Landartek positibotzat jo ditu aurtengo proiektuak

Nafarroako Kultura Zuzendaritza Nagusiak bultzatzen du egitasmoa. Sormen garaikideko prozesuak bultzatzen dituzte landa eremuan

Landarte egitasmoaren antolatzaile eta parte hartzaileetako batzuk, atzo, Iruñean. NAFARROAKO GOBERNUA.
Ane Eslava.
Iruñea
2021eko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Landarte ez da ohiko kultur programa bat: proposamen irekiak egiten ditu, eta prozesua du xede emaitza baino gehiago. Hori dela eta, ez da erraza hura azaltzea, ezta garatzea ere. Hala aitortu dute egitasmoaren antolatzaileek; baina, zailtasunak zailtasun, aurten ere «oso balantze positiboa» egin dute. Nafarroako Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza zerbitzuak antolatzen du programa, Kanpoko Bulegoa kolektiboaren bitartekaritza lanarekin. Atzo aurkeztu zituzten ondorioak, Nafarroako Museoan.

Egitasmoaren oinarria zera da: zenbait artista nafarrekin sormen garaikideko prozesuak bultzatzen dituzte despopulazio arriskuan diren Nafarroako herri eta ibarretan, horietan bizi direnen errealitate, interes eta beharrak aintzat hartuta. Aurten sei artista eta kolektibo aritu dira lanean.

Proiektuak

Protokolektibo taldeak Descamino proiektua garatu du Artzibarren, oinarri harturik ibarraren hedadura zabala, populazioaren sakabanaketa eta haren aniztasuna. Erabilera bakarreko argazki kamerak banatu dituzte hainbat herritako bizilagunen artean, ibarrarekiko duten ikuspegia eta harremana erregistra dezaten. Ondoren, irudien arteko harremanak bilatu dituzte.

Katixa Goldarazenak gorputzak bizitzan duen tokiari buruzko gogoeta bultzatu du Zubietan, hango tradizioetan oinarrituz. Hainbat saiotan horri buruz hausnartzera gonbidatu ditu herritarrak, herriko artxiboetatik abiatuta, esperimentatzeko.

Taxio Ardanazek antzerki erreferentziak dituen proposamen zinematografiko bat egin du Aiesan, Cabalga cabalga izenburupean. Biztanleen arteko elkarrizketan oinarritzen da, ekintza guztia plano finko batean gertatzen da, eta giza paisaia bilbeari jarraituz eraldatzen da.

Conjunta kolektiboaren asmoa izan da Murietako biztanleek gogoeta kontzeptual bat egitea, Ezpeldoiako paraje zaharraren balioa handitzeko prozesu batean, tokia beste ikuspegi batzuetatik ikusteko eta haren erabilera potentzialak azaleratzeko. De Chopera a Chopera deitu diote proiektuari.

Ana Maestrojuanek komunikazio proiektu bat garatu du Murillo el Fruton, Informazio kapsulak izenekoa. Audio grabazioetan, zenbait biztanlek kontatu dute zer den herria haientzat.

Azkenik, Arantza Santestebanek ikus-entzunezko pieza bat filmatu du Araitz ibarrean, Liluraren kontra izenekoa. Haraneko bizilagunek Malloetako paisaiarekin duten harreman afektiboa aztertu nahi izan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.