Lanthimosen 'Poor Things' filmak irabazi du Urrezko Lehoia

Veneziako 80. Zinemaldiko epaimahaiaren sari nagusia Ryusuke Hamaguchik eraman du, eta zuzendari onenarena, berriz, Matteo Garronek

Yorgos Lanthimos zinemagilea Urrezko Lehoia jasotzen, atzo, Venezian. ETTORE FERRARI / EFE.
itziar ugarte irizar
2023ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Hamar zinema egun beteren ostean, atzo iluntzean banatu zituzten Veneziako 80. Zinemaldiko sariak. Argitzen azkena izan zen Urrezko Lehoia, eta faboritoen artean zegoen Yorgos Lanthimosen Poor Things lanak eraman zuen. XIX. mendean dago girotuta filma, eta garai hartako eskema sozialetatik libre, plazer, jakintza eta askatasun egarri den emakume baten (Emma Stone) ibilerak ditu kontagai.

Erritmo pausatuagoa duen film batek eraman zuen, berriz, gaueko sari entzutetsuenetan bigarrena: epaimahaiaren sari nagusia, Zilarrezko Lehoia: Ryusuke Hamaguchiren Aku Wa Sonzai Shinai Nai/Evil Does Not Exist lanak glamping-aren fenomenoari landa eremuko komunitate batek aurre nola egiten duen kontatzen du. Zuzendaririk onenaren Zilarrezko Lehoia, berriz, Matteo Garronek jaso zuen, Io Capitano filmarengatik. Afrikatik Europarantz jotzen duten gazteen errealitateaz dihardu, eta filmeko aktore protagonistarentzat, Seydou Sarrirentzat, izan da, hain justu, aktore hasiberri onenaren saria. Txalo zaparrada luzea jaso zuen. Eta berdin Agnieszka Holandek ere epaimahaiaren sari berezia jaso zuenean, Green Border lanagatik —Bielorrusia eta Polonia artean harrapatuta dauden errefuxiatuez dihardu—.

Pablo Larrainek El conde estreinatu du egunotan Veneziako Sail Ofizialean; Pinochet diktadorea banpiro eran ageri da filmean, eta gidoi onenaren saria eraman dute Guillermo Calderon eta biek harekin. Interpretazioaren alorrean, berriz, Cailee Spaenyrentzat izan da emakumezko aktorerik onenaren saria, Priscilla-n egindako lanagatik —Elvis Presleyren emazte Priscilla Beaulieuri buruzko filma da, Sofia Coppolak zuzendua—; eta gizonezko aktorerik onenarena, Peter Sarsgaardentzat, Michael Francoren Memory-rengatik—hori zen, besteak beste, Urrezko Lehoia lortzeko gehien aipatu duten filmetako bat—.

Gaueko beste sari mordoxka bat Orizzonti sailean banatu zituzten, zinema lengoaia berriei eskainitakoan. Film onenaren saria Gabor Reiszenek eraman zuen hor.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.