Lasaitasunaren luxua

Iban Aiesta zuzendariak hilabete darama 'Vera' lana filmatzen, eta bukatzear dituzte udako lanak

Vera filmeko aktoreak, Iban Aiesta zuzendariarekin (eskuinean) hizketan. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Izaba
2011ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Luxu bat dela aitortzen du, baina hori da egin duen hautua: patxadaren aldekoa. «Pazientziaz lan egiten dugu. Denbora hartzen dugu filmeko plano bakoitza prestatzeko. Egun batzuetan, plano bakarra grabatu izan dugu, edo agian bi, eta zinemagintzan horrela lan egin ahal izatea plazer hutsa da». Hilabete darama Iban Aiesta zuzendariak Erronkarin eta Zaraitzun (Nafarroa)Vera filmaren grabaketa zuzentzen. Trashumantzian ari den artzain bati buruzko istorioa kontatzen du filmak, bidaia poetiko bat, baina natura da filmaren lehengai nagusia, eta, horregatik, naturan bertan ari dira lanean.

Ibonen kobazuloko atarian, Izabatik gertu, aktoreekin hizketan ari da Aiesta. Plano pare bat grabatuko dituzte bertan, eta hizketan ari dira. Negoziatzen. «Hamabost pertsona ari gara lanean, eta nahiko modu horizontalean lan egiten dugu», azaldu du zuzendariak. «Ez dugu oso egitura zurruna. Aginduak emateko orduan eta erabakiak hartzekoan, taldean aritzen gara». Hori da filmaketa lanetarako eginiko beste hautuetariko bat, eta euskararena da beste bat. Euskaraz lan egiten dute, eta planoak ere euskaraz grabatzen dituzte. Euskaraz lehenik eta gaztelaniaz gero.

Ez da elkarrizketa askoko lana, halere. Irudiak du garrantzia, eta erritmoak. Naturaren eta gizakiaren arteko harremanak. Haren arabera moldatu dute filmaketa. Hasiera batean, udan ziren lana bukatzekoak, baina urtaro guztiak baliatzea erabaki dute azkenean. «Kalitatea eman nahi diogu filmari, eta horrek lasaitasuna eskatzen du».

Datorren astean bukatuko dituzte udako lanak, eta amaituta edukiko dute filmaren zatirik handiena. Nafarroa erdialdera eta Bardeara joango dira udazkenean, udaberrian eta neguan. Hurrengo urteko Donostiako Zinemaldirako eduki nahi dute bukatuta. «Balio erantsia ematen dio patxadak lanari», azaldu du Aiestak. «Gure egunerokoaren emozioak filmerako baliatzen laguntzen digu».

Aktorea da Urko Olazabal, eta Veraren bikotekidearena egiten du filmean, baina produktorea ere bada, eta zuzendari laguntzaile gisa ere badabil. «Komunismoa deitzen diogu gure lan egiteko modu berezi honi», dio txantxetan. «Oso esperientzia aberatsa da. Ezustekoz betea. Produkzio sistema mekanizatuetan lan egin dut orain arte, eta hau guztiz bestelakoa da. Lasaiagoa. Koadroa ongi begiratu, mugimenduak nondik norakoak diren aztertu... patxadaz hartzen dugu filmaketa. Bat dator lasaitasun hori proiektuaren filosofiarekin, eta emaitzan ere igarriko da».

Aktoreen askatasuna

Horizontala izan da lan egiteko modua, Nia Acosta aktoreak azaldu duenez. «Lanean hasi ahala gure irudipenak aipatzen dizkiogu Aiestari taldeko beste kideok, eta hark entzun egiten ditu. Gozamena da hori, eta eskertu egiten da askatasun hori interpretazioan». Lan egiteko «patxada» nabarmendu du Juainas Paul aktoreak ere. «Beste filmetan, maiz, plano motzetik plano motzera saltoka aritzen gara, eta ez dugu jakiten zehazki zertan ari garen ere. Kasu honetan, ez; planoak luzeak dira, eta aktoreok badakigu zertan gabiltzan».

Iritzi berekoa da Patricia Lopez aktorea ere. Veraren rola jokatzen du berak. «Lan egiteko oso modu berezia da hau, antzerkitik gertukoa. Libreagoa. Batzarren moduko sistema honek aberastu egiten du filma, nire ustez, gure ekarpenak egiteko aukera handiagoa izan baitugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.