Larrua aldatu, barrua berritu

'Azalberritze bat' poesia liburua plazaratu du Esti Martinez Diaz de Zeriok, Balea Zuriarekin. Donostia Kultura I. Poesia Saria lortu du lanak

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2018ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
«Larruazal berri bat ospatuko dut gaur, berria izateari uzten dion arte». Esaldi horrek ematen dio hasiera Esti Martinez Diaz de Zerioren (Iruñea, 1991) Azalberritze bat liburuaren hirugarren atalari. Hain zuzen, poemaz poema, egileak azalberritze baten prozesua kontatu du bertan; minetik hasi, eta aldaketa ospatzerainoko bidea, azaleko berritzea sakoneko aldaketa ere badela agertuz. Balea Zuria argitaletxearekin plazaratu du lana, Donostia Kultura I. Poesia Saria irabazitakoa, eta atzo aurkeztu zuen, Donostian, Felipe Juaristi Balea Zuriako kideak eta Jon Insausti Donostiako Kultura zinegotziak lagunduta.

Lehen poesia liburua du Martinezek. Orain arte, narrazio laburrak idatzi izan ditu, baina poesia ere ez du urruti izan. «Igual modu inkontzientean-edo idazten nuen poesia; gehiago topatzen nuen nire koadernoaren ertzetan, edo ipuinetan tartekatzen nuen. Banuen gauzak metaforen bidez edo beste era batean, modu lirikoago batean esateko beharra, baina ez nion lekua topatzen». Idazle Eskolan egon da azken bi urteotan, eta azaldu zuen horrek lagundu diola poesia gehiago ezagutzen, forma ematen eta bere espazioa eskaintzen. Koadernoa poemaz beteta zuela jabetu zen orduan, eta, azalberritzearen metafora hor nonbait agertu zitzaionean, idatzita zeuzkanak eta aurrerantzean sortuko zituenak ideia horren barruan biltzea erabaki zuen. Hala osatu zuen liburua.

Narrastiek azalberritze prozesua hiru fasetan egiten dutela-eta, liburuko poemak ere hiru ataletan banatu ditu Martinezek. Soingainekoak du izenburu lehenak, berak «deserosotasun momentu batekin» lotzen duena. «Narrastiak ere zaurgarriago egoten dira fase horretan, ahulago. Eta horrekin lotu dut nik: egonezinarekin, mugitzen uzten ez dizun jantzi batekin». Azalberritzea izena darama bigarren parteak, eta azala eranzten hastearekin zein aldaketak onura ekar dezakeela jabetzearekin lotu du egileak; «introspekzio momentu batekin, barne begirada batekin, aldaketa kontzienteago batekin». Azalberritzea gertatu ostekoak, berriz, Irrintzi intimo bat azken atalean jaso ditu: «Azalberritzea gertatu ondoren, narrastiek distira egiten dute, eta nik ere barruko distira baten gisan islatu nahi izan dut. Aldaketak, nire ustez, izan daitezke azalekoak edo azalekoak ez direnak. Batzuetan, barrutik distira egitera eramaten zaituen aldaketa bat egon daiteke, eta nik horrekin lotu dut».

Aldaketaz gain, bestelako gaiak ere agertzen dira poemetan, egileak azaldu zuenez: denbora, beldurra, kanpotik datozen begiradak, barrutik kanpora doazenak, zaratak entzuten uzten ez duena, distantzia, prozesuak... Poemak lehen, bigarren eta hirugarren pertsonan idatzita daude, eta «oso pentsamenduko poesia» dela iruditzen zaio egileari. «Lehen pertsona gehiago mintzo da azaletik, baina bigarrena eta hirugarrena behatzen ari den pertsona gisa kokatu nahi izan ditut; bigarrenarekin, neure burua gehiago inplikatu dut, hirugarrenarekin distantzia gehiago hartu...».

Irailean, beste deialdi bat

Poza agertu zuen Balea Zuriako ordezkari Felipe Juaristik liburua argitaratzearekin, «badaukalako zerbait bereizgarria». Egilearen heldutasun literarioa eta poesiaz duen ezagutza nabarmendu zituen; horren adibide dira liburuan «omenaldi gisa» tartekatu dituen Anari, Anne Sexton, Maria Aurelia Capmany, Virginia Woolf, Castillo Suarez eta Joseba Sarrionandiaren aipuak.

Gaztea izanik ere, Martinezek badu ibilbide bat literaturaren munduan. 2012an, aipamen berezia jaso zuen Iruñeko Udalak egile gazteentzat antolatutako literatur lehiaketan; 2013an, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren sormen lehiaketan lehen saria eman zioten narratiba sailean; eta 2015. urtean, Petri Atarrabiakoa literatur saria jaso zuen.

Donostiako Udalak eta Balea Zuriak iaz jarri zuten martxan Donostia Kultura Poesia Saria, eta 35 urtetik beherako egileei egin zieten lanak aurkezteko deialdia. Lehen ediziora hemezortzi poema bilduma aurkeztu zituzten, eta, horien artetik, Martinezena saritzea erabaki zuen epaimahaiak, aho batez —Eli Tolaretxipik, Itxaro Bordak, Aritz Gorrotxategik eta Pello Otxotekok osatu zuten—. Horren harira plazaratu du orain Balea Zuriak lan irabazlea. Jon Insausti Donostiako Kultura zinegotziak iragarri zuenez, «iazko arrakasta ikusita», sariketara lanak aurkezteko deialdia berriro egingo dute aurten, irailean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.