Leipzigeko bere etxetik (Alemania) erantzun dio deiari Ainhoa Garmendiak (Legorreta, 1974). Jaiotzez goierritarra da, baina Goierrin baino urte gehiago daramatza jada kanpoan bizitzen, bere lanbideagatik. Haurra zela hasi zen Garmendia akordeoia jotzen ikasten, baina ingurukoak segituan ohartu ziren kanturako dohainak zituela. Piano eta kantu ikasketak egin zituen, baina inoiz ez dio ikasteari utzi. Europako hainbat herrialdetan bizi izan da, teknikan sakontzeko helburuarekin, eta bere ibilbide profesionalak ez du etenik izan. 2014an Opus Lirica sortu zuen Donostian, eta baita Donostiako opera denboraldia ere. Horiek dira, besteak beste, jaioterriarekin lotzen duten zilbor hesteak.
Leipzigen bizi zara 2001etik…
Bai. 2001ean egin zidaten Leipzigeko antzokian abesteko lehenbiziko lan kontratu finkoa. Behetik hasi nintzen, baina zortzi urtez aritu naiz bertan soprano bakarlari bezala. Alemanian, Espainian ez bezala, gure lanbidean kontratu finkoak izateko aukera handiagoa dago. Lanagatik etorri eta bertan gelditu nintzen. Nire bizitza guztiz aldatu zen urte hartan. Familia ere osatu dut, eta nire hiru seme-alabak hemen jaioak dira.
Alemanian eta Europako beste herrialde batzuetan, beraz, artisten lanari Euskal Herrian edo Espainian ez bezalako balioa ematen zaio?
Artearen munduarekiko bestelako pentsamolde bat daukate Alemanian, beste balio bat ematen zaio gure lanbideari. Espainian, oraindik, opera ezagutzen ez duen jende asko dago, aukera gutxiago dagoelako ere bai, ziurrenik. Hemen, urte batetik bestera opera lan bera ikustera joaten da jendea, eta gobernuak ere, orokorrean, asko babesten ditu musika eta kultura.
Nolakoa da euskaldun batentzat Alemanian bizitzea?
Hasieran zaila egiten da. Hemengo bizimoduak ez dauka gurearekin zerikusirik. Hizkuntza ere ez da erraza, hasieran kosta egiten da ikastea. Gero, urteak pasatzen doazen heinean, ohituz joaten zara; hizkuntza ere jada ondo menderatzen dut. Hizkuntza oso garrantzitsua da, asko laguntzen duelako egokitzen. Euskal Herria asko sumatzen dut faltan, baina bizi izan naizen leku bakoitzeko onenarekin gelditzen naiz beti.
Leipzigetik urruti jaio zinen: Legorretan.
Haurtzaroko oso oroitzapen ederrak ditut Legorretan. Bertan hasi nintzen, gurasoek bultzatuta, akordeoia eta solfeoa ikasten, Pello Ramirezekin; 8 bat urte izango nituen. Ramirez izan zen kanturako dohainak nituela esan zidan lehenbizikoa, eta 10 bat urterekin elizako abesbatzan hasi nintzen. Haurra nintzenetik erakarri izan nau musikak, baina abesten hastea oso berezia izan zen niretzat. Ordiziako musika eskolan hasi nintzen geroago, eta 14 bat urte nituela Ordiziara joan ginen bizitzera. Han amaitu nituen solfeo ikasketak, eta Oroith abesbatzan ere ibili nintzen. Akordeoia eta kantua ikasi nituen garai hartan, eta pianoa ere bai, Inma Goibururekin. Ordurako ohartuta nengoen kantuak beste edozerk baino gehiago erakartzen ninduela.
Donostiara joan zinen orduan, ezta?
Ordiziako musika eskolan bizpahiru urte neramatzanean, Donostiako Orfeoian proba bat egin nuen, bertako kantu eskolan sartzeko. Luxu bat zen; hamar bat pertsonarentzako lekua zegoen, eta Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen zuen. Proba egin eta hartu egin ninduten. Orduan hasi nintzen buru-belarri kantua ikasten, 17 urterekin. Donostiara joan nintzen bizitzera, eta ondorengo urteak oso azkar pasatu ziren. Kantu ikasketak egin nituen bertan; egun osoa eskaintzen nion musikari. Harmonia, konposizioa eta kantu ikasketetarako osagarriak ziren beste hainbat irakasgai, berriz, Donostiako Musika Kontserbatorioan egin nituen.
