Nextor Otaño grafitigileak ez du atsedenik hartzen. Urte hasieran, hark Pasaia (Gipuzkoa) jaioterrian eginiko horma irudi bat munduko ehun onenen artean sailkatu zuten, eta, orain, bideo bat argitaratu du erakusteko zer-nolakoa izan den Villabonan (Gipuzkoa) eginiko irudi bat sortzeko prozesua.
Fleming ikastetxean egin du irudia, eta, azaldu duenez, «hezkuntza publikoak inklusioa eta batasuna sustatzeko duen garrantzia azpimarratzen du». Gaineratu duenez, eskola horretan atzerritik helduriko ikasle asko daude. Irudian agertzen den animalia eskolan maskota gisa daukaten txakurra da. «Asko maite dute». Omenaldia egin nahi izan die ikastetxe horretako ikasleei.
Duela hiru urte, beste irudi bat egin zuen Villabonako haur hezkuntzako eskolan.
Gaztea da Otaño, 20 urte inguru ditu, baina nerabea zenetik aritu izan da aitarekin aldamioan edo garabian igota horma irudi handiak egiten. Euskal Herriko pertsonaiak hartu izan ditu margogai: Joxan Artze, Mikel Laboa eta Berri Txarrak taldea, esaterako.
Handik eta hemendik deitu izan dute lanak egiteko. Jose Migel Iztueta Lazkao Txiki bertsolariaren erretratu erraldoi bat egin zuen duela bi urte, Ordizian (Gipuzkoa).
Street Art Cities plataforma grafitiaren inguruko kultura hedatzeko sortu zen, eta mundu osoan eginiko irudiak nabarmentzen ditu hilabetero. Horien artean bozketa antolatzen du urtero, ehun grafitirik onenen zerrenda osatzeko, eta horretan sartu zuten Pasaiako Ciriza eraikinean eginikoa.