Lau antzezlan estreinatuko dituzte Poltsiko Antzerkiaren 28. jaialdian

35 antzezlanetatik hamazazpi euskaraz izango dira. Gaurtik otsailaren 24ra egingo dute jaialdia

Antolatzaileak eta hainbat parte hartzaile Donostian bildu ziren, atzo, Poltsiko Antzerkiaren jaialdiaren aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU.
Miren Garate.
Donostia
2019ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Antzerkia herritarrengana eta batez ere gazteengana hurbiltzeko asmoz, 35 emanaldirekin dator Poltsiko Antzerkiaren 28. jaialdia Donostiara. Gaurtik otsailaren 24ra bitartean izango da, eta han estreinatuko dituzte, besteak beste, Poltsiko Antzerki Sorkuntza irabazi duen Intujai Teatroaren Ama-Alu-Lur(sorgin baten ametsak) eta finalista izan den Txinparta antzerki taldearen Zurrunbiloan lanak —beste bi estreinaldi ere izango dira: Fabiolo Connection eta Sekretu polita—.

Bederatzigarren aldiz antolatu dute sari hori, eta jaialdiari egiten dion ekarpena nabarmendu du Jon Aizpurua Kultur Ekintza Sailaren zuzendari teknikoak. Gogoratu du orain urte batzuk, jaialdia prestatzerakoan, euskarazko emanaldiak aurkitzeko zailtasunak izaten zituztela, eta hortik etorri zela sariketa martxan jartzeko ideia. Lan dezente aurkezten zirela ikusita, irabazleaz gain finalista ere saritzea erabaki zuten gero. «Estatu mailan lor daitezke emanaldiak, emanaldi onak gainera, baina nahi genuen Euskal Herriko eta euskarazko antzezlanak bultzatzea eta Poltsiko Antzerkiaren jaialdi honetan edukitzea». 35 antzezlanetatik hamazazpi izango dira euskaraz aurten, beste hamazazpi gaztelaniaz, eta testurik gabekoa izango da bat. Era berean, esan du genero aldetik ere saiatzen direla orekari eusten. Hamazazpi konpainiak parte hartuko dute jaialdian, eta horietatik lau emakumezkoek osatutakoak dira, bost mistoak, eta zortzi gizonezkoenak.

Gainerakoan, jaialdiaren ohiko ezaugarriei eutsiko diete. Hiriko auzo gehienetara zabalduko dute programazioa, eta antzerkia ikusteko hain ohikoak ez diren lekuetan izango dira emanaldiak, hala nola tabernetan, jubilatu nahizgazte elkarteetan eta museoetan. Ostegunetan, ostiraletan, larunbatetan eta igandetan izango dira saioak, eta ordaindu beharrik ez da izango. Formatu txiki eta ertaineko lanak bildu ohi ditu jaialdiak, eta «proposamen berriak eta berritzaileak ikusteko aukera bikaina» izaten dela nabarmendu du Jon Insausti Donostiako Kultura eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkariak. Gaiei dagokienez, gaurkotasuneko gaiak izango direla nagusi esan du, «bizi dugun munduari buruzko ikuspegi ezberdina eskaintzeko».

Orain dela lau urte festa handi bat antolatzen hasi ziren Poltsiko Antzerkiaren jaialdiari amaiera emateko, eta otsailaren 23an izango da aurtengoa, Dabadaba aretoan. Bakarrizketa saioak, musika eta abar izango direla iragarri dute antolatzaileek.

Bi bakarrizketa, uztartuta

Udaleko ordezkariez gain, jaialdiaren aurkezpenean izan dira Aitziber Garmendia eta Mikel Bermejo aktoreak ere. Haien Bizi(o)lagunak antzezlana izango da jaialdiko emanaldietako bat. Bakarrizketa saio bat izango da, aktore bakoitzak bere bakarrizketa egingo du, eta pisukideak izango balira bezala antolatuko dute emanaldia. «Nire zatia neuk idatzitako testua da, eta azpimarratu nahi izan dut emakumearen lekua komedian, eta horrek esan nahi du ez dugula beti gauza berdinei buruz hitz egin beharrik», esan du Garmendiak. Kontatu du El club de la comedia eta antzeko saioei begira egon izan dela eta konturatu dela emakumeek beti gai berdintsuei buruz egiten dutela komedia, hala nola depilazioari buruz edo bikotekide ohiei buruz. Komedia beste puntu batetik egitea nahi zuela ikusi zuen, gai gehiagotara iristea. «Nik 36 urte ditut, bakarrik bizi naiz, alokairuan, eta umerik ez daukat. Gaur egungo gizarterako, partidazo. Nire ingurukoekin konparatuta, ez dauka zerikusi handirik nire egoerak, nik neuk hala erabaki izan dudalako orain arte, eta hortik umorea egin behar nuela pentsatu nuen». Gasteizen estreinatu zuen bakarrizketa hori, eta gustura geratu zen jasotako erantzunarekin. «Oso ondo funtzionatu zuen, eta, gainera, gizonekin eta emakumeekin».

Bere bizipenak kontatuko ditu Bermejok ere. «Era guztietakoak: laneko bizipenak, trafiko isunekin ditudanak...». Madrilen bizi da gaur egun, eta, normalean bakarrizketak gaztelaniaz idazten dituen arren, jaialdirako prestatu beharrekoa euskaraz idazteko erronka jarri zion bere buruari. «Polita izan da, eta uste dut ondo geratu dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.