George Martin

Lau kakalardoetan bosgarrena

The Beatles taldearen ekoizle eta babesle nagusia izan zen Martin. Harekin grabatu zituen taldeak disko gehienak, eta hark egin zituen kantu askotako moldaketa lanak. Herenegun hil zen, Londresen.

SILKE LOHMANN / EFE.
Ander Perez Argote
2016ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Ia mende erdi igaro da elkarrekin haserretu eta oholtzak alde batera utzi zituztela, baina luzea da oraindik The Beatles taldearen itzala. Akaso, musika laukote batek inoiz izan —inoiz izango?— duen luzeena. Beharbada, ez delako talde bat, edo ez talde bat bakarrik. Bi gitarra, baxu bat eta bateria kolpe batzuetatik harago, kultur artefaktu perfektua izan zen The Beatles, pop kulturaren fenomeno, eta kasik erlijio bat.Musika hutsetik produktu arrakastatsurako jauzi horretan, ezbairik gabe, zeresan handia izan zuen George Martin (Londres, 1926-2016) ekoizle eta konpositoreak. «Bosgarren beatle-a» esaten zioten, lauk osatutako makineria horretan, ezinbestekoa zelako haren pieza, bosgarrena. Herenegun hil zen, Londresko bere etxean, 90 urte zituela. Atzean utzi du ia 70 urteko ibilbide profesionala.

Irudi bat historiarako: John Lennon, Ringo Starr, Paul McCartney eta George Harrison ilaran, galtza barren-zabalak soinean, zebrabidea igaroaz. Londresko Abbey Road kalean. Argazkian ez da ageri, baina ondoan da Abbey Road estudioaren eraikina, 1970era arte —hots, The Beatlesek utzi zutenera arte— EMI Studios esaten diotena. Hara eraman zuen Martinek Liverpoolgo laukotea 1962ko ekainean, Decca diskoetxeak haiekin grabatzeari muzin egin ostean. Urtetako harremanari hasiera eman zion horrela, estudio hartan grabatuko baitzituen taldeak bere ibilbideko disko gehienak.

Iazko urrian El País egunkarian egindako elkarrizketan, harremanaren jatorria azaldu zuen McCartneyk: «Please, please me kanta aurkeztu genion, Roy Orbisonen estiloko balada mantso baten gisara, baina esan zigun akaso hobe geratuko litzatekeela azkarrago eginez. Konbentzitu gintuen, eta esan zigun hori izango zela zerrendetako lehen postura iritsiko ginen lehen aldia. Hala izan zen orduan, eta beste milioi bat alditan». Martinek, izan ere, Erresuma Batuko zerrendetan lehen postura iritsiko ziren 30 kanta ekoitzi zituen, guztira, The Beatlesentzat. AEBetan, 23 abestirekin lortu zuen gailurra. Osotara, talde mitikoaren 205 kantutan egin zuen produktore lanak.

Lehen hit horrekin egin bezala, The Beatlesen konposizio eta grabazioetan aholkulari lanak egin zituen Martinek gerora ere, urteekin hain berezia izango den taldearen doinua orraztuz. Askok hari egozten diote bandaren hastapen zaratatsu eta lausotik pop melodia biribiletara egindako jauzia. Hura izan zen taldearen konposizioetako moldaketen egilea, eta pianoa jo zuen hainbat kantatan. Berritzailea izan zen grabazio tekniketan, bi eta lau pistetako magnetofoietan grabatuz, eta bide batez, Abbey Road, The Beatlesen gidaritzan, munduko musika estudioen lehen lerroan jarriz.

Londresko familia umil batean jaioa, txikitatik piztu zitzaion musikarako zaletasuna, eta 21 urterekin hasi zen Guildhall musika eskolan. Han ikasi zuen pianoa eta oboea jotzen. EMI estudioen adarra zen Parlophone ekoiztetxean nabarmendu zen, etxeko lehen lerrora salto egin aurretik, eta BBCko musika klasikoaren sailean ere aritu zen. Bere ibilbidean, sei aldiz irabazi zuen Grammy saria, eta Oscar sarietan musikarik onenaren sailean izendatua izan zen, The Beatlesen A Hard Day's Night filmerako egindako lanaren ondorioz. The Beatles taldeaz gain, Matt Monro, Kenny Rogers, Cilla Black, Shirley Bassey, Elton John eta Celine Dionen lanak ekoitzi zituen besteak beste.

«Eskerrik asko zure maitasun eta adeitasunagatik, George. Bakea eta maitasuna». Karaktere gutxitan, Martinen heriotzaren berri eman zuen atzo Ringo Starrek Twitterren, baita eskerrak eman ere. Izan ere, taldeak ospera eraman zuen Martin, Martinek taldea ospera eraman zuen bezalaxe. Hortik Starren eskerrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.