HILBERRIA. Miren Iriarte

Lankide eta lagun «xaloa eta indartsua»

GORKA RUBIO / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
2022ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
«Miren, gurekin, denekin segur aski, xaloa izan da, maitagarria, zintzoa, ausarta, gardena, indartsua, bihotz-zabala», Amaia Apalauzak. «Eskerrik asko, Miren, sekulako oparia izan da zurekin egotea», Fernando Reyk. Hitz horiekin agurtu zuten bi itzultzaileek lagun eta lankide izandako Miren Iriarte Oiaga, atzo, Iruñeko hilerrian, haren beste adiskide eta senideekin batera egin zuten agur ekitaldian. Lagun eta ofiziokide izan zutenek «zorte handia» izan dutela nabarmendu zuten. Herenegun hil zen itzultzailea.

Iruñean jaio zen Iriarte, 1978an. Kazetaritzako lizentzia lortu zuen EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, 2000. urtean, eta Itzulpengintza Masterra egin zuen gero unibertsitate berean, baita Literatur Itzulpengintzako Graduondokoa ere, Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean. Bi urtez Euskaldunon Egunkaria-n kazetari aritu ostean, itzulpengintzari ekin zion, zenbait enpresa eta erakundetarako lanean, lehenik, eta Iruñeko Udaleko Itzulpen Zerbitzuan, gerora. Euskaratik, gaztelaniatik eta italieratik askotariko testuak itzultzen zituen, gaztelaniara eta euskarara.

Euskaratik beste hizkuntzetarako literatur itzulpengintza sustatzeko Idazlea Itzultzaileen Lantegian egitasmoan parte hartu zuen 2014. urtean, Danele Sarriugarteren Erraiak liburuaren lehen atala gaztelaniaz jartzeko. Halaber, EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen elkarteko Zuzendaritza Batzordean jardun zen 2013. eta 2014. urteetan.

Bere ibilbidean, euskarazko zenbait literatur lan gaztelerara eraman zituen, tartean, Sarriugarteren Erraiak, 2019an, eta Zer gertatzen da K herrian ilargi beteko gauetan?, 2020an; Samara Velteren Nik sinesten dizut: bortxaketaren kultura eta Sanferminetako kasua, 2019an; eta Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik, 2021ean.

Halaber, italieratik bi liburu ekarri zituen euskarara: Elena Ferranteren Ihesi doana eta gelditzen dena (2016); eta, Fleur Jaeggyren Proleterka (2018), Fernando Reyrekin lau eskutara itzulia, Literatura Unibertsala bildumarako.

Hain zuzen, Jaeggyren liburua elkarrekin itzuli izanak «harremana estutzeko» balio izan ziela azaldu zion atzo Reyk BERRIAri, eta orduko oroitzapen goxoa gorde duela gehitu zuen: «Oso lankide ona zen, oso apala, eta oso ongi moldatu ginen. Pertsona xaloa zen, sentibera, baina indar handikoa, bizitzaren zailtasunei bizipozez eta jakinduriaz aurre egin ziena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.