«Gure euskaltegian bertan, eta irakaskuntza orokorrean ere, ikusten dugunez,irakurketarena maldan behera doan ekintza bat da, eta hori euskarazko irakurketari buruzkoetan sartu gabe. Horregatik, garrantzitsua da horren alde zer edo zertxo egitea. Denak daudelako horren alde, baina gutxi-gutxi batzuek bakarrik praktikatzen dute». Pedro Alberdi Bilbo Zaharra euskaltegiko kide eta Bilbo Zaharra Forum egitasmoko buruak gogoratu duenez, 2008an jarri zuten abian euskarazko liburuen irakurketa publikoa, eta, lehen aldi hartan, ehunka pertsona batu zituzten, egun osoz, Axularren Gero liburua irakurtzeko. Hamabigarren aldia beteko du aurten proiektuak, eta Mariasun Landa idazlearen lanak hautatu dituzte oraingoan irakurketarako. Pandemia betean, argi printza bat piztea ere izango da helburua, Alberdik aitortu duenez. «Hain beltz dago dena, ezen arrakasta bilakatzen baita zerbait egitera iriste hutsa». Zehazki, hurrengo asteartean egingo dute irakurketa Bilboko Arriaga antzokian, baina, aurrez, gaur bertan hasita, hiru hitzaldi antolatu dituzte, hirurak ere Landaren lana eta ibilbidea ardatz izango dituztenak.
Juan Kruz Igerabide eta Patxi Zubizarreta idazleak arituko dira gaur; Marijose Olaziregi eta Ibon Egaña literatur aditu eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak izango dira bihar, eta astelehenean helduko da Mariasun Landa bera hizketan entzuteko aukera. Solasaldi guztiak 19:00etan hasiko dira, Euskaltzaindiaren egoitzan, eta segurtasun eta osasun neurri guztiak beteko dira.
Antologia gisako bat
Alberdik azaldu duenez, abiapuntua da hizlari guztiei ezarri dieten bakarra, eta «libre» utzi diete bidea hortik aurrera. «Egiaztatuta daukagu diskurtsoek inoiz ez dutela kointziditzen. Gainera, Landaren lana zabala da».
Ekainerako zuten prest irakurketa publikoa berez, baina, koronabirusaren ondorioz, atzeratu egin behar izan zuten. Aldaketak ere egin behar izan dituzte. Hasieran, bi irakurketa egun antolatu zituzten: haur eta gazteekin lehena, eta helduekin bigarrena; osasun eta segurtasun neurrien ondorioz, baina, ekitaldi bakarra egingo dute, eta hori ere eguerdira artekoa.
Antologia moduko bat ere izango da irakurketa publikoa, Alberdiren hitzetan. «Landak ez dauka hamar orduko irakurketa jarraitu bat egiteko ematen duen libururik, eta, horregatik, haren liburu batzuk hautatu ditugu, eta bilduma digital bat sortu dugu irakurketarako». Haien artean dira, besteak beste, Txan fantasma (1982), Galtzerdi suizida (2001) eta Krokodiloa ohe azpian (2002).
«Dena erortzen ari den honetan zerbait salbatzea oso garrantzitsua da», azaldu du Alberdik. Hala, hilaren 17an, hamaika ahots hartuko ditu idazleak bere-bere duen bestiarioak.
Landaren bestiario hautatua
Mariasun Landaren omenezko hitzaldi sorta bat eta irakurketa publikoa antolatu dituzte Bilbon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu