Durangoko Azoka

Landakoko beiratetik at

Azokako egitaraua Landako gunetik harago ere antolatu dute, betiko lez. Edukiz lepo egongo dira Irudienea, Szenatokia, Saguganbara, Museoa, Ahotsenea, Kabi@ eta Talaia.

Gune bakoitzeko arduradunak, aurkezpenean. DURANGOKO AZOKA
Gune bakoitzeko arduradunak, aurkezpenean. DURANGOKO AZOKA
nerea intxausti
2024ko abenduaren 5a
05:00
Entzun

Landako guneko beiratetik kalea ikusten da, eta baita Ahotsenea, Plateruena eta Saguganbara ere. Baina beiratetik ikusten ez diren beste txoko batzuetan ere bada azokarik Durangon, eta baita sortzaileen askotariko diziplinak jasotzeko gune gehiago ere. Horiek dira Irudienea, Talaia, Kabi@, Museoa eta Szenatokia. Zortzi gunetan antolatutako ekitaldiek osatuko dute Durangoko Azoka.

Irudienea

Irudieneak euskarazko zinemagintza herritarren eskura jartzea du helburu. Sortzaileekin harremana izateko eta solastatzeko aukera ere izaten da proiekzioen ondoren.

Berrogei emanaldi bilduko ditu: egunero 10:30 eta 20:30 bitartean martxan egongo da pantaila handia. Fikziozko lanak, dokumentalak, animazioa, podcastak, emanaldiak, websailak, bideoklipak, film laburrak…

Haurrentzako hainbat lan izango dira; Irabazi arte telesailaren estreinaldia, adibidez. Zinemagile gazteen lanak ere izango dira ikusgai: Ane Berriotxoaren Nire amaren etxea eta Jone Arriolaren Hor konpon, besteak beste. Itoiz, udako sesioak dokumentalaren aurrerapen bideoa ere aurkeztuko dute egileek. Eta Sormen bekaren emaitza lehen aldiz ikusi ahal izango da: Marramiau taldeak Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz animazio telesaila aurkeztuko du.

Ostegunean, ikasleen goizean, bereziki haientzat antolatu dute egitaraua: Bideoklipa DA!, Eduki digitala euskaraz DA! eta euskal kultura ulertzeko bideoak programatu dituzte, Ikusgelaren eskutik.

Szenatokia

San Agustin kulturgunea Szenatokia bihurtuko da beste urte batez Durangoko Azokan, arte eszenikoez gozatu ahal izateko. Antzerki, dantza, bakarrizketa eta inprobisaziorako lekua izango da. Szenatokiaren helburu nagusia zera da, artistei oholtza eskaintzea, izan amateur, hasiberri edo erdi profesional, eszenan ibilbide luzea daramatenak ahaztu gabe.

Hamar konpainiak pieza laburrak taularatuko dituzte. Ostiralean abiatuko dira proposamenik indartsuenak. Esate baterako, Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai ariko dira, Ztandp binakako bakarrizketarekin.

Antzezlanak izango dira gainontzekoak. Antolatzaileek nabarmendu dute hainbat lanek zerikusia dutela sexualitatearekin eta genero gaiekin; esaterako, Las Paralelas konpainiaren Odola izeneko pieza, hilekoari buruzkoa, eta Libe Mendizabal eta Zaloa Zamarreñoren Ontziratuak lana.

Saguganbara

Haurrentzat eta familientzat elkargune berezia sortzen da Saguganbaran. Haiei begirako 25 aurkezpen eta ikuskizun atondu dituzte, eta irakurketa librerako gune lasai eta atsegin bat ere bai. Liburuak aurkezten izango dira Pello Añorga, Yolanda Arrieta, Amaia Egidazu, Miren Agur Meabe… Peru Magdalenak lo kanten inguruko lan bat dakar, eta, berritasun modura, gorren komunitatearen ohitura eta kultura ezagutzeko liburu bat aurkeztuko du Julian Rodriguezek. Porrotxek, Marimototsek, Virginia Garciak eta Leire Bilbaok ere liburu bat aurkeztuko dute: Zerua lapurtu dute.

