Mattin Aiestaran: «Lantzeko idazkuna berezia da toki produktibo batean aurkitu delako»

Arkeologoak dio Lantzeko idazkunak indartu egiten duela Irulegiko Eskuarekin egindako hipotesia: baskoiek idazkera propioa zuten euren hizkuntzan komunikatzeko.

Mattin Aiestaran arkeologoa, Arangurenen (Nafarroa). IÑIGO URIZ / FOKU
Mattin Aiestaran arkeologoa, Arangurenen (Nafarroa). IÑIGO URIZ / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
2024ko urriaren 22a
11:39
Entzun

Arkeologoa eta Aranzadi zientzia elkarteko kidea da Mattin Aiestaran (Tolosa, Gipuzkoa, 1991). Irulegiko Eskua aurkitu zuen lantaldea zuzentzen du, 2017az geroztik.

Zer esango zenuke Lantzeko aurkikuntzaz?

Pozteko modukoa dela, eta bertan aritu den lantaldea zoriontzekoa. Irulegiko Eskua aztertu duten hizkuntzalariak ari dira hor ere, eta Eskuarekin azaldutako hipotesiak berresten ditu Lantzekoak. Guretzat oso berri pozgarria da, aurrerapen handia dakarrelako gai hauetan. Hain epe motzean elementu bat baino gehiago aurkitzeak hipotesia indartuz joatea dakar.

Lotura estua ikusten diezu Irulegiko Eskuari eta Lantzeko idazkunari?

Lotura estua dute idazkera aldetik: paleohispaniarrak dira biak. Lantzekoak ez du beharbada Irulegiko Eskuak adinako jokorik ematen, baina idazkera bera da, eta ongi ikertu eta datatu da. Badirudi Irulegikoa baino apur bat geroxeagokoa dela, baina garai eta testuinguru berekoa betiere; alde horretatik du lotura estua. Eremua ere kontuan hartzekoa da, oso kilometro gutxira baitaude bat eta bestea. Baskoiek idazten zutenaren beste lekukotza bat da, eta aparta, meategi batean egina delako, hau da, gune ekonomiko batean; beraz, sekulakoa da. Ageri daitezela gehiago ere.

Hipotesiaren arabera, baskoiek idatzi egiten zuten, eta haien idazkera ez zen latinak ekarria.

Hipotesia da baskoiek bazutela beren hizkuntzan idazteko idazkera propioa. Hori nahiko onartua dago; epigrafista eta filologo gehienak bat datoz horretan, eta normalki ez dute adostasun askorik izaten. Baskoien hizkuntzak zer-nolako harremanak zituen beste hizkuntzekin, horretan da eztabaida. Egungo euskararekin harremanen bat baduela bai, baina egungo euskararen ama, izeba edo zer den ezin jakin. Dena den, harreman bat baduela bistan da, iberierarekin ere izan dezakeen bezala, horretan ere ez da eztabaida handirik. Nolanahi ere, testu bakar batetik ezin da askoz gehiago esan, eta, hain zuzen, testu gehiago behar da.

Bestela ere, garai hartako hizkuntzen arteko harremanak-eta ez dira ezagutzen.

Testigantza oso gutxi dago, eta dauden horietatik ahal den guztia zukututa ere ez da ondorio askorik ateratzerik. Pentsa, iberieraz 2.500 idazki inguru dago, eta iberiera transkribatzen da, baina ez da ulertzen, urte askoan landu den gaia izan arren. Baskoiek zuten hizkuntzaren eta idazkuntzaren inguruan askoz lekukotza gutxiago izanik, askoz ere handiagoak dira zailtasunak.

Zertan da berezi Lantzekoa?

Esku batez zenbatzen ahal dira horren inguruan aurkitutako elementuak; badira txanpon batzuk, eta txanpon horietan dauden izenak eta gainontzekoak ere hor daude, baina oso eskasak dira; beraz, bat gehiago izatea garrantzitsua da. Baina, horrez gain, beste mota batekoa da Lantzekoa, ez baita edozein txanpon, baizik eta gune produktibo batean aurkitutako idazkun bat. Irulegikoa etxe edo gune pribatu bati loturikoa da, eta, ziurrenik, errituen mundukoa, eta horrek egiten du berezi. Lantzeko idazkuna gune produktibo batean aurkitu delako da berezia, eta beste zerbait komunikatzeko egin delako.

Javier Velaza Filologia Klasikoko doktoreak antzeman zuen baskoien jendartearen zati handi bat bustitzen zuela idazketak, eta hori berresten du Lantzeko aurkikuntzak.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (5)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.