Langileria, mutatzen

Lan munduarekin lotutako hamar film proiektatuko ditu Bilbon Lan Ikus-entzunezko Langile Festibalak, bihartik larunbatera bitartean

Jaialdian proiektatuko duten Room Without a View filmeko irudi bat. LAN FESTIBALA.
Inigo Astiz
Bilbo
2022ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
«Bizkaiak sufritu duen desindustrializazio prozesuaren ondorioz lehenik, eta postindustrializazio prozesuaren ondorioz ondoren, pentsa dezakegu langile klasea desagertu egin dela, baina urtero jasotzen ditugun lanekin eta egiten dugun aukeraketarekin erakutsi nahi dugu langile klasea existitu egiten dela, inoiz baino biziago dagoela, eta, agian, orain mutatu eta beste esparru batzuetara heldu dela». Hori da Lan Ikus-entzunezko Langile Festibalaren helburua, Itxaso Diaz zinemagile eta jaialdiko zuzendariak azaldu duenez. Guztira, hamar film proiektatuko ditu horretarako aurten Bilboko BilboArteko aretoan, eta bi hitzaldi eta bi ibilaldi historiko ere eskainiko dituzte. Bihar hasi, eta larunbatera arte.

Guztira, 250 proposamen jaso dituzte antolatzaileek, eta bederatzi baino ez dituzte hautatu Sail Ofizialerako. Ez-fikziozkoak dira pelikula guztiak, eta laburrak gehien-gehienak. Bada salbuespen bat: Roser Creolla zinemagilearen RoomWithout a View. Libanoko etxe garbitzaile migranteen esplotazioa aztertzen du ordubetetik gorako lanak.

Askotariko gaiak lantzen dituzte proiektatuko diren lanek, jaialdiko zuzendariaren hitzetan, eta askotarikoak dira zinemagileek darabiltzaten teknikak ere, dokumentalak ez ezik, animazio lanak eta lan esperimentalak ere badaudelako tartean. Diaz: «Urtero harritzen gara gai honi eskainitako hainbeste ekoizpen daudela ikusita, eta hainbeste klasetakoak direla ohartuta».

Azken lan eguna

Errioxan (Espainia), zapatagintza industrian bizialdi osoa eman ostean, Tomas Jimenezen azken lan eguna eta lehen erretiro eguna erakutsiko ditu Condena y libertad filmak, esaterako. Eta Oro rojo filmak, berriz, animazioa eta dokumentala nahasiz erakutsiko ditu Huelvan (Espainia) marrubiak biltzen dituzten emakumezko langile marokoarren miseriak. Gonbidatutako film bat ere izango da: Estibaliz Gutierrezen Latsariak. Eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean antolatutako IkasLan proiektuaren emaitza den dokumentala ere proiektatuko dute: Minutu bat baduzu?

Bihar, etzi eta etzidamu, arratsaldez emango dituzte filmak, 19:00etan beti, eta bestelako saioak antolatuko dituzte lehenago. Esate baterako, solasaldia eskainiko du Colectivo Democracia elkarteak bihar, 17:30ean, Espainiako Poliziak egindako aldarrikapen sindikalak abiapuntu hartutako gogoetekin, eta sorkuntza lanek ohiko duten prekaritateaz arituko da Rocio Quillahuaman marrazkilaria etzi, ordu berean.

Bilboko iragan industriala ezagutzeko ibilaldi gidatua antolatu dute ostiralerako, Arantxa Peredarekin, eta, larunbatean, azkenik, Bilboko portura egingo den ibilaldi historikoarekin amaituko da programa. Kasu horretan, Jaio de la Puerta arituko da azalpenak ematen. «Bilbo hiri izan baino lehen, portu izan zela erakutsiko du ibilaldiak», azaldu du Camilo Torres jaialdiko programazioaren arduradunak.

2017an hasi zuen ibilbidea festibalak, eta handitzen igartzen dute beren eragin esparrua. Zuzendariak eman du azalpena: «Urtez urte egiaztatzen dugu nazioartean interes handia pizten duen gaia dela, atzerritik hamaika proposamen jasotzen ditugulako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.