Literatura

Lau poetaren jaiotza ekarriko du udaberriko literatur uztak

Udazkeneko emaria baino apalagoa da udaberrikoa, baina euskal argitaletxeek prest dute datozen hilabeteetan kaleratuko dituzten lanen zerrenda. Ia alor guztietan igar daiteke belaunaldi ugaritakoak direla egileak, eta hori da datu esanguratsuetako bat.

Udaberriko literatur uzta, 2025. BERRIA
Udaberriko literatur uzta, 2025. BERRIA
Inigo Astiz
2025eko martxoaren 18a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Durangoko Azokaren eraginez, udaberriak baino emari indartsuagoa eta kontzentratuagoa izaten du udazkenak euskal letrentzat, baina argitaletxeek eutsi egiten diote urtea bi sasoi nagusi horietan banatzeko joerari. 30 argitaletxeren datuak bilduta, ekainera bitartean argitaratuko diren helduentzako 84 literatur nobedadeko zerrenda —euskaraz sortutakoak eta euskarari ekarritakoak— osatu ahal izan du BERRIAk. Ia alor guztietan ikusten da zenbait belaunalditako egileak daudela, eta bereziki deigarria da hori poesiaren alorrean; izan ere, ibilbide luzeko egileez gain, lehen liburua argitaratuko duten lau poeta ere badakartza aurtengo udaberriak.

Euskaraz idatzitako hamahiru eleberri kaleratuko dituzte argitaletxeek urte hasieratik ekainera bitartean, bai eta itzulitako beste sei lan ere. Sei narrazio bilduma ere iragarri dituzte, bai eta euskaraz sortutako 11 poema liburu eta itzulitako beste bi ere. Saiakera ere alor emankorra izango da: euskaraz sortutako hamabost lan aterako dira, eta euskarari ekarritako beste sei. Hiru komiki, bi antzerki liburu eta ez-fikziozko multzoa osa dezaketen kronika, biografia, eguneroko eta historia lan batzuk ere emango ditu aurtengo uztak. Euskaraz sortutako halako zazpi lan eta euskaratutako beste bi topa daitezke zerrendan.

Prosazkoak

Nobelagintzan, ibilbide luzeko hainbat egile biltzen ditu nobedadeen zerrendak. Xabier Mendigurenek, esaterako, Borrero txiki bat izeneko nobela emango du argitara, eta Jesus Mari Olaizola Txiliku-k Urte urdin ihesak, biak ere Elkar argitaletxearekin. Miren Agur Meabek ere eleberri bat aurkeztuko du hurrengo hilabeteetan, Amorante frantsesa (Susa), eta, argitaletxeak iragarri duenez, eleberria izanik ere, poemaz osatuta egongo da. Aitor Oñate idazlearen papereko estreinaldia ere ekarriko du udaberriak, duela hilabete eskas Booktegi plataforman kaleratu zuen Ipuin suizidak narrazio bildumaren ondoren, hurrengo asteetan Elkar argitaletxeak kaleratuko dion Lohizulo nobela izango baita haren lehen paperezko liburua.

Amaiur Epher idazleak, bestetik, 2021ean eman zuen argitara bere lehen liburua, Profeten iruzurra, Maiatz argitaletxearekin, eta bigarren eleberria aurkeztuko du orain, Haize beltza, kasu honetan Txalaparta argitaletxearekin argitaratuko duena. Atiziber Etxeberriak Reset izeneko eleberria aterako du Erein etxearekin, bere ibilbideko bosgarrena, eta Goiatz Labandibarrek Eresia izeneko lan bat kaleratuko du Elkar argitaletxearekin; genero horretan kaleratuko duen bigarren argitalpena izango da, 2023an Bekatua lana plazaratu baitzuen.