Gero Madrilen jarraitu zenuen zure ikasketetan sakontzen.
Madrilgo Goi Mailako Kantu Eskolara joan nintzen. Kantatzen jarraitzea da garrantzitsuena kantuan sakontzeko; kantuan ikasten jarraitu behar da, hori ez da inoiz bukatzen. Guztira, hamabi bat irakasle izan ditut nire ibilbidean, askotan aldatu ditut irakasleak, eta guztiengandik asko ikasi dut. Madrilgo Erkidegoko Abesbatzarako proba bat ere egin nuen garai hartan. Oposizioa gainditu eta plaza finko bat eskuratu nuen bertan. Goi Mailako Kantu Eskolako ikasketak eta lana uztartu nituen orduan, Helena Lazarska opera abeslari eta kantu irakasle poloniarra ezagutu nuen arte. Vienako kantu eskolara harekin joateko gonbita egin zidan segidan, eta ez nuen bi aldiz pentsatu.
Vienara joan zinen lehenengo, eta Parisera gero.
Vienan goi mailako kantu ikasketak egiten ari nintzela —bi urte egin nituen—, Marseillako [Frantzia] opera estudio batean sartzeko aukera izan nuen. Parisen probak egin, eta sartzea lortu nuen. Kantu ikasleak mundu profesionalera salto egiteko prestatzen dituzte opera estudio batean.
Ikasi eta ikasi aritu zara urte hauetan guztietan, hortaz.
Nire helburua beti izan da hobetuz joatea eta abesten ikasten jarraitzea. Teoriarekin bakarrik geratzea da arriskurik handiena kantuan, baina horrekin bakarrik ez da abesten ikasten; taula gainera igo beharra dago ondoren, eta bertan zer egin eta nola mugitu ere jakin beharra dago. Baina, beste alde batetik, egia da lanean hasi arte lanbidea ezin dela ondo jakin.
Ikasten jarraitzeko bide horretan, Marseillatik Leipzigera eraman zintuen bizitzak.
2001a zen, eta operan lan egiteko nire lehen aukera izan nuen. Orduan konturatu nintzen lanbideaz ez nekiela ezertxo ere. Aurretik lan txiki batzuk egindakoa nintzen, baina Leipzigeko antzokian egunero operara joaten hasi nintzenean, besteek egiten zutena ikusten nuenean… Asko ikasi nuen. Hasieran, paper txikiak egiten hasi nintzen, baina antzerkiaren munduan sartzeko eta eskolan ikusten ez diren mila gauza ikasteko aukera eman zidan.
Gertaera hark guztiz aldatuko zuen zure bizitza…
Hasieran, bi urterako kontratua egin zidaten, eta epe jakin batean berriz mugituko nintzen ustearekin hasi nintzen han bizitzen, ordura arteko nire bizimodua halakoxea izan baitzen. 2009ra arte aritu nintzen Leipzigeko antzokian lanean. Urtetik urtera hobetuz joan nintzen, eta rol txikietatik pertsonaia nagusietarako saltoa egin nuen. Urte horietan guztietan beste lan batzuk egiteko aukera ere izan nuen, eta 2006an Glyndebourneko [Erresuma Batua] jaialdian kontratu garrantzitsu bat lortu nuen. Operan mundu mailan dagoen jaialdirik garrantzitsuenetako bat da Glyndebournekoa. Alemaniatik kanpo, beste kontratu garrantzitsu gehiago sinatu nituen gero: Belgikan, Suitzan, Italian, Frantzian, Espainian…
Zeintzuk dira egitea egokitu zaizkizun rol esanguratsuenak?
Figaroren ezteiak operako Susanna, adibidez, berezia da. Niri gehien eman didan roletako bat da hori; nire lehenbiziko pertsonaia garrantzitsua izan zen, eta operaren historian dagoen rol luzeena ere bada. Hiru ordu eta erdiko opera bat da Figaroren ezteiak, eta Susannaren rolak hiru ordu irauten du; izugarria da. 2003an egin nuen lehenbizikoz lan hori Leipzigeko antzokian, Guy Joosteen zuzendari belgikarraren gidaritzapean, eta asko ikasteko aukera eman zidan. Nire ibilbide guztian gehien interpretatu dudan pertsonaia da Susanna.
