Larrutuaren azalberritzea

Nagore Vargasen istorioa kontatzen du Uxue Alberdiren 'Jenisjoplin' nobela berriak, Euskal Herriak azken urteetan bizi izandako aldaketa politikoak atze-oihalean jarrita 

Uxue Alberdi Jenisjoplin eleberri kaleratu berria eskuetan hartuta, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
itziar ugarte irizar
Donostia
2017ko urriaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
2010eko azken uda egunak dira. Astelehen goiza da, eta autoz Artxandara bidean doaz lau lagun. «Azkuna alkatea bezala, Bilbo gu gabe nola dagoen ikustera», dio Irantzu pertsonaiak atzeko jarlekutik. Libre irratiko kideak dira, eta agur bilkura dute Artxandan, egun horretan bertan irratia itxi eta atxilotuak izango direlakoan baitira. Horra Uxue Alberdiren (Elgoibar, Gipuzkoa, 1984) azken nobelaren lehen eszena. Jenisjoplin du izenburua, eta bigarren eleberria du. Idazle baten ibilbidean egilearen «maila eta onarpena igotzen duten liburuak» daudela aipatu du Gorka Arrese Susa argitaletxeko editoreak, eta Alberdiren obran Jenisjoplin hala dela dio berak.

Nagore Vargasen istorioa kontatzen du Jenisjoplin-ek; Artxandara bidean auto atzean doan bigarrena, bera da eleberriko protagonista eta kontalaria. Haurtzaro gogor batek zaildua, izaera borrokalaria eta irmoa eraiki duen emakumea da. Alberdiren hitzetan, «errebelde bat, Espainiako migratzaileen ondorengoa, tabernarien alaba, eta klase kontzientzia eta zapalduaren identitatea oso gaztetatik egiten dituena bere. Langile auzo batean eta gurasoen taberna otxentero batean iniziatuko da, eta oso gazterik hartu beharko ditu heldu bati dagozkion erabakiak».

Eta zergatik Jenisjoplin? «Hori da mundu guztiak galdetzen didana», bota du egileak. Nobelan pisu handia duen Nagoreren eta bere aitaren arteko harremanean du jatorria, bada, izenburuak. «Nire aita 27 urterekin hildako emakumeen fana zen», dio nobelan bertan protagonistak. Horien artean, bistan denez, Janis Joplin abeslari estatubatuarraren jarraitzailea da Rafa Vargas aita. «Bizi errebeldeak eta gehienetan hondamenera kondenatuak» maite dituen gizona da, eta halaxe heziko du Nagore alaba; ausardiaren alde eta erosotasunaren kontra. Nagore ume dela, badu harentzat amets bat: alaba gitarra jotzailea izan dadila. Joplin musikariaren erreferentzia borobiltzen duen datua.

Editorearen eta idazlearen artean lehen hitzordura idazlea karpeta bete besapean, eta Nagore Vargasen inguruan ordura arte zekienaren berri emateko «gogo biziz» azaldu zela kontatu duArresek. «Karpeta zabaldu zuen eta hor zeuzkan apunteak, dialogoak, kontakizun pasarteak... Nobela han zegoen jada, paper mordo baten artean». Garatua zuen ordurako pertsonaia idazleak, eta segidan ohartu zen editorea «pertsonaia maitea» zela Alberdirentzat.

«Arima otxenteroa»

Bere edertasunean nola gordintasunean, erritmo bizian eta «filtrorik gabe» biziko ditu 1980ko eta 1990eko hamarraldiak Nagorek. Alberdik azaldu duenez, sasoi hartako giro biziak protagonistaren egoera emozionalarekin bat egingo du, eta, narrazioan aurrera joan ahala, hurbildu egingo dira gizartearen pultsua eta Nagoreren bizitzarena. Irakurlea gutxinaka joango da haren biografiako atalak eta bera jaio aurrekoak deskubrituz, ezinbestekoak izango direnak bere gaztaro intentsua ulertzeko.

«Nagorek esaten du arima otxenteroa daukala: justizia grina, desafiorako joera, gainez egindako amorrua, arbasoak mendekatzeko premia...». Izaera hori marrazten duten bi esaldi irakurri ditu liburutik egileak aurkezpenean. Hona bietako bat: «Horregatik bilatzen dut biolentzia, gorputz bat dudala, eta nirea dela oroitarazten didalako». Identitate zurrun hori ezustean zartatuko da, ordea, eta bere burua berrasmatu beharko du orduan Nagorek. «Identitatearen berrasmatze prozesu bat da, gorputzari eta sexualitateari lotuta. Oso intimoa, eta, aldi berean, Euskal Herriaren ibilbide identitarioaren ispilu izan daitekeena».

Fikzioaren distantzia

1982an jaioa da Nagore, eta 2014ra arteko bizitza kontatzen da eleberrian. Bizitza horren bidetik, baina, Euskal Herriko azken hiru hamarkadetan barrena eramango du irakurlea liburuak: «Heroien kulturatik zaurgarritasunaren kulturara, aurrez aurreko enfrentamenduetatik gerra isiletara, biolentziaren garaitik erruduntasunaren garaira, printzipio sendoen garaitik printzipio likidoen garaira, kaleen garaitik etxeen garaira». Hala, aurrez zalantzan jarri gabeko jarrera eta ideiak alboratu, eta ahultasunarekin bizitzen ikasi beharko du Nagorek.

Ideiak baino gehiago, «ideientzako plataforma» bat eraiki duela azaldu du idazleak, nondik eroso esan ahal izan dituen «beste testuinguru batzuetan» esan ezin izan dituenak. Era horretan, Euskal Herriko gatazka politikoari lotuta «bizipen eta kontraesan pertsonalak eta belaunaldikoenak» arakatzen saiatu da idazlea.

Lehen enkontruaren ostean, editoreak bidali zion ohar bat irakurri du hitzez hitz idazleak: «Zure nobelak kontatzen duen istorioa sakona da, beraz, uste dut estiloak izan behar lukeela arina, fluidoa, sinplea, bizkorra, akotazio gutxikoa, ur-lasterra bezain iheskorra eta freskoa». Nobela halaxe geratu delakoan da egilea, ekintza biziz eta elkarrizketa ugariz josia. «Mina ageri da bai, baina ez dago dramarik. Protagonistak bizitzari begira daude».

Nobela amaieran otarrain bat ageri da, Alberdik aurreratu duenez; otarrain bat azalberritzen, azal zaharra utzita, eta berria sortzeko zain, bigun eta zaurgarri. Otarrain hori da Jenisjoplin-en erakutsi nahi duena: «Horrela dago Nagore, eta uste dut horrela gaudela gu ere herri moduan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.