Musika

Landarbaso Abesbatzak Asiako Grand Prixa irabazi du

Balin (Indonesia) jokatu da kantu lehiaketa, eta Errenteriako korua Asiako beste bost talderi gailendu zaio.

Landarbaso Abesbatzako kideak, gaur, saria ospatzen. LANDARBASO ABESBATZA
mikel lizarralde
2023ko uztailaren 25a
21:19
Entzun

Errenteriako (Gipuzkoa) Landarbaso Abesbatzak bere ibilbideko saririk garrantzitsuena eskuratu du gaur, Balin: Asiako Grand Prix finala. Lehiaketa horretan parte hartu duen Europako lehenengo abesbatza da Landarbaso, eta estreinaldian sari nagusia irabazi du. Asiako Grand Prix finalera beste hainbat lehiaketatan garaile ateratako abesbatzak igarotzen dira, eta 2019an Balin bertan egindako txapelketa irabazi ondoren pasatu zen finalera.

Filipinetako bi abesbatzaz gain, Malaysiako koru bat, Indonesiako koru bat eta Taiwaneko beste bat izan ditu aurkari Iñaki Tolaretxipik zuzendutako taldeak. Finala Baliko Giri Nata Mandala aretoan jokatu da, abesbatzak berak ohar baten bidez adierazi duenez, «koru kanturako akustika zaila» duen areto bat: «Eszenatokiaren tamaina handia dela eta, zailtasunik handienetako bat musika publikoarengana eta, bereziki, nazioarteko epaimahaiarengana iristea izan da. Soinuaren potentzia eta kalitatea, ziur aski, faktore erabakigarriak izan dira garaipenerako».

Landarbaso Abesbatzako 40 lagunak larunbatean abiatu ziren Balira, eta ia bi eguneko bidaia izan zuten aurretik. Finalean, berriz, bost pieza interpretatu behar izan zuten hogei minutuko tartean. Lan horien artean, Jesus Guridiren Akerra ikusi degu eta Javier Bustoren Ametsetan zeuden.

Iñaki Tolaretxipiri egindako elkarrizketa argitaratu du gaur BERRIAk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.