Lau urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diote Mariano Kamiori 'Balentziaga auzian'

Epaiak dio museoa eraikitzean Getariako alkate ohiak kudeaketa desleiala egin eta agiriak faltsutu zituela. Diru publikoa bidegabe erabiltzeaz errugabetzat jo dute

Mariano Kamio Getariako alkate ohia Donostiako auzitegiko atarian, joan den apirilean, epaiketaren lehen egunean. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2019ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Balentziaga auziak badu epaia. Fiskaltzak 2007an hasi zuen ikerketa Getariako (Gipuzkoa) Balentziaga museoan izandako irregulartasunengatik, eta, hamabi urte geroago, Mariano Kamiori lau urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri dio Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak. Getariako alkate (EAJ), Balentziaga Fundazioko lehendakariorde eta Berroeta Aldamar elkarte publikoko kudeatzaile izan zen Kamio, eta epaileak erruduntzat jo du kudeaketa desleiala egiteaz eta merkataritza agiriak faltsutzeaz. Absolbitu egin du, ordea, diru publikoa bidegabe erabiltzeaz. Kartzela zigorra ez ezik, isun ekonomikoa ere ezarri dio: Berroeta Aldamar elkarteari 426.093 euro eta Balentziaga Fundazioari beste 43.687 euro ordaindu beharko dizkie. Rolando Paciel arkitektoa, aldiz, absolbitu egin dute; Julian Argilagos arkitektoa ere akusatuen artean zegoen, baina ez zen epaiketara joan.

Iragan apirilean egin zuten Balentziaga auziko epaiketa. Fiskaltzak eta akusazio partikularrak zortzi urteko espetxe-zigor eskaera eta 2.234.448 euroko kalte-ordaina galdegin zituzten orduan Kamiorentzat. Argilagosen kontra —museoaren proiektua diseinatu zuen arkitektoa— lau urteko kartzela zigorra eta 2.077.189 euroko kalte-ordaina eskatu zituzten, kudeaketa desleiala eta arlo profesionalean bidegabe sartzea leporatuta —Habanan lortu zuen titulua homologatu gabe lan egiteagatik—. Argilagos 2005ean Miamira (AEB) bizitzera joan zenean, Paciel kontratatu zuten proiektua gauzatzeko; hari ere arlo profesionalean bidegabe sartzea leporatu zioten akusazioek, Habanan lortutako titulua homologatu gabe lan egiteagatik, eta 3.600 euroko isuna ordaintzeko eskatu. Epaileak, baina, absolbitu egin du orain. Kamiori, berriz, bi urte eta erdiko zigorra ezarri dio kudeaketa desleialagatik, eta beste bi urtekoa agiriak faltsutzeagatik —biak modu jarraituan egiteagatik—. Auzia bidegabe luzatu dela eta, aringarria aplikatu diote.

1999an sortu zuten Balentziaga Fundazioa, Cristobal Balentziaga jostunaren jaioterrian museo bat eraikitzeko helburuarekin; sei milioi euroko inbertsio aurreikuspena zuen —30 milioi izan ziren azkenean—. Kamiok urte hartan bertan kontratatu zuen Argilagos. 2005ean, Berroeta Aldamar elkartea sortu zuten, fundazioari emandako diru publikoa kontrolatzeko. Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Getariako Udala sartu ziren elkartean, eta Kamio izendatu zuten kudeatzaile. Berroeta Aldamarrek bere gain hartu zituen fundazioak ordura arte hitzartutako kontratu eta esleipenak, baita obren kudeaketa ere. Aralar alderdiko Getariako zinegotziek irregulartasunak salatu zituzten 2003rako, baina auzia ez zen 2007ra arte lehertu. Orduan hasitako auzibidearen ondorio da atzo plazaratutako epaia.

Idatziak jasotzen duenez, Kamiok «ahalmen handia» zuen bai Balentziaga Fundazioaren bai Berroeta Aldamar elkartearen diru funtsak kudeatzeko, «baina, gertaerak ikusita, frogatuta geratu da kudeaketa txar batetik harago joan zela». Halaber, frogatutzat jo du Kamio bi erakundeei «ezkutuan» aritu zitzaiela, «iruzurrezko» moduan, «hirugarrenei mesede eginez», eta horrek bi erakundeei «galera handia edo kalte ekonomikoa» ekarri ziela.

Kamioren jardunbideak aztertuta, epaiak dio, batetik, zerbitzu berberak emateko kontratazio bikoitzak egin zituela —lan berbera egiteko bi enpresa ezberdin kontratatu zituela, esaterako, museoaren barne diseinuaren proiektua egiteko—. Bestetik, epaiaren arabera, hainbat enpresa eta profesional kontratatu zituen, baita ordaindu ere, egin ez ziren lan eta zerbitzu batzuetarako; Argilagosen Hemen Art enpresa aipatzen du horien artean, zeina barne diseinua egiteko kontratatu zuen, besteak beste. Frogatutzat jotzen da hainbat faktura eta kontratu manipulatu zituela. Halaber, gastu pertsonalak —autoa konpontzea eta hainbat bidaia tartean— fundazioaren kreditu txartelarekin pagatu zituela ere jasotzen da, arrazoitzeko justifikatu gabeko ordainketak egin zituela.

Kalte ekonomikoak

Bi elkarteei eragindako kalte ekonomikoa ere zehaztu du epaiak, zeina Kamiok bakarka ordaindu beharko duen, Argilagos auzi ihesean baitago. Diru kopuru horren barruan sartu dituzte Balentziagaren hainbat jantziren kalteei (31.111 euro) eta horiek Miamira (AEB) eramateari (9.819 euro) dagozkienak. 2006an, Argilagosek bere kabuz egin nahi zuen erakusketa baterako, Kamiok hara bidali zituen jantziok, museoko langileen iritziaren aurka eta fundazioaren oniritzirik gabe; kaltetuta itzuli ziren. Kasu horretan, funts publikoak bidegabe erabiltzeaz errugabe jo dute, ezin delako egiaztatu pieza horiek jabetza publikokoak zirenik, bildumaren parte bat dohaintza eta mailegu pribatuetakoa zelako.

Kamiok «astakeria» gisa definitu zuen epaia, Euskadi Irratiari atzo eginiko adierazpenetan. Iragarri zuen helegitea jarriko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.