitzeko emanaldia eman du Donostia Hiria katamaranean:«Izugarri disfrutatzen ditut saio horiek, eta, nigatik balitz, horixe izango litzateke nire ogibidea; disko hau egiten ere pareko pasioaz aritu naiz».
Dena dela, Lauroba oso jakitun dago pasioak presioaren zama astuna ere badakarrela berekin, «ez baita gauza bera beste norbaiten proiektuko musikaria edo osagaia izatea, edo norbere egitasmoa goitik behera sortzea, moldatzea, ekoiztea eta defendatzea». Horrek guztiak, jakina, «lan eskerga izugarria» exijitzen dio: «Kontua ez da soilik abestiak konposatzea, orraztea, grabatzea eta, azkenik, zuzeneko emanaldietara bideratzea». Bidenabar, entzuleak maiz ezagutu ohi ez dituen egitekoez mintzo da: «Uda-ren moduko proiektu pertsonal bat sortzeak artisautza lan ugari eskatzen ditu, hala nola bideoklipaz arduratzea, kontzertuak lotzea, sare sozialak kudeatzea, kolaboratzaileekin lan egitea...».
Hori guztia areagotu egiten da lau urtean lau disko eginez gero, Laurobak egin duen legez. Uda lanerako, halaber, ez du «birziklatutako ideiarik» baliatu: «Abestietako musika eta hitzak beren-beregi album horretarako sortuak dira».
Naturari begira baina hurbilekoaz kontziente dago lana: Pasai Donibaneri (Gipuzkoa) ere lekutxoa gorde dio. Izen bereko abestiagatik galdetuta, «atsegin duen herri bat» dela dio: «Kanta horren hazia bazkari baten ostean ernaldu zen, bertako kale luzea, herri ingurua eta hainbeste gustatzen zaidan itsasertza ikusita».
Ezezagunerako bidaia
Lan berrian, Laurobaren bide musikalari zein estilistikoari orain arte jorratu gabeko ertzak sumatzen zaizkio: «Niretzat berriak diren bossa nova, sanba eta son kubatarra landu ditut». Generoen aniztasunari, gainera, ahotsena ere gehitu behar zaio: emakume ahotsez josita dago lana. Haietako bat Sara Azurza aspaldiko lagunarena da, Requiem abestikoa: «Udazkena diskoan ere parte hartu zuen; egia esan, oso polita da diskoak joan diskoak etorri lagunekin grabatzen eta gozatzen segitzeko aukera izatea». Lana bukatzen duen pieza hori ere berezi askoa da: «Nire heriotza irudikatu dut, zerbait alaia eta indartsua uzteko».
Adiskidez ondo inguratuta egingo du, hain zuzen, lanaren aurkezpena. Bihar, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian emango duen kontzertuan, Jony Camacho, Eñaut Elorrieta, Izaro Andres, Esti eta Mikel Markez, Olatz Salvador eta Lucas Delgado izango ditu alboan.
Agertokia bera ere «ezin hobea» da: «Hainbeste gonbidatu tarteko, asko urduritzen nau oholtza horrek, baina leku bikaina da lau diskoen zikloa ixteko; izan ere, ez da gauza bera Viktoria Eugenian beste norbaiten proiektuko musikari gisa jotzea edo norbere egitasmoa defendatuz agertzea».
Presio gehigarri horren inguruan, baina, kide guztiak ondo prestatzen ari dira: «Dagoeneko, gonbidatuekin lan egiteko aukera izan dut; horrek lasaitasun puntutxo bat ematen dit».
Disko ekoizpenek, Laurobarentzat, abiadura handia hartu dute azken lau urteetan. Dena dela, atzera begiratzeko eskatuta eta urtaroen blokeko Udazkena lehen albuma sortzea pentsatzen zegoen Iker Lauroba hari zer esango lekiokeen galdetuta, erantzuna argi du: «Aurrera egiteko, zalantzarik gabe. Bide gogorra izango dela esango nioke, zailtasunez josia, eta ondo prestatzeko; baina gogoratuko nioke horixe dela gehien maite duena eta, traba guztien gainetik, ausartzeko».
Iker Lauroba. Musikaria
«Lau urteko ziklo musikala itxi dut»
Urtaroen diskoen zikloa hasi zuenetik lau urte igarota, Iker Laurobak 'Uda' albuma kaleratu du. Lanaren aurkezpen kontzertua Donostiako Viktoria Eugenia antzokian emango du, bihar, adiskidez inguratuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu