Antzerkia

Lau estreinaldi taularatuko dituzte Bilboko Lautan Hiru antzerki jaialdiaren zazpigarren aldian

Otsaileko lau ostegunetarako antolatu dituzte emanaldiak, eta guztira zortzi antzezlan daude programatuta; eguneko bi. Antolatzaileen esanetan, aurten «gazteek egiten duten antzerkiari» erreparatuko diote bereziki.

Lautan Hiru jaialdiaren aurkezpena, Bilboko Plaza Barrian. EUSKALTZAINDIA
Lautan Hiru jaialdiaren aurkezpena, Bilboko Plaza Barrian. EUSKALTZAINDIA
Uxue Rey Gorraiz.
2025eko urtarrilaren 28a
14:00
Entzun

Otsailaren 6an hasi eta hilaren 27an bukatuko da Lautan Hiru Bilboko Zazpikaleetako antzerki laburren zazpigarren jaialdia. Egitaraua lautan banatuta, hain justu ere lau ostegunetarako antolatu dituzte emanaldiak aurten: otsailaren 6rako, 13rako, 20rako eta 27rako. Zortzi obra taularatuko dituzte guztira asteotan, ostegunero bina, eta, ohi denez, neurri bertsukoak izanen dira guztiak: formatu txikikoak, hala iraupenari nola muntaketari dagokionez —luzeenak 35 minutu irauten du—. Lautan Hiru egitasmoaren sorreratik aldarrikatu dute tamaina horren ahalmena, ez baitzuten beren leloa bestela bezala aukeratu: Antzerki txikia, festibal handia. Aurten, zifrei so, estreinaldi kopuruan ere erakutsiko du handitasuna zikloak: obren erdiak dira estreinaldiak. Zortzitik lau.

Euskaltzaindiak eta Bilboko Udalak antolatutako antzerki festibala da Lautan Hiru. 2019an egin zuten lehenbiziko aldiz, akademiaren mendeurrenaren karietara. Aurtengo jaialdiaren aurkezpenean nabarmendu dutenez, egitasmoak helburu hau du: «euskal antzerkilariei plaza berriak eskaintzea eta Bilboko Zazpikaleetan euskal giroa suspertzea». Hain zuzen ere horregatik, inguru horretako hainbat txokotan egiten dituzte ikuskizunak. Aurten, sei tokitan: Bira kulturgunean, Cafe Bar Bilbaon, Euskaltzaindiaren egoitzan, 7Katu gaztetxean, AEKren Kalderapeko gunean eta La Sinsorgan. Aipatu lekuetako kideez gain, Tartean teatro konpainiak ere hartzen du parte antolaketan.

Gaur Bilbon eginiko aurkezpenean zehaztu dutenez, festibalak hau izanen du leloa aurten: Gazte gara gazte eta ez dugu (zuen) antzerkia maite. Azaldu dutenez, «gazteek egiten duten antzerkiari» erreparatuko diote bereziki aldi honetan.

Zortzi eszenaratze

Emandako informazioaren arabera, hauek dira aurtengo Lautan Hirun izanen diren estreinaldiak: 2024ko Lautan Hiru laguntza eskuratu duen Alferrak, tunanteak, maleanteak obra; 7Katu gaztetxearekin batera sortutako Errealitatearen harribitxiak pieza —gaztetxean bertan estreinatuko dute—; Jokin Oregiren Arima eta Bihotza lana; eta Markos Goikolearen Destiny Driver. Azken biek sariketa banaren bitartez erdietsi dute Lautan Hiru festibalean taularatzeko aukera. Arima eta Bihotza obrak Lezoko Antzerki Testu Laburren Lehiaketa irabazi zuen iaz, eta Goikoleak Cafe Bar Bilbao antzerki laburren gidoien saria jaso du berriki —atzo bertan jakinarazi zuten—. Zikloaren antolatzaileek zehaztu dutenez, haren lanaren taularatzea «irakurketa dramatizatua» izanen da antzezlana baino gehiago, eta Cafe Bar Bilbaon bertan eginen dute, otsailaren 13an, 19:00etan hasita.

Gainera, beste lau emanaldi hauekin osatu dute aurtengo programazioa: Saioa Bañales eta Aroa Blancoren Odola, Bea Egizabalen Gregoria, Ruth Guimera eta Leire Orberen Buruaz norbere egin eta Gaizka Chamizoren Heroiaren mina. Programazioa —emanaldi bakoitzaren kokapena eta ordutegia— Euskaltzaindiaren webgunean da ikusgai. Aurten ez dute bonurik salduko, eta sarrerak emanaldiaren egunean bertan erosi beharko dira, 4 euroan; emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik emanen dute horretarako aukera. Hori bai: aurreko urteetan egin gisara, aurten ere egonen da zozketarik. Sarrerak erosi dituztenen artean eginen dira.

Bestalde, jakinarazi dute aurten ere eutsiko diotela Ikusle kluba izeneko ekimenari: ostegun bakoitzeko azken emanaldiaren ondotik, solasaldiak eginen dituzte obra bakoitzeko aktoreekin edo zuzendariekin. Euskal Herriko Antzerkigileen Elkarteak antolatu du egitasmo hori.

egitaraua

  • OTSAILAK 6.
    • Odola. Egileak: Saioa Bañales eta Aroa Blanco. Non: Euskaltzaindiaren egoitzan. Noiz: 18:30ean.
    • Gregoria. Egilea: Bea Egizabal. Non: La Sinsorgan. Noiz: 19:30ean.
  • OTSAILAK 13.
    • Destiny Driver.Egilea: Markos Goikolea. Aktoreak: Leire Ormazabal eta Koldo Olabarri. Non: Cafe Bar Bilbaon. Noiz: 19:00etan.
    • Alferrak, tunanteak, maleanteak. Egileak: Ane Zabala, Galder Perez eta Aitor Garcia de Bikuña. Non: Bira kulturgunean. Noiz: 20:00etan.
  • OTSAILAK 20.
    • Errealitatearen harribitxiak. Zuzendaria: Mikel Martinez. Aktoreak: Amets Larrea, Nerea Lizarralde, Josu Iriarte eta Jare Torralba. Non: 7Katu gaztetxean. Noiz: 19:00etan.
    • Buruaz norbere egin. Egileak: Ruth Guimera eta Leire Orbe. Non: Bira kulturgunean. Noiz: 20:00etan.
  • OTSAILAK 27.
    • Arima eta bihotza. Egileak: Mikel Losada eta Anje Oregi. Non: Kalderapeko. Noiz: 19:00etan.
    • Heroiaren Mina.Egilea: Gaizka Chamizo. Non: 7Katu gaztetxea. Noiz: 20:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.