Hamar zinema egun beteren ostean, gaur iluntzean banatu dituzte Veneziako 80. Zinemaldiko sariak. Argitzen azkena izan da Urrezko Lehoia, eta faboritoen artean zegoen Yorgos Lanthimosen Poor Things lanak eraman du azkenean. XIX. mendean dago girotuta filma, eta, garaiko eskema sozialetatik libre, plazer, jakintza eta askatasun egarri den emakume baten (Emma Stone) ibilerak ditu kontagai.
Erritmo pausatuagoa duen film batek eraman du, bestalde, gaueko bigarren sari entzutetsuena, epaimahaiaren sari nagusia-Zilarrezko Lehoia: Ryusuke Hamaguchiren Aku Wa Sonzai Shinai Nai/Evil Does Not Exist lanak —landa eremuko komunitate batek glamping-aren fenomenoari aurre nola egiten duen kontatzen du—. Zuzendaririk onenaren Zilarrezko Lehoia, berriz, Matteo Garronek jaso du, Io Capitano filmarengatik. Afrika atzean utzi, eta Europarantz jotzen duten gazteen errealitateaz dihardu, eta filmeko aktore protagonistarentzat, Seydou Sarrirentzat, izan da, hain justu, aktore hasiberri onenaren saria. Txalo zaparrada luzea jaso du. Eta berdin Agnieszka Holandek ere, epaimahaiaren sari berezia jaso duenean Green Border lanarengatik —Bielorrusia eta Polonia artean harrapatuta dauden errefuxiatuez dihardu—.
Pablo Larrainek El conde estreinatu du egunotan Veneziako sail ofizialean, Pinochet diktadorea banpiro eran ageri duen filma, eta gidoi onenaren saria eraman dute Guillermo Calderon eta biek harekin. Interpretazioaren alorrean, berriz, Cailee Spaenyrentzat izan da emakumezko aktorerik onenaren saria, Priscilla-n egindako lanagatik —Elvis Presleyren emazte Priscilla Beaulieuri buruzko filma da, Sofia Coppolak zuzendua—; eta gizonezko aktorerik onenarena, Peter Sarsgaardentzat, Michael Francoren Memory-rengatik—hori zen, besteren artean, Urrezko Hartza lortzeko gehien aipatu den filmetako bat—.
Gaueko beste sari mordoxka bat Orizzonti sailean banatu dituzte, zinema lengoaia berriei eskainitakoan. Film onenaren saria Gabor Reiszenek eraman du atal horretan.