Olerkariak dira denak. Hitzak erabiltzen dituzte nagusiki batzuek, eta margoak ere bai beste batzuek, baina, hala ere, olerkariak guztiak, Hatsa elkartearen hitzetan. Erakusketa bat prestatu dute Imanol Irigoien Aranberri, Andoni Salamero Alberdi, Iñaki Bastarrika eta Koldo Cadierno Lizarralderen lanekin. Senpereko Larraldean (Lapurdi) jarri dituzte ikusgai denen margolan eta idazlanak, eta hilaren 10etik 20ra bitartean egongo dira bertan.
Bost urte dira Hatsak Maite ditugun olerkariak egitasmoa hasi zutela. Olerkari ezagun eta ezezagunak gonbidatzen dituzte urte guztian, eta hainbat ekitaldi antolatzen haiekin. Egitasmo horren barruan antolatu dute erakusketa aurten, olerkiari margolanak ere gehituta. Lau aurpegi, lau ispilu jarri diote izenburua erakusketari.
Poeta eta tindatzailea daImanol Irigoien Aranberri, eta txoriei buruzko hainbat lan jarri ditu erakusketan. Bidegorriko txoriak... eta besteak izenburua jarri dio bildumari, eta Oiartzungo (Gipuzkoa) bidegorriko zuhaiztian ikusitako txoriak dira Txinako tintaz, akuarelaz eta margo akrilikoz egin ditu marrazkiak.
Iñaki Bastarrika idazle eta margolariak bere hainbat margolan jarri ditu erakusketan. Elkarlanean aritu dira, berriz, Andoni Salamero Alberdi eta Koldo Cadierno Lizarralde; naturari buruzko haiku gisa sortutako testuak idatzi ditu Salamerok, eta irudiz lagundu ditu Cadiernok. Eta animaliak dira haren margolanetariko askoko protagonistak.
Bosgarren aurpegia
Erakusketa lau olerkari horien lanek osatzen dute, baina badago bilduman beste aurpegi bat ere, bosgarrena. Koldo Goitia kazetari beasaindarraren lanak ere ikus daitezke Senpereko erakusketan. Marrazkiak dira gehienak. «Gutun-art» izena jarri diote antolatzaileek haren sorkuntzari. Izan ere, adiskideek bidaltzen dizkioten eskutitzak dira haren lanen oinarria. Jasotzen dituen gutunetan ageri diren txoko, eraikin edo paisaiak irudikatzen ditu Goitiak.
Olerkariak ezagutzeko aukera ere ematen du Hatsak. Egun osoko egitaraua prestatu du horretarako abuztuaren 30erako. Gorramendi inguruan, Nafarroan, ibilaldia egingo dute, 09:00etan, eta bazkaria 13:00etan. Ondoren, 17:00ak inguruan, artistekin solastatzeko aukera izango da.
Lau olerkariren margolanak eta idatziak jarri dituzte ikusgai Senperen
Imanol Irigoien, Andoni Salamero, Iñaki Bastarrika eta Koldo Caidernoren lanak izango dira erakusketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu