Kritika. Artea.

Landareen memoria ezezagunak

Ani Mesaren pieza batzuk, Lamai espazioko erakusketan. BLANCA CASTRO
Ani Mesaren pieza batzuk, Lamai espazioko erakusketan. BLANCA CASTRO
2024ko abenduaren 3a
05:00
Entzun

'Temporada de mutaciones'

Non: Lamai espazioan, Iruñean. Noiz arte:Abenduaren 15era arte.

Ani Mesa eskultore kolonbiarrak bere artelanen arima islatzen duen erakusketa inauguratu du Iruñeko Lamai espazioan. Temporada de mutaciones izenburua du, eta ekosistemen hauskortasunari eta edertasunari buruz hausnartzera gonbidatzen gaitu. Horretarako, Maite Covadak garatutako proposamen kuratorialak ikuslea baso ezezagun baten bihotzera eramaten du, non, bertan barneratzen garen heinean, Mesaren eskulturekin topo egiten dugun. Piezek desagertzeko arriskuan dagoen Magnolia silvioi espezieari egiten diote erreferentzia, eta horien zaurgarritasunaren inguruko hausnarketak proposatu.

Erakusketaren espaziora iritsi aurretik, Lamai espazioaren lehen aretoa zeharkatu behar da. Farmazia zahar baten egitura mantentzen duen eta bitxi-denda oniriko bihurtu den gune berezia da: sabai polikromatuak, egurrezko egiturak... Espazio horretan barrena egindako ibilbideak aurkituko dugunaren giro ezohikoaren lehen pista ematen digu. Eta hala da.

Lehenengo espazioa atzean utzi eta erakusketa espazioan sartzen garenean, beste mundu batera lekualdatu garela sentitzen dugu. Landareek sabai polikromatuak ordezkatzen dituzte, eta argia soilik Ani Mesaren eskulturetan isurtzen da. Nolabait, aurreikusten dugun espazioa, erakusketa izateari utzi, eta ezezaguna bezain iluna den oihan bat bilakatzen da. Orduan, atmosfera osotu bat sortzen dela sentitu dezakegu, mostra biltzen duten aztarna guztiek bat egiten baitute: hostoak, adarrak, marmolak, alabastroa, goroldioak…

Kontenplazio estetiko horretan, naturaren zikloen inguruan hausnartzeko bulkada sentitzen dugu. Hori, batez ere, Mesaren eskulturetan gauzatzen da, desagertzeko arriskuan dagoen Magnolio kolonbiar baten omenez zizelkatu baitzituen artistak. Alabastrozko, marmolezko edo brontzezko egiturak tartekatzen dira benetako loreen artean, eta horrek materialen, irudien eta formen arteko tentsioak sortzen ditu.

Artistak, hain zuzen, detaile osoz egituratzen ditu landareen formak, eta materialen gogortasuna desagertzen dela sentitzen dugu. Irudien testura leunek formen biguntasunean jartzen dute fokua. Baina, era berean, inguruko landareen hauskortasunaz ohartzean tentsio orekatu bat sentitzen dugu. Alegia, zaurgarritasunaren eta erresistentziaren arteko oreka hauskorra arnasten hasten da orduan. Landareen presentziak eta eskulturen gainazal hotzek trantsizioak sortzen dituzte, non egiturak elkarren artean ehuntzen diren, naturaren eta artearen arteko elkarrizketak abiarazita.

Formek zerbait ezkutatzen dute: bakoitzak bere jatorria du, bere istorio propioa eta istorio horren heldulekua den genealogia ere. Landareen gorputzak gure aurrekoa den eta ezezaguna zaigun memoria bat gordetzen du. Gizakion aurrekaria izan den memoria hori, era berean, gizakiok iraungiko dugu. Baina piezek ahanzturaren aurkako erresistentzia iradokitzen dute, eta ekosistemen edertasun hauskorrarekiko sentsibilizazioa piztu nahi dute.

Erakusketa ez da, ordea, soilik pieza artistikoen bilduma bat. Proiektu zabalago baten adierazpena da, artearen eta ekintza sozialaren arteko muga lausotzen duena. Magnolio silvioi-aren inguruko kontserbazio lanak eta eskulturen sorrera erantzukizunerako dei bat dira, galdera bat mahaigaineratzen baitute: gure existentziak ekosistemenak baino gehiago balio al du?

Piezek eta horiek biltzen dituen atmosferak ez dute erantzunik ematen, baina etenaldi bat sortzen dute bertan barneratzen garenongan. Orduan ohartzen gara gu garela atmosferaren oreka tenkatzen duen pieza erabakigarriena. Marmolen, alabastroen eta landareen arteko elkarrizketa horretan, gure presentzia baita besteen existentzia baldintzatzen duena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.