Aurki lehen urtebetea osatuko du Galtzagorri elkarteko lehendakari karguan Iñaki Markotegik (Donostia, 1964). 25 urtetik gora dira Donostiako Intxaurrondo ikastolan irakasle moduan lanean hasi zenetik, eta azken zazpi urteetan liburutegiko arduradun gisa egiten du lan ikastetxe horretan. Haur eta gazte literaturarekin kontaktu estuan egin izan du lan beti, liburuen eta haien hartzaileen arteko bitartekaritzan.
Zer egoeratan dago egun, zure ustez, euskal haur eta gazte literatura, sorkuntzari dagokionez?
Idazleen lana baloratu beharko banu, iruditzen zait garai oparoagoak izan direla. Oso oparoa izan zen, eta azken urteetan haur eta gazte literatura gutxi idazten ari den belaunaldi bat dugu, eta ez dut ikusten atzetik belaunaldi indartsu berririk. Beste hutsune bat ere ikusten dut: oso gutxi argitaratzen da haur txikientzat, sei urte bitartekoentzat; eta baita hamabi urtetik gorakoentzat ere. Ilustratzaileei dagokienez, aldiz, uste dut badagoela belaunaldi berri indartsu bat, oso proposamen interesgarriak plazaratzen.
Eskaintzaren zati handi bat itzulpenek osatzen dute.
Oso liburu interesgarriak kaleratzen dira, batez ere album ilustratuak, bai klasikoak eta bai berriak. Kristoren gozamena da Anthony Browne, Maurice Sendak eta gisako egileen liburuak euskaraz izatea. Liburuzainok asko eskertzen dugu eskaintza hori. Album ilustratuez gain, euskaratutako liburuen artean badira kontsumoko produktuak dei daitezkeenak ere; Geronimo Stiltonen eta Bad Bat xaguxarraren sailak eta horrelakoak. Ez dut uste kalitate handikoak direnik, baina egia da amuaren lana egiten dutela, irakurleak erakartzeko balio izaten dutela batzuetan.
Haur eta gazte literatura irakurlearengana helaraztea da Galtzagorriren xedeetako bat. Zer zailtasun nagusi daude bide horretan?
Nik irakasleen formazioan ikusten dut premiarik handiena, eta iruditzen zait alor horretan ez dela behar adinako ahaleginik egiten. Hori ez da bakarrik Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren ardura. Profesionalon ardura ere bada. Jendeak ikasi egin behar du, eta garrantzia eman behar zaio. Eta gurasoek ere behar dute formazioa, liburu dendetara joandakoan hango lekurik onenetan lehen aipatu dizudan kontsumoko literaturako liburuak ikusiko baitituzte, eta ilustratzaile, idazle eta editoreen lan onenen ezagutzarik gabe gera daitezke. Lanik onenak ezkutuan egoten dira gehienetan.
Zer eskatuko zenieke erakundeei, prestakuntzaren alor hori indartzeko?
Egiten dira gauza batzuk horretarako, baina horiek orokortu eta indartu egin beharko lirateke. Nik uste dut irakurketa plan bat jarri beharko luketela martxan erakunde publikoek. Baina egin beharko litzatekeela alderdien arteko adostasun batekin, etorkizunerako perspektiba batekin eta aurrekontu finko batekin. Irakurketa, eta kultura oro har, zerbitzu sozial bat bihurtzeko.
Hedabideek ematen al diote behar adinako garrantzirik haur eta gazte literaturari?
Hedabideentzat helduen literaturaren haurride gazte baten antzekoa da haur eta gazte literatura. Txikitxoen gauza bat. Etorkizunari begira, irakurleak izan daitezela nahi baduzu, haur eta gazte literatura oso garrantzitsua da. Bide asko daude literaturara iristeko, eta irakurle batzuk zaletuko dira beste bide batzuetatik, baina txikitan amuari heldu dionak aukera gehiago ditu bizitza osoan heltzeko. Pena bat da ETBko Ipupomamua saioa desagertu izana, eta irrati eta prentsa idatzian haur eta gazte literaturak horren leku gutxi izatea.
Duela 25 urte sortu zen Galtzagorri elkartea. Zer balorazio egiten duzu zuk, egungo lehendakari gisa, egun duen lanaz?
Nik uste dut lan handia egin duela, eta asko hazi dela azken urteetan. Programa batzuk egonkortu egin dira: Bularretik Mintzora, Liburuen Altxorra, Liburutegi Ibiltariak, Liburu Gaztea, Behinola aldizkaria, irakurketa mintegiak... Bide berriak ere ireki dira: Klis-Klasikoak saila —azkenaldian, diru laguntza faltaz, geldirik badago ere—, Maria Goikoak batbirulau!-ren sakelako telefonoetarako aplikazioak, guraso eta haurrentzako irakurketa klubak...
Zer erronka eta arazo nagusi ditu gaur egun elkarteak?
Dauden programak aurrera eramatea da gaur egun gure erronka nagusia, lan asko eskatzen baitute. Bularretik Mintzorak, adibidez, bolumen handia du: 19 herri, 7.200 haur, 400 irakasle, 49 eskola... Eta Bularretik Mintzora bezala gainerako programek ere ahalegin handia eskatzen dute. Erakundeen laguntza badugu, baina handiagoa izan nahiko genuke, lan handiagoa egiteko gure helburu nagusiei begira: irakurzaletasuna eta euskal haur eta gazte literatura sustatu.
Iñaki Markotegi. Galtzagorri elkarteko lehendakaria
«Lanik onenak ezkutuan egoten dira gehienetan»
Prestakuntzaren arloan du premiarik handiena haur eta gazte literaturak, Iñaki Markotegiren ustez; irakasle eta liburuzainen prestakuntzaz gain, gurasoena ere indartu beharko litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu