«Bospasei urte daramatzat nire abestiak kantatu gabe»: Joxean Larrañaga Etxabe Urko-ren (Donostia, 1948) erantzuna, bihar 19:00etan Donostian emango duen kontzertua nondik datorren galdetutakoan. Azken hiruzpalau urteetan Gontzal Mendibilekin eta Gorka Knorrekin batera Euskal Herriko oholtzak korritu ostean, behar omen zuen halako zerbait. «Sei-zazpina kanta abesten genituen bakoitzak, eta lauki horren barruan nengoen. Zerbait berezia egiteko gogoa neukan, eta emazteak esan zidan: 'Zergatik ez dituzu kantatzen zeure kantak, zeuk egindakoak?'. Horrela sortu zen hau».
Sortu, eta hazi ere bai, ez baita proiektu txikia.
Muntatze handia izango da, bai. Hogei abesti kantatuko ditugu. Horietako batzuk bandetarako-eta nituen prestatuak, eta Iñaki Salvadorrek eta Iñaki Urkizuk egin dituzte egokitzapenak. Oraintxe bertan lehen lerroan dauden zazpi musikari izango ditut ondoan, eta, horiez gain, kolaboratzaile gisa, Iñaki Salvador bera eta beste bi arituko dira. Ikuskizun ezberdina izango dela uste dut; Urko ezberdin bat ikusiko du jendeak.
Ezezagunak izango al dira kanta guztiak, kontzertuaren izenak dioen bezala?
Ezagun batzuk ere izango dira, baina sorpresak izango dira nagusi. Jose Bergamini buruz egin nuen diskoko bizpahiru lan ere joko ditugu, esaterako. Bere garaian ez zitzaion kasu handirik egin lan horri, eta gogoz nago kantatzeko. Errepikaezina izango da. Bueno, errepikagarria bada, baina oso garestia, musikari guztiek behar bezala kobratuko dutelako egindako lan guztia.
Kontzertua zeure buruari egindako oparia da, neurri batean?
Bai. Nik ez dut kantatu nahi atzean Transportes Manolo dioen toldo bat dudala; ez nago bizitzako garai horretan jada. Horregatik daukat ilusio handia kontzertu honekin. Ordu eta erdi pasatxo iraungo du, eta oso gutxi hitz egingo dut, nekatuta nagoelako kantaldi batera joan eta hizketaldi amaiezinak entzuteaz. Kontzertu honek askatasun puntu bat esan nahi du niretzat: nahi ditudan abestiak non eta Viktoria Eugenian jotzea, nik aukeratutako musikariak ondoan ditudala, eta dirua kobratzea gainera! Eta ETBk grabatu egingo du saioa.
Gaur egun, hori pribilegioa da ia.
Bai. Artistak sortzen duen dirutik kobratu ohi du, eta hogeita hamar ikusle dituzten kantaldiak antolatzen dira oraintxe bertan. Sarrera 10 euroan jarri baduzu, 300 euro dira horiek, eta, oholtzan bost musikari badaude, atera kontuak buruko zenbat euro den hori... Horrekin nola mugituko da inor batetik bestera? Halaxe ari da jende asko musika uzten. Soluzioa, gainera, ez da erraza. Nik ez daukat konponbiderik. Zulotik aterako ote garen? Ez dakit, baina nola hala pasatu beharko dugu hau geuk ere, beste arlo batzuetako langileek bezala.
Kantariek-eta kobratzea gaizki ikusia zegoen garaian hasi zinen zu kantuan.
«Konponduko gara» zen orduko esaldia, bai. Politikan bezala, «hitz egingo dugu» eta «konponduko gara» ziren ohiko mezuak.
Oraingo egoerak halako garaiak ez ote dituen erabat gaurkotuko.
Dudarik ez prekarizazioa areagotuko dela. Gainera, garbiketa egiteko erabil dezakete batzuek egungo egoera. Horregatik, zein eta nola gauden mahai gainean jarri, eta lasai aztertu behar da egoera hau, onik aterako bagara.
1974an eman zenuen zuzeneko lehen kontzertua, Donostian, Trinitate plazan. Garai hartan, Ez Dok Amairuko kideak ziren erreferentzia nagusia euskarazko musikagintzan.
Bai, baina ni beste kontu batzuetan sartuta nengoen, politikoki ere bai. Ni Madrilera joan nintzen diskoa grabatzera, hemen ezinezkoa zelako. Komunista nintzela eta beste... Kontratu bat ere puskatu zidaten, Natxo de Feliperekin kantatzen nuela esanez.
Madrilen, disko bat ez, gehiago ere grabatu zenituen.
Zafirorekin sinatu nuen kontratua, bai, bost disko egiteko —Mocedadesek eta Joan Manuel Serratek ere orduantxe sinatu zuten etxe harekin—. Zeruko ateak irekitzea bezala izan zen hura niretzat. Beste mundu bat ezagutu nuen, eta musikari profesionalak ere bai. [Javier] Iturralde nafarrak egin zizkidan moldaketak. Sakonki maite zaitut Euskal Herria diskoa hala heldu zen [1976an].