Ainhoa Urien 2020an agertu zen euskal literaturgintzaren plazara, Poesia, zaurien ukendu (Xabier Leteren arrastoan) saiakera argitaratu zuenean, eta narraziogintzan egindako lehen lana eman du argitara orain. Elkar argitaletxeak kaleratu du lana, eta Ehun zaldi trostan izango du izenburua. Harekin batera, ipuingintzan ibilbide luzeagoa duten hainbat egileren lanak ere topatu ahalko ditu irakurleak liburu dendetan. Bertol Arrietaren Diesel emango du argitara Alberdania argitaletxeak, egilearen bosgarren ipuin bilduma, hain zuzen. Eta Julen Belamunoren hirugarren narrazio bilduma ere kaleratuko du Elkarrek: Iragan atergabea. Yolanda Arrietaren bigarren narrazio liburua ere helduko da apaletara hurrengo asteetan: Jostorratza eta haria (Alberdania).

Poesia eta saiakera

Poesian izango diren izen berriak dira zerrendako beste datu deigarrietako bat. Lau egilek emango dute argitara euren lehen poema bilduma. Ane Labaka Maiozek Hezur berriak (Susa) lanarekin egingo du estreinaldia, Ane Zubeldia Magrinyak Kontra (Susa) kaleratuko du, Iker Aranberrik Baden Verboten (Pamiela) eta Leire Ugadik Simulakro bat (Elkar). Haiekin batera, ibilbide luzeagoa duten hainbat egileren izenak ere ikus daitezke zerrendan. Horren adibide, Jean Louis Davant, bai eta Beatriz Txibite ere. Txibitek bere ibilbideko seigarren poema bilduma izango baitu Pamielarekin kaleratuko duen Oroi garen oro. Eta, horiekin batera, nabarmentzekoa da Oihane Zuberoa Garmendia idazle eta BERRIAko kolaboratzailearen aforismo bilduma ere: Apurkinak (Pamiela).

Saiakeran, poesiak ere izango du bere txokoa. Jon Gerediaga idazleak, hain justu ere, poesia izango du ardatz Izena eta izana. Hitz poetikoari buruz saiakeran. Iñigo Martinez Peña pentsalariak Ezinezkoaren alde izenburuko lana emango du argitara (Elkar), eta Kepa Altonagak ere lan berria dakar udaberrian: The Oña Connection (Pamiela). Joseba Sarrionandiak eta Josu Martinezek, bestalde, lau eskutara idatzitako Zinekologoaren kontsultan argitaratuko dute Pamiela argitaletxearekin. Feminismoari buruz gogoeta egiteko aukera ere emango dute saiakera liburu batzuek. Beatriz Fernandezek Ariadnaren haria saiakera kaleratuko du Susaren Lisipe bilduman, eta Naia Torrealdaik Amaieratik hasi. Euskal feminismoa, aldaketarako paradigma izeneko liburua aterako du Txalapartarekin.

Nazioarteko egile sorta baten lanak ere euskaraz irakurri ahalko dira aurrerantzean. Hala nola Stuart Hall, George Orwell, Roland Barthes, Laura Macaya, Frank O'Hara, Oscar Milosz, Nuria Bendicho, Dennis Lehane eta Sheridan Le Fanu idazleenak.

Euskal paradoxa

Liburu gehiago, baina literatura gutxiago. Xabier Eizagirre ikertzaileak abenduko Jakin aldizkarian kaleratutako artikuluaren arabera, paradoxa horretan dago euskal liburugintzaren sektorea gaur egun. 2023ko datuak bildu zituen bertan, eta, zehazten zuenez, guztira urte horretan 2.791 titulu kaleratu ziren arren —inoizko kopururik handiena 1976an Joan Mari Torrealdaik ikerketa abiatu zuenetik—, beherakada handia egon da helduen literaturan. Eizagirreren kontaketaren arabera, 2022an baino %26 txikiagoa izan zen helduentzako literatur lanen multzoa 2023an.

Ikusi egin behar, beraz, aurten ere joera horri eutsiko zaion. Udaberriko uzta jasota, udazkenekoa ere kontuan hartu beharko da horretarako, ordea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.