Film emanaldi bat ere izango da Saguganbaran: Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz animazio telesaila, iazko sormen bekaren irabazleen emaitza, hain zuzen. Bestetik, ikuskizun bat egingo dute Potx eta Lotx pailazoek, Alaia Martin bertsolariarekin batera: Zapatekin arnas.

Museoa

Durangoko Museoan zenbait liburu aurkezpen egingo dituzte —Geure gorputzean eta etxean burujabe, Aiora Urbieta Eizagirreren eskutik, eta Talaia Feministaren I. dosierra aletuko dute, besteak beste—, baina mahai inguruen, topaketen eta solasaldien leku izango da.

Esaterako, Euskal Editoreen Elkarteak, Lit-Up proiektuaren barnean, mahai inguru bat antolatu du Hartzea, ematea DA! gaiaren inguruan, frisieraz, eslovenieraz eta katalanez idazten duten hiru idazle ezagunekin. Hizkuntza gutxituen gaia jorratuko dute.

Nestor Basterretxearen erakusketa bat ere egongo da ikusgai azaroaren 28tik aurrera Museoan. Eskultorea, margolaria eta zinemagilea izan zenari omenaldia egingo diote abenduaren 7an. Katrin Alberdi Egues arte ederretako doktoreak hari buruzko solasaldia egingo du.

Ahotsenea

Ahotsenea sortzaileen gunea da. 50 liburu eta 34 musika lan aurkeztuko dituzte. Belaunaldi ezberdinetako artistak tartekatuko dituzte egitarauan. Horietako batzuk dira Txopet, Xsakara eta TOC, baita Mikel Urdangarin eta Kokein ere. Azken horrek iragan mende amaieran abiatu zuen musika ibilbidea, eta Txopetek, adibidez, iaz aurkeztu zuen lehen diskoa azokan. Euren liburuak aurkezten izango dira, besteak beste, Yolanda Arrieta, Ane Labaka, Leire Vargas…

Musikarien artean, aurreko urteetan baino emakume gehiago egongo da —taldeen erdietan gutxienez emakume bat egongo da—; halere, zehaztu dute «oraindik»  gizonak direla gehienak musikarien artean.

Arabako, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko sortzaileen partaidetza handiagoa izango da, lurraldetasunaren oreka lortu nahian.

Kabi@

Eremu digitalean sortzen diren egitasmoak ezagutzeko eta horiekin esperimentatzeko plaza da Kabi@. Adimen artifiziala, software librea, digitalizazioaren inguruko hausnarketa kritikoak eta horietan guztietan euskararen erabilera indartzeko tresnak ezagutu ahal izango dira.

Tailerrak, jokoak eta solasaldiak ere egongo dira Kabi@n. Adibidez, Game Erauntsiak eta Rolariak taldeek topaketa egingo dute, eta aukera egongo da bideojokoetan eta rol jokoetan euskaraz aritzeko. Appa Hi! aplikazioa ere aurkeztuko dute Aintzane Agirrebeñak eta Idoia Etxeberriak, hitanoaren erabilera sustatzeko asmoz. Hausnarketei leku emateko, Elhuyar fundazioak eztabaida bat antolatuko du adimen artifizialaren aukera eta arriskuen inguruan.

Talaia

Landako guneko joan-etorri bizien artean, geldialdi bat egiteko aukera ematen du Talaia guneak, eta liburu aurkezpenetan eta mahai inguruetan parte hartzeko. Adibidez, Euskaraldiko kantua Durangoko Azokako gune horretan ezagutaraziko dute. Urtero lez, solasaldia egingo dute Euskadi literatura saridunekin ere. Gainera, EITBrekin lankidetzan sortu den BaDA!bil bideopodcastaren azken saioa bertan grabatuko dute, jendaurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.