Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu urtero Tene Mujika bekak —Debako Udalak (Gipuzkoa) eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute—. Eta Israel-Palestina auziari Euskal Herritik begiratuko dion egitasmo bat lagunduko du aurten. Lander Aranberri eta Iñaki Sagarna ikerlariek aurkeztu dute proiektua, eta hura saritzea erabaki du Kristina Berasainek, Eneko Bidegainek eta Cira Crespok osatutako epaimahaiak.
Zuzenbideko graduatua da Aranberri (Deba, 1996), eta abokatutzako eta nazioarteko ikasketetako masterduna; Sagarna (Deba, 1995), berriz, Historia graduatua eta masterduna da. Zehazki, Eretz-Herria: euskal erresistentziaren Israel-Palestina auziarekiko begirada 1950-1980 urteen artean du izenburua bi ikerlariek aurkeztu duten proiektuak. Elkar argitaletxeak zehaztu duenez, «bertan aztertu nahi dute euskal mugimendu abertzaleak —bere espresio politiko desberdinetan— nola ikusi izan duen gatazka hori, Israelgo Estatuaren sorreratik XX. mendearen azken hamarkadetara». Gaineratu dutenez, arreta berezia jarriko diote kultur munduari; «izan ere, hebreeraren biziberritzeak lilura eta jakin-min galantak sortu zituen garai bateko euskaltzaleen artean, baita kibbutzen mugimenduak ere».
Bi irabazleek urtebeteko epea izango dute beren proiektua garatzeko, eta liburu gisa argitaratuko dute emaitza ondoren.