Dantz jaialdia eta Dantz Point egitasmoa, biak batean aurkeztu dituzte gaur goizean Donostian. Maria Jose Telleria Gipuzkoako Kulturako foru zuzendaria, Isaac Palencia Gazteriako foru zuzendaria, Jon Insausti Donostiako Kultura zinegotzia eta Jokin Telleria Dantzeko zuzendaria izan dira agerraldian, eta musika elektronikoan ardaztutako egitasmoak urtez urte izan duen gorakada izan dute denek gogoan. Dantz jaialdiaren zortzigarren aldia izango da aurtengoa, eta uztailaren 15etik 20ra egingo dute,ametsak hartuta gaitzat. Dantz Point, berriz, larunbat honetan bertan hasiko da, Lasarte-Orian (Gipuzkoa), eta artista hauek hartuko dute parte: Rubio B2B, Paolo Solo, Furonia B2B Lila, Kapitaina eta Jonfer.
«Dantz Point proiektu kultural bat da, musika elektronikoaren eta garaikidearen bidez gure ondarearen aberastasuna ospatzen duena», esan du Telleriak, eta «erreferente bat» bihurtu dela ere ospatu du, 2019tik hona 80 saiotik gora egin direlako Gipuzkoan —Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri zuen martxan—. Aurten, Lasarte-Oriako hasieraren ondoren, Azpeitira (maiatzak 11), Eibarrera (ekainak 22), Errenteriara (abuztuak 31) eta Elgoibarrera (irailak 21) helduko da, besteak beste. Eta Euskal Herritik kanpora ere iritsiko da, estreinakoz.
Donostia, «elektronikaren hiriburu»
Uztailaren 15etik 20ra, astebetez, Donostia «musika elektronikoaren hiriburu» bihurtzeko bokazioz hedatuko du bere programa Dantz jaialdiak aurten ere. DJ setak, topaketak, erakusketak, film proiekzioak, diskoen azoka, kontzertuak eta tailerrak antolatu dituzte, eta aurreratu dituzten izenen artean daude, besteak beste, Apparat, Avalon Emerson, Call Super, Courtesy, Dekmantel Soundsystem, Dubos, Gela, Hunee, Ian Pooley, Javier Carballo, Kittin, Lamia Mari, Palms Trax, Pional, Sonhar, Topagana Kiddo eta YX3.
Aurtengo ildo nagusiari lotuta —ametsak—, Xabier Erkizia soinu ikerlari eta artistak saio berezi bat ere eskainiko du, uztailaren 18an. Soinu performance parte hartzaile bat izango da, Tabakalerako Patio aretoan. Bertaratzen direnak kulturgunearen aretoetako batean lo egitera gonbidatuko dituzte, Erkiziak zuzeneko bat eskaintzen duen bitartean. Ondoren, gosari-tertulia bat izango da, bizi izandakoari buruz kolektiboki hausnartzeko. Nolabaiteko «loaldi soinudun bat» proposatzea da asmoa.
Jarduera horretarako sarrerak salgai daude jada —12 euroan—, baita jaialdirako gainontzeko sarrera guztiak ere, www.dantz.eu/festival webgunean.