Lasa: «Idazten utzi ez, eta gure literatura intimista dela esan dute gero»

Amaia Lasa Alegria idazlea euskal kulturgintzan emakume izateak ekarritakoaz mintzo da, besteak beste, 'Jakin' aldizkariaren maiatz eta ekaineko zenbakiko artikulu nagusian

Amaia Lasa Alegria idazlea. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Inigo Astiz
2022ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Erpinik eztitu beharrik gabe deskribatzen ditu Amaia Lasa Alegria idazleak (Getaria, Gipuzkoa, 1948) euskal kulturgintzan 1960tik gaur egunera arte izandako hamaika gatazka Jakin aldizkarian. Joan Mari Torrealdaik 1977an argitaratutako Euskal idazleak, gaur liburuan gertatutakoa hartzen du akordura, esaterako. «Arantxa Urretabizkaia eta biok aipatu gintuen lan horretan, idazle garaikide gisa. Gizonezko idazleak, berriz, argazki eta guzti atera zituen. Eta kexatu ginenean, burla egin ziguten. Betikoa da. Idazten utzi ez, eta idatzi dugunean gure literatura intimista dela esan izan dute, sinplea dela ere bai, gutxiesteko. Ez dakit nik zer daukaten txarretik intimitateak eta sinpletasunak. Eta sinpletasuna eta sinplekeria ez dira gauza bera». Hain zuzen ere, Amagoia Gurrutxaga kazetariak egindako elkarrizketa da maiatz eta ekaineko zenbakiko artikulu nagusia.

1969an eman zituen argitara bere lehen poemak Lasak. Idazle fundazionaltzat izendatu du horregatik Koldo Izagirrek XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman hari eskainitako liburuxkan, eta rara avis bat izan zela esana du hari buruz Mariasun Landa idazleak ere. Eta, hain zuzen, literatur bizipenei buruzkoa da Jakin aldizkariak argitaratutako elkarrizketaren parte handi bat, eta behin baino gehiagotan aipatzen ditu emakume izateagatik jasan behar izandakoak ere.

Horiez gainera, euskara batuak eragindako tentsioak, feminismoa, sexualitatea, Nikaraguako iraultza, irakaskuntza, Ez Dok Amairu, abortua, ETAren bereizketak eta poesiari buruzko hamaika gogoeta ere badakartza artikuluak. Lasak guztiak ezagutu baititu bertatik bertara, eta, kontatzen duenez, esaterako, Jose Angel Irigarai eta Joxean Artzeren arteko tirabirak izan ziren Ez Dok Amairu puskatu zuten faktoreetako bat.

Ezer goxatu beharrik gabe mintzo da idazlea Artzerekin izandako ezkontza bizitzari buruz ere. Elkarrekin urte batzuk zeramatzatela gertatutakoa du gogoan, besteak beste. «Proposatu zidan bera idaztera bakar-bakarrik jartzea eta ni lan egitera eta idaztera». Onartu egin zuen Lasak, eta damu puntu batez gogoratzen du pasartea. «Neuk ere poesia buru-belarri idazten hasi nahi nuenez, nork ekarriko zuen ogia etxera? Hortik sortutako eztabaidaren haritik, gure arteko maitasuna hautsi egin zen, eta etxetik alde egin zuen».

Liburugintza aztergai

Ez da zenbakiko artikulu bakarra, ordea. 2020ko liburugintza ere aztertu du Xabier Eizagirrek. Joan Mari Torrealdai zenak 1976az geroztik abian jarritako metodoari jarraitu dio horretarako, eta, ondorioztatu duenez, 2019an baino %11,4 titulu gehiago argitaratu zituen euskal liburugintzak urte hartan. Guztira, 2.569 titulu zenbatu ditu Eizagirrek, aurreko urtean baino 262 gehiago, analogikoak eta digitalak kontuan hartuta, eta, egilearen arabera, esanguratsua da igoerari buruzko datu hori, kontrakoa izan baita joera Espainiako zein Frantziako liburuen ekoizpenean. Han %9 egin duelako behera paperean argitaratutako titulu kopuruak.

Argitaratutako tituluen artean, hezkuntza eta irakaskuntzarekin lotutakoak dira gehienak: 1.100. Haur eta gazteentzako liburuak datoz ondoren zerrendan, 644 titulurekin, giza eta gizarte zientziak gero (330), eta helduen literaturan 296 dira 2020an argitaratutako lanak. Kopuru osoaren %11,5 osatzen dute, beraz, literatur lanek. Eta haien artean 41 dira nobedadeak.

Aisialdiari lotutako liburuak 98 izan ziren 2020an, eta datu horri lotuta doa Eizagirreren azterketako azken ondorioa. «Modernitatearen ikur den aisiak euskaraz ez du erakarpen handirik, dirudienez. Diglosiaren beste seinale bat: liburu mota hori ere erdaraz kontsumitzen dugu, antza».

Maider Eizmendi Iraolak emakume zientzialariek komunikabideetan duten rola izan du aztergai. Egileak dioenez, garai batean baino traba gutxiago dituzte emakumeek zientzia ikasketak egiteko, baina genero desorekak nabarmen zailtzen du gero ibilbide akademikoan aurrera egin eta erantzukizun karguetara iristea. 2021eko Zientzia Euskadin txostenaren arabera, esaterako, zientzia alorreko katedradunen %25 bakarrik dira emakumezkoak.

'Selfie'-ak eta zentzumenak

BERRIAren webgunean emakumezko zientzialariek duten presentzia ikertu du zehazki Eizmendi Iraolak bere artikuluan, eta 2014tik 2018rako epea hartu du kontuan. Aztertutako emakume zientzialarien %31,7 tradizionalki emakumeari lotutako gaietan edota emakumeen diskriminazioa jorratzen duten edukietan ageri dira. Eta ildo horretan doa azken ondorioa ere: «Lan honek frogatu du BERRIAk baduela emakume zientzialarien eta horien egoeraren inguruko ardura, eta dituzten zailtasunak mahaiaren gainean jartzeko borondatea. Hala eta guztiz ere, emakume horiek iturri gisa duten legitimitatea hobetzeko aukerak identifikatu dira».

Egunen gurpilean izeneko sailean Maialen Akizu Bidegainen eta Iñigo Martinez Peñaren testu bana argitaratu ditu aldizkariak. Bost zentzumenen bidez, kultur gaurkotasunari buruzko errepaso bat proposatzen du lehenaren artikuluak, eta, selfie-ak egiteko joerari tiraka, egungo munduan nitasunak duen bilakaerari buruzko hainbat gogoeta dakartza bigarrenarenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.