«Sortzeko dauzkagu lanik ederrenak»

Mursegok, Antton Telleriak, Amancay Gaztañagak eta Miren Amurizak Taupadaz taupaDA ikuskizun berezia eman dute eguerdian Landakon.

Mursego, gaur eguerdiko ekitaldian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko abenduaren 8a
14:38
Entzun

Azken eguna du gaurkoa Durangoko 55. Azokak, eta, Internet bidezko eskariak prestatzeko lanak etenik gabe segitzen duen bitartean, egitaraua aurrera doa. Gaur eguerdian eman dute Landakon, esaterako, Taupadaz taupaDA ekitaldi berezia. Mursego musikariak egin ditu bertan parte hartu dutenen hari musikal-narratibo lanak. Berak egin dio introa Antton Telleriari, hasteko, «une batez, gelditu zitzaigun bihotza, eta une batez gelditu ginen itsu, mutu, gor» kantatuz, txeloa eta loop-a lagun zituela.

Telleria oholtzara igo denean, atzeko pantailan irakur zitekeen: «Une batez, gelditu egin zitzaigun bihotza. Une batez. Gelditu. Itsu. Mutu. Gor». Testuinguru horretan umorea egitea zaila baina beharrezkoa dela esan du. «Harrigarria da euskaldunok honelako ekitaldiak antolatzen ditugunean ze joera dugun epikarako, sakoneko sentimenduak azaleratzeko eta hunkitzeko, zenbat gustatzen zaigun oilo ipurdia. Ez dakit zein neurritaraino den hori osasuntsua».

Telleriak bere monologoa bukatu duenean, Mursegoren txelo doinuek bete dute berriro Landako. Ikara hitzak ere bai. Eta Amancay Gaztañaga agertu da oholtzan, haurdunaldiko azken asteetan dagoen emakumearen tripa soinean, erditu nahian indarka. Barrukoak irten nahi ez, baina. «Hemen daukat, prest, baina ez du irten nahi». Ez hori bakarrik. «Denbora da ez dudala sentitzen». Pandemia garaiko itxialdiak sortutako ikaragatik omen; gehiago ez kantatzeko, ez ikusteko, ez entzuteko, ez sentitzeko, ez idazteko, ez irakurtzeko betarik uzten ez zuen beldurragatik. «Eta orduan sartu zitzaidan ikara, zabal-zabal». Itxialditik ere, ikaraz tindaturik atera omen zen. «Eta ordutik, hemen barruan dagoena, gaur zuei erakutsi nahi nizuena, geratu egin zitzaidan».

Sortzaileei langile estatusa ere ez onartzea sinesgaitza dela nabarmendu du Gaztañagak. «Gu isiltzea gauza erraza da, eta merkea. Gu ez gara langileak ere, ez gara ezer». Hala gelditu zaio barruan duen sormen alea, bada, ikarak izoztuta, irten nahi ezta. «Eta pena bat da, altxor bat zelako, baina dagoeneko ez dut sentitzen bere taupada».

Buztinezko taupadak

Mursego berriro ere, taupada hotsak aireratuz. Tau. Tau. Tau-pa. Tau-pa. Tau-pa-da. Tau-pa-da.. Eta berrogeita hamabost taupada zenbatu ditu, Durangoko Azokaren aldi bakoitzeko bat. Ikusleen txaloak. Eta Miren Amurizaren txanda oholtzan, makila eskuan eskean dabiltzan koplarien iruditik abiatutako collagea proposatuz. Collage horretan, baso bat liburu eta musika tresna, orbela, eta azkonar bat, basoan zer suma. Eta etxe txiki bat den buztinezko bihotza, taupaka. Laboaren oihartzunak eta antzinako bertsolariaren hitzak: «Anai-arrebak entzun ene abotsa, izaite bat eztaike hezur hutsez osa. Herria da gorputza..». Eta Amuriza galdezka: «Zenbat urte ditu gorputza esanda irudikatzen duzunak, zenbat kilo, zenbat ile, zenbat zango, zenbat orban...?». Bertsolariaren grabazio zaharra berriz: «Herria da gorputza, hizkuntza bihotza». Maitasun hitz aspaldikoak segidan. «Taupada zentenario bat, aldian-aldian berritzen dena». Gauaren bila dabiltzan sortzaileen ibilerak aletu ditu Amurizak, «sormena da bide bakarra!» oihu artean.

Altxatu da Mursego, hartu du makila, Amurizak ere bai, eta hasi dira koplaka. «Batuko ditugu limoiak, txermenak eta kume denak, sortzeko dauzkagu lanik ederrenak».

Amaitzeko, Mursegoren kantu bat, Amurizak, Gaztañagak eta berak «sormenari buruz» duten ikuspegia azaltzeko, Maurizia Aldeiturriaga inbokatuz; estralurtar sentituz; Talking Heads taldearen kantako psycho killer bihurtuz; tentsioa, plazera zein ezina sentituz. Bukatzeko, oholtzan denak igo eta elkarrekin kantatu dute: «Hauxe da despedidea, luza dezagun bidea» .

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.