Landarte proiektuaren bitartez, Nafarroako Kultura Zuzendaritza Nagusiak sortze prozesuak bultzatu nahi ditu herrialdeko zenbait herri eta ibarretan, «horietan bizi direnen errealitate, interes eta beharrak aintzat hartuta». Hala, sorkuntza garaikidearen bidea erraztu nahi du, «landa eremutik eta landa eremuarekin», sortze prozesua bera egiten dena bezain garrantzitsua dela ulertuta.
Programa abian da dagoeneko, eta irailaren 30era arte gauzatuko dute Nafarroako sei herri eta ibarretan, maila batean edo bestean despopulazioaren arazoa pairatzen duten eremuetakoak: Aiesa, Murieta, Murillo el Fruto, Araitz ibarra, Artzibar eta Zubieta. Bertan, hainbat artistak eta sortzailek kultur prozesuak garatuko dituzte biztanleekin elkarlanean.
Taxio Ardanaz artista Aiesa udalerrian ari da lanean; Ines Castillok, Felipe Fuentesek, Iker Ordoñok eta Arantxa Satrustegik osatutako Arkitektura Bateratuko estudioa Murietan; Ana Maestrojuan antzerkigilea Murillo el Fruton; Arantza Santesteban zinemagilea Araitz ibarrean; Protokolektibo taldea Artzibarren; eta Katixa Goldarazena Zubietan. Oraingoz hastapenetan daude, eta ezin dute zehaztu zer egingo duten leku bakoitzean; datozen asteetan definitu eta garatuko dituzte proiektuak.
Artistak ez ezik, Landartek bitartekari talde bat dauka, herrien, artisten eta erakundeen arteko koordinazioa egiten duena; artistei laguntzen diena proiektuak herriekin koherenteak izan daitezen, eta herrietako biztanleria dinamizatzen duena. Kideen artean Kanpoko Bulegoak taldeko Marc Badal eta Anne Ibañez daude.
Tradizioetara mugatu gabe
Ignacio Apeztegia Nafarroako Kultura zuzendari nagusiak aurkezpenean azaldu duenez, egitasmoak landa eremuan egin ohi diren kultur ekimenen esperientzietatik «harago» joan nahi du; «ohikoa baita kulturaren alde tradizionalenera soilik mugatzea», hala nola ondarearekin edo turismoarekin lotutako ekintzetara. Haiek, ordea, komunitateen «ahalduntzea» sustatu nahi dute, kultura garaikidearen bitartez. «Ez da kontzertu bat programatzea eta herriko jendea aulkiak jartzera mugatzea», azpimarratu du Marc Badal koordinatzaile taldeko kideak.
«Benetako» hartu-eman bat, «zuzena eta intimoa», ezarri nahi dute herri bakoitzeko ondare immaterialarekin, bizimoduarekin eta iruditeriarekin. Horrekin batera, kultur sektoreak begirada hirigunetik atera eta landa ingurunera ohitzea nahi dute.
Landarte arte garaikideko programa Nafarroako sei herritan egingo dute
Nafarroako Gobernuak bosgarren urtez antolatu du landa eremuan kultur garaikideko sortze prozesuak sustatzeko Landarte programa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu