Adierazpen askatasuna

Lau hamarkadaz pairatu dute euskal musikariek jazarpen judiziala

Zentsuraz eta debekuez gain, salaketak behin baino gehiagotan iritsi dira auzitara. Negu Gorriak eta SA taldeen aferak dira ezagunenak

gotzon hermosilla
2021eko otsailaren 17a
00:00
Entzun
1983ko udan Eskorbutoko kideak Madrilen atxilotu zituztenetik eta Terrorismoaren Kontrako Legea ezarri zietenetik, euskal musika talde ugarik pairatu dituzte, era batera edo bestera, zentsura, jazarpena eta debekua. Normalean, boikota egiteko deiak, Espainiako zenbait udalerritan jotzea galaraztea eta antzeko erasoak jasan dituzte makina bat euskal taldek, baina zenbait kasutan salaketak auzitara ere iritsi dira, eta espetxe zigorraren mehatxuari aurre egin behar izan diote euskal sortzaileek.

Eskorbutokoak kalean geldiarazi zituzten, haien itxura susmagarri begitandu zitzaielako poliziei, baina, miatu zituztenean, abestien letrak topatu zizkieten, eta haiek irakurri ondoren atxilotu zituzten. 36 ordu eman zituzten polizia etxean, eta «terrorismoa goratzea» eta «segurtasun indarrak iraintzea» leporatu zieten; azkenean, auzibideak ez zuen aurrera egin. Urte berean izan zen Vulpes taldearen afera ezaguna Espainiako Telebistan egindako agerraldi batengatik: hark ere ez zuen aurrera egin, baina hiru urte igaro ziren Espainiako Estatuaren Fiskaltzak Loles Vazquez taldekidearen kontra jarritako salaketa bertan behera geratu zen arte; «eskandalu publikoa» egozten zioten.

Galindo eta Negu Gorriak

Kasurik ezagunena Negu Gorriak taldearen eta Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibilaren jeneral zendu berriaren artekoa izan zen. 1993an, Galindok taldearen kontrako salaketa jarri zuen Ustelkeria abestian esaten zituenengatik: bere «ohore eskubidean sartze ez-legitimoa» egitea leporatzen zien taldekideei, eta 15 milioi pezetako ordaina eskatu zien (90.000 euro inguru).

Bide judiziala luzea eta bihurria izan zen. 1994an, Donostiako 4. Instrukzio Epaitegiak atzera bota zuen Galindoren eskaera, baina, urtebete geroago, epaileek guardia zibilaren helegitea onartu zuten, eta horrek arriskuan jarri zuen taldearen etorkizuna ez ezik Esan Ozenki diskoetxearen bideragarritasuna ere.

Enrique Gomez Galindo Intxaurrondoko Guardia Zibilaren buruak, Negu Gorriak taldeari jarritako salaketaren aurrean, kantu baten letra zela-eta, hainbat musikarik antolaturiko elkartasunezko jaialdia. MANU MUJIKA / EUSKALDUNON EGUNKARIA

Elkartasun oldea handia izan zen, eta Hitz egin izeneko kanpaina gauzatu zen. Auzia zenbait urtez luzatu zen, harik eta 2000ko ekainaren 7an Espainiako Auzitegi Gorenak Galindoren eskaera atzera bota zuen arte. Taldeak 2001eko otsailean ospatu zuen ebazpena, Gurea da garaipena goiburupean egindako hiru kontzerturen bidez.

Soziedad Alkoholika taldearen kontrako jazarpen judizialak ere luze jo zuen. 2004ko maiatzean, AVT elkarteak haien kontrako salaketa aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalean, ustez «terrorismoa goratzeagatik». Baltasar Garzon epaileak auzia artxibatu zuen, baina elkarteak helegitea aurkeztu zuen, eta 2005eko abenduan onartu zuten. Azkenean, 2006an iritsi zen epaiketa: errugabetzat jo zituzten.

Azken erasoetako bat 2018an izan zen. Jerez de la Fronteran (Espainia) jaialdi batean Gatillazo taldearekin jo ondoren, Guardia Zibilak La Polla Records eta Gatillazo taldeetako abeslari Evaristo Paramos atxilotu zuen geroago, poliziek zehaztu zuten «erretenitu» egin zutela eta, mozal legea aplikatuz, salatu egin zuten, ustez «poliziak iraintzeagatik». Isuna jarri zioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.