Igor Urzelai eta Moreno Solinas; Myriam Perez Kazabon, Leire Otamendi eta Eneko Gil; Natalia de Miguel eta Jorge Jauregi Allue; Natalia Garcia eta Matxalen Bilbao; dantzarien eta koreografoen bilkura berezia egingo dute, gaur bertan hasi eta abuztuaren 22ra arte, Donostiako Tabakaleran. Lau dantza ikuskizun eta sei solasaldi izango dira, Patioan dantzaldiak eta Z aretoan hitzaldiak, denak 19:30ean.
Nazioartean proiekzioa duten dantza garaikideko euskal sortzaileen lanak erakustea eta sustatzea du xede Tabakalera Dantzan egitarauak, Donostiako Musika Hamabostaldiaren baitan. Tabakalerako kultura zuzendari Clara Monteroren arabera, «egungo talentu handiena biltzen duen alorretako bat da dantza garaikidea».
Musika Hamabostaldiak bi dantza ikuskizun programatu ditu aurten Viktoria Eugenian: Lucia Lakarra eta Matthew Goldingen Forlandia ikuskizuna, hilaren 17an; eta Iratxe Ansa eta Igor Bacovichen Elkarrizketa ilunak, hilaren 23an. Aldez aurretik, ordea, Tabakalera Dantzan egitaraua eskainiko da bigarren urtez. Hamabostaldiko zuzendari Patrick Alfayak adierazi du, «musikaldiak eta dantzak bat egiteko toki aproposena» topatu dutela; eta datorren urtetik aurrera ahaleginduko dira sorkuntza sustatzen eta ekoizten.
Lau dantza ikuskizunak
Igor Urzelai (Beasain, Gipuzkoa, 1983) eta Moreno Solinas (Sardinia, 1987) koreografo eta dantzariek Idiot-Syncrasy ikuskizuna egingo dute bihar. «Sortu genuen lehendabiziko lana da hau», esan du Urzelaik. «Batera ikertu nahi genituen euskal dantza eta Sardiniakoa. Jauzia du ardatz. Eta lanaren funtsa da, gauzak egiteko kemena eta indarra piztea ikusleari. Pieza alaia da, baina aldi berean serioa ere bai, publikoari harrera egiteko duen moduarengatik». 2013an lehentze egindako obra da Idiot-Syncrasy; Beasainen eskaini zuten urte hartan, eta 2016an Bilbon. Arrakasta handia izan du munduan, sari izendapen ugarirekin: Londresen, Edinburgon, Txilen.
Abuztuaren 8an, Myriam Perez Kazabon (Oiartzun, Gipuzkoa, 1981) koreografo eta dantzariak Mutu ikuskizuna erakutsiko du, Mursegoren musikarekin. Perez Kazabonek Neri(h)ari konpainia sortu ostean, 2018an landu zuen aurreneko obra da Mutu: hiru dantzarirentzat, hiru kapitulu. «Isiltasunaren esanahia eta komunikazio funtzioak arakatzea da ideia nagusia, eta dantzan isiltasunak eta geldotasunak duten garrantzia adieraztea», azaldu du koreografoak. «Badira uneak non hitzak sobera dauden, badira hitzik gabe uzten gaituzten gertaerak, eta beste batzuk non jada ez dagoen ezer esatekorik». Harekin batera dantzatuko dute Eneko Gilek eta Leire Otamendik.
Tabakalerako egonaldi batean landu zuten Lathe Biósas obra dantzatuko du Kanpai konpainiak, abuztuaren 10ean. Natalia de Miguelek eta Jorge Jauregik 2020an sortutako obraren jatorrizko musika Niko Hafkenscheidena da.
Laugarren eta azken ikuskizuna abuztuaren 13an egingo da: Serenity Suite. Matxalen Bilbao (Bermeo, Bizkaia, 1961) koreografoak 2018an sortutako obrak tonu intimista dauka. Eszenan, Natalia Garcia dantzaria izango du lagun.
Dantzariekin solasean
Iratxe Arantzibia kazetari espezializatuarekin solasaldiak egingo dituzte dantzariek jendaurrean: gaur, Urzelai eta Solinas; hilaren 7an, Perez Kazabon; De Miguel eta Jauregi, hilaren 9an; Matxalen Bilbao, abuztuaren 12an. Ondoren mintzatuko dira Lucia Lakarra, hilaren 16an; eta Iratxe Ansa eta Igor Bacovich, abuztuaren 22an.
Lau ikuskizun eta sei hitzaldi izango dira Tabakalera Dantzan egitarauan
Gaur abiatuko dira solasaldiak, bihar dantzaldiak. Euskal sortzaileen lanak sustatzea dute xede
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu