Musika

Landarbaso Abesbatzak Baliko Grand Prixean hartuko du parte

Errenteriako koruak mundu mailako bi lehiaketatan parte hartuko du: II. Asia Grand Prix Final delakoan eta Baliko Nazioarteko Koru Jaialdian

Landarbaso abesbatzako kideak eta Goizane Alvarez Donostiako Aquariumean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Nagore Garmendia Artano
2023ko uztailaren 14a
17:27
Entzun

«Euskal Herria abesten duen herria da». Landarbaso abesbatzako zuzendaria den Iñaki Tolaretxipik argi dauka Euskal Herriak asko duela eskaintzeko nazioarteko abesbatzen lehiaketetan. Hori erakusteko, Balira (Indonesia) joango da Errenteriako abesbatza (Gipuzkoa), uztailaren 22an, mundu mailako bi lehiaketatan aritzera: II. Asia Grand Prix Final izenekoa eta Baliko Nazioarteko Koru jaialdia. Ez da abesbatzak Bali bisitatzen duen lehen aldia: 2019an, 108 abesbatzak hartu zuten parte Baliko Nazioarteko VIII. Koru Jaialdian, eta Landarbasok irabazi zuen. Hala lortu zuen aurtengo Asia Grand Prixaren finalean aritzeko aukera.

«Asiako Grand Prixa gure emanaldirik garrantzitsuena da», azaldu du Tolaretxipik. «Ez gara inoiz honetarako bezainbeste prestatu». Nazioarteko hemeretzi sari dauzka Landarbasok, baina lehen aldia da Europako koru bat final horretan dagoena, eta Europako ordezkari izatea «ohorea» dela aitortu du zuzendariak. Filipenetako, Indonesiako, Taiwango eta Malaysiako abesbatzekin batera arituko da Landarbaso finalean, eta, lehen saria eskuratuko balu, kontinente arteko Grand Prix bat irabazten duen lehen euskal abesbatza izango litzateke. Esan dutenez, horrek izugarrizko eragina izango luke taldearen ospean, eta baita euskal musikaren eta kulturaren hedapenean ere. «Gure kultura eta gure lurraldea mundura zabaltzeko agenterik handienetariko bat da Landarbaso», adierazi du Goizane Alvarezek, Gipuzkoako Kultura diputatuak. «Ez dago etorkizunik gaztetxoen erreferenteak lantzen ez baditugu, eta Landarbaso erreferente bikaina da».

Finalean lehiatuko den Landarbasoko taldeak 38 abeslari izango ditu. «Maila handiko» programa bat prestatu duten arren, erronka handia dute: bost obra kantatu behar dituzte, hogei minutuko tartean, geldialdirik egin gabe. Horretarako, folklorean ospe handia duten bi pieza aurkeztuko dituzte, besteak beste: Jesus Guridiren Akerra ikusi degu eta Javier Bustoren Ametsetan. Adierazi dutenez, badute lehen sarira nola gerturatu: Jekabs Jancevskis konpositore letoniarraren Atsalums pieza kantatuz; izan ere, oso obra konplexua da, musika konposizio aldetik eta horrek eskatzen duen ahots gaitasunarengatik. Gogotsu badago ere, Tolaretxipik taldearen kezka azaldu du: 30 orduko bidaia batetik deskantsatzeko 24 ordu baino gutxiago izango ditu taldeak. Hala ere, alde positiboa irribarrez adierazi du: «Talde exotikoa izango gara, beste guztiak asiarrak baitira». Aurtengo Grand Prixeko finala uztailaren 25ean izango da, eta, Landarbasorekin batera, abesbatza hauek hartuko dute parte: Bosco Makati-Boscorale eta Far Estern University (Filipinak), PSM Swara Wadhana (Indonesia), Tamkang Fluxingers (Taiwan) eta Men’s Chorus (Malaysia).

2019an irabazi zuen Landarbasok Baliko Nazioarteko Koru jaialdia, eta hala lortu zuen Grand Prixean aritzeko aukera. Aurtengo aldiari dagokionez, hiru kategoriatan lehiatuko da korua: folklorean, abesbatza mistoetan eta erlijio musikan. Aurtengo lehiakideen inguruan gutxi jakin nahi izan du taldeak: «Nahiago dugu gure lana egin, beste ezerk eragin gabe», azaldu du Tolaretxipik. Hala ere, aitortu du Indonesiakoak «oso onak» direla: «Nahiko arerio gogorrak dira Indonesiakoak, eta gero, filipinarrak. Filipinak izugarrizko eskola dira».

Abesbatzak eskertu egin du bidaia hori egin ahal izateko diputazioak eman dion laguntza: «Asko aurreztu dugu, baina bidaia oso garestia da. Diputaziokoek ulertu dute momentu historiko bat dela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.