Agertoki bat aukeratu beharko bazenu, zein aukeratuko zenuke?
Asko daude, baina Glyndebourg-ek aztarna utzi zuen nigan. Bi urtez jarraian hartu nuen parte jaialdi horretan. Hilabete eta erdian, bizpahiru egunetik behin izaten nuen emanaldiren bat. Hamasei funtzio egin nituen guztira. 2009an, L’elisir di amore [Gaetano Donizettirena] obran ordezko gisa aritzeko ere deitu zidaten. Zazpi astez entseatzen aritu eta gero, soprano nagusirik gabe geratu ziren estreinaldiaren bezperan. Estreinaldi egunean iritsi nintzen bertara, eta hiru orduz entseatuta taula gainera igo behar izan nuen arratsaldean. Oso hunkigarria izan zen, ikusleak zutik jarri ziren, eta nik negarrez amaitu nuen. Madrilgo Lizeoa eta Teatro Real ere oso garrantzitsuak izan dira niretzat. Bestela, Alemanian eta Belgikan ere oso gustura aritu izan naiz. Europatik kanpo, Kolonbian eta Korean ere abestu izan dut. Goi mailako ekoizpenetan lan egiten duzunean, oso handia da exijentzia, baina asebetetze handia sentitzen da.
Ainhoa Garmendia sopranoa, emanaldi batean. Wp Frank
Gogorra al da operaren eta kantuaren munduan bizirik irautea eta hortik bizitzea?
Oso gogorra da, bai. Diziplina handia exijitzen du, eta beti goi mailan egon beharra dago. Eliteko kirolariak bezalakoak gara gu. Intelektualki ahalegin handia egin behar da rol bat antzezteko, baina fisikoki ere sasoi onean egon beharra dago. Ahotsak ondo erantzuteko, teknikak sendoa izan beharra dauka, baina gorputzak ere ondo deskantsatuta egon behar du, jatekoa ere zaindu behar da… Maila ematen ez baduzu, ahaztu, ez zaituzte berriz ere deituko. Beti eman behar da maila lanean jarraitu ahal izateko.
Nolakoa da operaren mundua?
Oso indibidualista dela esango nuke; sarri oso bakarrik senti zaitezke. Zorte ona izanez gero, eta talde polit batekin lan egiteko aukera baduzu, lagunak egin ditzakezu. Gehienetan bakarrik bidaiatu behar izaten dugu, egun asko pasatzen ditugu bakarrik, eta hori ez da erraza beti. Lehia egon badago, baina gero eta diva gutxiago dagoela esango nuke. Gaur egun, artista zoragarriak daude.
2014an Opus Lirica sortu zenuen Donostian. Nolatan?
Ama izan nintzenean, bizitza aldatu egin zitzaidan; beste behar batzuk sortu zitzaizkidan. 2012an hasi nintzen buruari bueltaka. Konturatu nintzen, beste leku batzuetan ez bezala, Donostian ez zegoela opera denboraldi bat, eta horrelako zerbait egiteko irrika sortu zitzaidan. Ordutik, hamabi opera eta Mozarten requiema egin ditugu. Orain, pandemiarekin, bizirik irauteko lanean gabiltza, baina Opus Lirica bizirik dago, eta jarraitzeko asmotan.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Oso pertsona baikorra naiz. Zorionez, proiektu asko dauzkat esku artean. Kantu eskolak ematen ari naiz; nire bigarren pasioa da hori. Abeslariekin modu pribatuan eta eskola magistralak ere ematen ditut Bartzelonan, Euskal Herrian bertan… Leipzigen opera estudio bat sortzeko lanetan ere banabil, lagun artista batekin batera. Proiektu pilotu bat aurkeztu berri dugu orain gutxi, eta ilusio handia daukagu. Ez diot inoiz abesteari utziko. Jende askok ez dakien arren, ez dut opera soilik abesten: duela bost urtetik gitarra bat hartu, eta nire abesti propioak sortzen ari naiz, kantautore moduan. Talde bat osatu dut, eta entseatzen hasi gara. Ilusio handia daukat.