Hurrengo urtean argitaratu zenuen Hemen gaude. Haren 80.000 ale saldu zenituen, eta urrezko disko izatea lortu.
Bai. Gauza bat zelako politikariek nitaz zer pentsatzen zuten, eta bestea herritarrek. Nire musika gustatzen zitzaien, eta kito. Pentsaezina zen halako salmenta kopuru bat hemen, baina proskritoak izaten jarraitu genuen.
Nortzuk sartzen dituzu gu horretan?
Natxo de Felipez gain, Imanol Larzabal —anaiak bezala ginen hura eta ni; eskolan ere elkarrekin ibili ginen—, Xeberri... Ni Euskadiko Ezkerran nengoen, eta oso konplikatua zen dena. Gero, polimiliek borroka armatua utzi zuten, eta barkamena eskatu beharrik gabe kalean ziren denak. Damutuak deitzen ziguten. Geroago ere, Imanolekin, izan ziren komeriak. Haren aurkako pintadak egin zituztenean eta Todos contra el miedo kontzertua antolatu genuenean, Serrat, Labordeta, Sabina eta beste asko etorri ziren, baina hemen bertako oso gutxi ginen hartan. Ezin da idatzi garai hartan zer gertatu zen, dena txikitzea litzatekeelako, zubi denak erretzea.
2021ean sartu berri garen honetan, eta atzera begira jarrita, zer nabarmenduko zenuke zure ibilbidean?
Lana. Ni pozik nago neure ibilbidearekin: lan onak egin ditudala uste dut, ondo pentsatuta beti zertan ari naizen. Independentea izan naiz beti. Duela gutxi entzun nion bati autoekoizpen bat egin behar izan duela orain, eta pentsatu nuen: «Mende laurden daramat-eta nik autoekoizpenak egiten!»
Ni 16 urterekin hasi nintzen afixak pegatzen, EAJ-EGIkoak. Kokoteraino egin nintzen, ordea, eta beste gauza batzuk bilatzen hasi. Euskara bultzatzen hasi nintzen batez ere. Oso jende gutxik zekien euskaraz nire inguruan; neuk ere ez nekien. Nire aitona-amonek ez zekiten erdaraz, eta nire amak ez zekien euskaraz; sekula ez dut hori barkatuko. Easo plazan jaioa naiz, eta euskaraz hutsa entzuten zen Donostian. Euskara ikasteko pisuak jartzen hasi ginen. Gure kantaldiak ez ziren kantaldiak, mitinak baizik.
Eta mitin haien erdian, maitasun kantak kantatzen zu.
Nik: «Zer eskatzen du herriak?». Eta jendeak: «Amnistia!». Eta hurrengoan nik: «Maite, maite, maitea...» [barreak]. Kristorenak izaten ziren emanaldi haiek... Behin 1976tik aurrera, politika egitea libre izan zenean —ordura arte ez bezala—, neuk nahi nituen kantak egiteari ekin nion. [Juan Paredes] Txiki eta [Anjel] Otaegi hil zituztenean, kantata bat egin nuen: Gure lagunei. Hamazazpi minutukoa da lan hori, eta Espainiako Auzitegi Goreneko epaile izan zen Joaquin Gimenezi deitu egin nion. Laguna nuen, eta hura kantatuta zerbait gerta ote zitzaidakeen jakin nahi nuen.
Argitaratu zenuen, bada.
1978an, bai. Gaur egun ezinezkoa litzateke. Atzeraka goaz, demokraziaren aitzakiarekin... Kantata hori Madrilen grabatu genuen, RTVEko abesbatzarekin. Javier Iturralde eta ni geunden, Luis Fernandez Soria teknikariarekin, eta, tarteka, Javierri itzuli egiten nion abesbatza kantatzen ari zena. Nire itzulpena entzun ahala, hark esaten zuen: «Kartzelara joango gara denok: zu, ni, teknikaria eta abesbatzakoak». Eta abesbatza, bitartean, «Aberria ala hil!» kantatzen.
Hori al da zure lanik kutunena?
Zalantzarik gabe, bai. Kutuna dut, baita ere, Kanta behar nuke. Eta Maite maite maitia.
Makina bat jende dantzarazi duzu azken horrekin.
Jende askok esan izan dit, bai, kanta horrekin lotu zela bikotekidearekin. «Nire semeak Urko izena du, zugatik» ere esan izan didate, eta ni Joxean izan! [barreak].
Eta zer diozu egungo panorama orokorraz?
Den-denekin kritiko nago: horixe egia. Hemen oraindik ez daukagu errespetuaren kulturarik, eta, kultur eta intelektual aldetik, maila baxuena orain dagoela iruditzen zait; inkultura izugarria dago. Musikari dagokionez, oraintxe bertan, musikari on asko eta asko dago Euskal Herrian, baina ez daukate irteerarik.
Joxean Larrañaga, 'Urko'. Kantaria
«Lasai aztertu behar da egoera hau, onik aterako bagara»
Ordu eta erdi pasatxoko errepasoa kantu propioei: hori da 'Ezezagunak' kontzertua, kantariarentzat. Bere buruari egindako opari gisa prestatu du, eta bihar emango, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, musikari taldea lagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu